NAIZ

Feminizidioaren salaketari saria, emakumeen hutsunea nabarmendu duen Cesar sarietan

Estatu frantseseko feminizio kasu baten ikerketa konplexua darama pantaila handira ‘La Nuit du 12’ filmak, Cesar sarien 48. edizioan garaile suertatu denak. Sari-emate ekitaldian, zuzendari onenaren sarirako izendatuen artean emakumerik ez egotea salatu dute hainbat ahotsek.

‘La Nuit du 12’ filmeko lantaldea, Dominik Moll zuzendariaren inguruan.
‘La Nuit du 12’ filmeko lantaldea, Dominik Moll zuzendariaren inguruan. (Emmanuel DUNAND | AFP)

‘La Nuit du 12’ filma izan da Cesar sarien 48. edizioko garaile nagusia. Dominik Mollenen filmak sei sari eskuratu ditu, zuzendari onenaren saria barne. Bastien Bouillon eta Bouli Lanners bigarren mailako aktore onenaren saria jaso dute, neska gazte baten hilketa konplexua argitzen saiatzen diren ikertzaileen paperengatik.

Filma Estatu frantseseko Savoia departamenduko Saint-Jean-de-Maurienne-n gertatu zen feminizio batean dago oinarritua. Euren hitzetan dagoen misoginiaz ohartzen ez diren pertsonaiak eta polizian nagusi den matxismoa salatzen ditu filmak.

Interpretazioko sari nagusiak Benoît Magimelek eta Virginie Efirak eraman dituzte. Lehenak bigarren aldiz eskuratu du saria, ‘Pacification - Torment on the Islands’ filmean egindako lanagatik, eta antzezle franko-belgiarrak, aldiz, Alice Winocour-en ‘Revoir Paris’ lanagatik.

Hamaika izendapenekin, sari gehien eskuratzeko hautagai nagusia zen ‘The Innocent’ izan da galako «galtzaile» nagusia. Louis Garrelen filmak sari bakarra eskuratu du, gidoi onenarena.

Dominik Moll-ek bigaren aldiz irabazi du zuzendari onenaren saria; orain 22 urte, ‘Harry a friend that you well wants you’ filmagatik eskuratu zuen lehena. Filma egiterako orduan «benetako Clara-rengan, filmaren atzean dagoen aferaren benetako biktimarengan» pentsatu zuela azaldu du. ‘La Nuit du 12’-ren garaipenak eta honen atzean dagoen «mezu feministak», ordea, ez dute estali zuzendari onenaren garaikurrerako hautagaien artean emakumezko zuzendaririk ez izatea. Film onenerako izendatuen kasuan, bakarra (Valéria Bruni Tedeschi). 

Noemie Merlant: «Faltan botatzen ditut»

Caroline Benjok, film irabazlearen ekoizleetako batek, eraman du gaia oholtzara: «Biba emakumeak eta borroka honetan bat egiten duten gizonezkoak», oihukatu du. Emakume zinemagileekiko eskertza egin du, bere aldetik, Virginie Efirak, bere Cesar saria Alice Winocour zuzendariari eskainiz, baita izendapenetatik kanpo geratu den Rebecca Zlotowski-ri ere (‘Besteen seme-alabak’). ‘

«Ez gaude hemen tarte baterako, ez gara moda bat!», ziurtatu du bere aldetik Alice Diop zinemagileak, ‘Saint Omer’ lanagatik lehen film onenaren saria eskuratu duena. 

«Faltan botatzen ditut», egin du gogoeta Noemie Merlantek, ‘The Innocen’ filmagatik bigarren mailako emakumezko antzezle onenaren saria jaso duen emakumeak.

Gaur egun, Tonie Marshall da, ‘Venus Beauty (institute)’ (2000) filmagatik, zuzendari onenaren Cesar saria jaso zuen emakumezko zinemagile bakarra.

David Fincher, ohorezko Cesar saria

Ohorezko Cesar saria David Fincherrez (‘Seven’, ‘The Fight Club’) jaso du, Brad Pitt antzezle estatubatuarraren eskuetatik. «Frantziako zinema kultura eskertzen du, zinemaren aldeko konpromisoa», esan du.

Ukrainako gerra izan du gogoan, aldiz, Louis Garrelek: «Urtebete daramate tragedia bat bizitzen gerra zoro eta kriminal batengatik». Eta Iran, Golshifteh Farahanik: «Erregimenaren edo Iraneko herriaren artean hautatu behar dugu», esan du.

Ekologismoak ere izan du bere lekua oholtzan. Ekitaldiaren hasieran, Last Renovation kolektiboaren izenean, klimaren aldeko ekintzaile bat igo da oholtzara: ‘761 egun geratzen zaizkigu’ lemadun kamiseta soinean, ekitaldiaren hasiera laburki eten du, baina sekuentzia hau ez da Canal+en (bertan eman dira Cesar sariak) emititu.