Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Emakumeen aldeko apustua egin du EH Bilduk Donostiako eta Gipuzkoako zerrendetan

Olaia Duarte proposatu dute EH Bilduren Donostiako Udalerako zerrendan bigarren izateko. Gipuzkoako Batzarretako barruti guztietan emakumeak izango dira buru: Maddalen Iriarte (Donostialdea), Estitxu Elduaien (Deba-Urola), Itziar Ostolaza (Bidasoa-Oiartzun) eta Laida Begiristain (Oria).

Olaia Duarte, artxiboko irudi batean.
Olaia Duarte, artxiboko irudi batean. (EH Bildu | Europa Press)

Olaia Duarte izango da Juan Karlos Izagirre buru duen EH Bilduk Donostiako Udalerako zerrendako bigarrena formazioaren militantziak hauteskunde batzordearen proposamena berresten badu. Datozen egunotan izango dute militanteek bere iritzia plazaratzeko aukera.

Duarte zinegotzia izan da Donostiako Udalean azken agintaldian. Gizarte alorrean aditua da eta Gipuzkoako hiriburuak azken urteotan etxebizitzaren gaian duen arazoa arreta bereziarekin jarraitu du.

Hirugarren posturako Javi Vitoria proposatu du EH Bilduren hauteskunde batzordeak. Izagirre alkate zenean Udaleko Ogasun arduradun izan zen Vitoria. Presoen aldarrikapenen defentsan ere eskarmentu handia dauka.

Laugarren eta bosgarren posturako egun zinegotzi diren bi izen proposatzen dira, Garbiñe Alkiza eta Ricardo Burutaran.

Seigarren posturako ere egun zinegotzia den Markel Ormazabal aurkeztu du hauteskunde batzordeak. Postu honetarako bere burua aurkeztu du Zigor Etxaburuak. Gipuzkoako Aldundiko Euskara zuzendari izan da Etxeburua eta azken agintaldian zinegotzia izan da ere. Beraz, EH Bilduren militantziak bi izen-abizen hauen artean hautatu beharko du.

Hauteskunde batzordeak Donostiako zerrendarako proposatu dituen hurrengo izenak hauek dira: Itziar Iturri (7), Izar Hernando (8), Sandra Barrenetxea (9), Jose Angel Apaolaza (10), Xubane Uribarrena (11), Malen Dominguez (12), Javi Montes (13), Iñigo Etxezarreta (14), Lur Gallastegi (15), Aitziber Iartza (16), Mikel Osinalde (17), Pilar Carrere (18), Asier Iriondo (19), Garazi Urrusolo (20), Agus Rodriguez (21), Pilar Arratibel (22), Joxean Eguilegor (23), Amaia Aranburu (24), Gaizka Izagirre (25), June Iartza (26) eta Rafa Diez (27).

Ordezko bezala Kontxi Aldalur (1), Eñaut Jaka (2) eta Koldo Oliden (3) proposatzen dira.

Lau emakume, Gipuzkoa lau barrutietan

Gipuzkoako Batzar Nagusietako zerrendei dagokienean, lau emakume izango dira lau barrutietako buru. Ahaldun Nagusirako hautagaia den Maddalen Iriarte Donostialdeko barrutiko burua izanen da. Berarekin batera Estitxu Elduaien izango da lehena Deba-Urola barrutian, Itziar Ostolaza Bidasoa-Oiartzunen eta Laida Begiristain Orian.

Honekin batera, Donostialdeko barrutian Luix Barinagarrementeria abokatua izango da zerrendaren bigarren postuan.

Deba-Urolan, berriz, Aitor Irure izango da zerrendan bigarren.