Jon Ormazabal

Hamalau astetako lana karta bakarrera (edo bira) jokatu beharra

Asteburu honetan erabakiko dira Binakako Txapelketako finalerdietarako azken bi txartelak EPELek aurten ezarritako sistema berriarekin. Pilotarien egoera fisikoak inoiz baino zalantza gehiago pizten ditu, bi bikotek 48 ordutan bi partida jokatu beharko dituztelako.

Zornotzako irabazleak zuzenean lortuko du finalerdietarako txartela.
Zornotzako irabazleak zuzenean lortuko du finalerdietarako txartela. (Jon URBE/FOKU)

Pilotariek egindako eskaera batek eraman zituen EPELeko ordezkariak asteburu honetan lehen aldiz erabiliko den play-off sistema martxan jartzera. Kirolariak kexu ziren, hamalau astetako lanaren ondoren, hirugarren edo seigarren sailkatzeak inolako abantailarik ez izatea ez zela justua eta eskaera arrazoikotzat jota, enpresek formula berri bat jarri zuten martxan, zeinaren arabera, hirugarren eta laugarren postuetan sailkatutako bikoteek aukera bikoitz izango duten finalerdietan sartzeko. Lehenengo euren artean jokatuko dute eta irabazleak zuzenean lortuko du hurrengo faserako txartela eta galtzaileek bigarren aurkera bat izango dute, bostgarren eta seigarren bikoteen arteko garaileen kontra.

Sutan jartzean probatzen omen da nolakoa den eltzea eta lehen aldi honek sistema berri honen onurak eta gabeziak ikustaraziko ditu. Alde batetik, 14 asteetan zehar egindako lan onak sari bat izateak normala dirudi eta, alde horretatik, ostiralean Peio Etxeberria-Rezustak eta Laso-Imazek izango duten aukerari ezin zaio inolako bainarik ipini. Jartzekotan, aurten sailkapeneko erdiko zatia osatu duten lau bikoteen artean berdintasun handia egon dela eta lau bikoteak puntu bakarraren aldean egon direla, baina iaz esaterako, hirugarren izan ziren Irribarria-Rezusta eta Ezkurdia-Tolosaren arteko zuloa lau garaipenetakoa izan zen eta zentzuzkoa dirudi, bederatzi garaipen lortu dituen bikoteak bost baino lortu ez dituenaren aurrean abantailaren bat izateak.

Kontua da, play off honetara heldu diren lau bikoteen egoera fisikoari erreparatuta, horren denbora gutxian horrenbesteko garrantziko bi partida jokatu beharra izateak zenbait zalantza ere sor ditzakeela. Zornotzan eta Zumaia, ostiralean, eta Bilbon, igandean, gurutzatuko diren 8 pilotarien artetik erdiek, -Urrutikoetxeak, Peio Etxeberriak, Ander Imazek eta Mariezkurrenak– zenbait partida utzi dituzte jokatu gabe azken asteetan eta lau horietatik Berriozarreko atzelariak baino ez zuen jokatu azken jardunaldian, baina Labriten zalantza handiak utzita.

Biderik motzena, Zornotzatik

Baina, zalantzak zalantza, finalerdietarako biderik motzena Zornotzako pilotalekutik pasako da. Bertan Peio Etxeberria-Rezustak eta Laso-Imazek jokatuko dute eta 22ra heltzen denak finalerdietan txoko bat gordeta izango du. Ligaxkan bi partidak Aspeko bikoteak irabazi zituen, 18-22 Tolosan lehen itzulian eta 17-22 bigarrenean Iruñean, baina azken honetan Irribarriak Peio Etxeberriaren lekua hartu zuen eta Eskirozek Ander Imazena. Bi bikoteek bolada txarrak pasa dituzte azken asteetan, baina azken jardunaldian irabaztetik datoz, nahiz eta bietan ordezko pilotariekin aritu.

Ordu berean, Zumaian, Baikoko beste bi bikotek jokatuko dute elkarren artean, bidearen erdia egiteko; Urrutikoetxea-Albisuk eta Peña-Mariezkurrenak. Kasu honetan bi partidetan Aitzurin izango diren lau protagonistek jokatu zituzten ligaxkako bi aurrekariak eta bikote bakoitzak garaipen bana eskuratu zuen, gazteenek 15-22 lehen jardunaldian Tolosan eta 8.ean 22-17 Zaratamokoak eta ataundarrak. Beteranoenek segurtasun gehiago bezala ematen dute, baina gazteek erakutsi dute, egun zuzena izanda, edonor gainetik pasatzeko ahala dutela.

Zornotzako galtzaileek eta Zumaiako irabazleek igandean elkarren aurka jokatu beharko dute Bilbon, finalerdietarako azken txartelaren bila.