Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional

Ukrainatik harago: Afrika eta Ekialde Hurbileko gerra zerrenda ahaztua

Urtebete daramagu Ukrainako gerrak astinduta eta luze jo dezakeela dirudi urteurren honetan. Badira, ordea, beste zenbait gerra; batzuk odoltsuagoak (Etiopiakoa, kasu), luzeagoak (Kongo), ahaztuak (palestinar eta saharar herriak pairatzen ari direnak) edo lurrikarak gogora ekarri diguna (Siria).

Gosea jendearen aurpegietan, Jerson hirian, Ukrainan, errusiarrek alde egin ostean.
Gosea jendearen aurpegietan, Jerson hirian, Ukrainan, errusiarrek alde egin ostean. (Bulent KILIC | AFP)

Errusia Ukraina inbaditzen hasi zeneko lehen urteurrena atzo bete zela eta, bidezkoa da munduan aspaldi beste gerra batzuk daudela eta sufrimendua eragiten dutela gogoratzea. Azken urtebetean arreta politiko eta mediatiko globala hartu du Ukrainako gerrak, batez ere Mendebaldean, eta ez arrazoirik gabe. Inoiz ez genuen pentsatuko I. edo II. Mundu Gerraren irudi izugarriak Europan errepikatuko zirenik, ikusten -eta pairatzen- ari diren ondorioekin.

Baina mundua ez da Europan edo Mendebaldean agortzen, eta Ukrainako gerraren itzalean, dozenaka milioi pertsona bizi dira -kasu askotan, baldintza ikaragarrietan irauten dute bizirik- Errusia moduko potentzia nuklear bat bete-betean inplikatzen ez duten baina eragin basatia duten beste gatazka batzuen mende.

Kiel institutuak bildu dituen datuen arabera, Mendebaldeko herrialdeek 100.000 milioi euro baino gehiagoko dirulaguntza, militarra eta humanitarioa, eman zioten Ukrainari iaz, eta Europar Batasunak ateak ireki dizkie herrialde horretatik datozen errefuxiatuei. Beste gatazka batzuei eta horiek bultzatuta ihes egiten dutenei eskaini izan zaien arreta eskasa kontuan hartuta, kontrastea izugarria da. Nahiz eta ulergarria den europarrok ukrainarren ezbeharra gertuagokoa ikustea, bere garaian bosniarrena ikusi genuen bezala (musulman batentzat beste musulman batzuen tragedia gertuagokoa den moduan).

Ukrainako gerraren pisuak hainbat modutan eragiten du beste gerra batzuetan. Lehenik, mugagabea ez den arreta politiko eta mediatikoa gutxituz. Hegoaldean, batez ere Afrikan eta Ekialde Hurbilean, frustrazioa da nagusi Mendebaldeak Ukrainarekiko duen jarrera ikusita. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, Errusiaren eta Ukrainaren -hots, Mendebaldearen- arteko gatazkak areagotu duen hornidura krisialdiaren eraginez, bizitzaren kostua izugarri igo da mundu osoan. Baina gure artean horrek erosketa saskia garestitzea suposatzen badu, herrialde txirotuenetan, bereziki gerrak pairatzen dituztenetan, hil ala biziko kontua da; jatekorik izan ala ez, alegia. Somaliaren kasua da. Jakien %90 kanpotik erosten duen herrialdean gosetea izugarria da.

Beste krisi batzuk okerrago

Hori gutxi ez, eta Ukrainako gatazkan potentzien arteko harremanak gaiztotzeak beste krisi batzuk areagotu ditzake; esate baterako, Sirian edo Sahelen, non Errusiak gero eta zeresan handiagoa duen.

Ekialde Hurbileko eskualdeak pairatzen duen gatazkari ez dio inolako mesederik egin Ukrainako gerrak. Egun Siriak pairatzen duen gosetea 2011n sufritu zuenarekin alderatu daiteke, eta orduan lehorteak eragindako gosea eta pobrezia izan ziren urte hartako matxinadaren arrazoi ezkutu nagusietakoak. Matxinada oraindik ere irauten duen gerra bihurtu zuten Damaskoko erregimenaren errepresioak eta Turkiak eta Persiar Golkoko erregimenek jihadistei bideratutako laguntzak.

Errusia buru belarri sartu zen Siriako gerran Damaskoren alde, eta Bashar al-Assaden gobernua Moskuren eta Teheranen mendekoa da orain, horiei zor dielako bizirik irautea.

Sahelen, Errusiak estatu-kolpeak bultzatu ditu Malin eta Burkina Fason, jihadismoaren eragina dela eta, herritarrek Frantziako armadarekiko duten mesfidantza -kolonialismoaren oroimenak elikatutakoa- profitatuz. Wagner mertzenario errusiarren taldea jaun eta jabe da bertan eta, errepresioan laguntzearen truke, meategien ustiaketa bereganatzen ari da.

Zabal dezagun, beraz, fokua, Ukrainakoaz gain mundua astintzen duten gatazka esanguratsuenak aztertzeko.

Etiopia

Addis Abbebako Gobernuaren eta Tigray Herriaren Askapenerako Frontearen (TPLF) arteko gerrak 600.000 hildako inguru eragin ditu, zibilen artean, bi urtetan. Milioika pertsonak alde egin behar izan dute beren etxeetatik.

Ez da erraza datu zehatzak izatea, baina esan daiteke Etiopiako guda XXI. mendeko orain arteko odoltsuena dela. Esaterako, Sirian 10 urtean (2011/2021) 307.000 hildako zenbatu ziren, NBEren datuen arabera. Yemenen hildakoak 377.000 izan dira sei urtetan. Ukrainan, aldiz, 7.000tik gora da hildako zibilen kopurua (hori bai, AEBetako iturri militarren arabera, 200.000 soldadu ukrainar eta errusiar hil dira).

Laguntza humanitarioa, Al Haijan, Etiopian. (Eduardo SOTERAS / AFP)

Etiopian ere 100.000 edo 200.000 lirateke hildako soldadu eta milizianoak, baina hildako 600.000 zibilen artean gehienak, %60, goseak jota hil dira (laguntza medikuaren eta botiken faltagatik %30 eta zuzeneko bonbardaketengatik %10).

Addis Abbebak blokeo izugarria ezarri zion Tigrayri, ordura arte behar zituen jakien ia %99 ekoizten zuen eskualdeari. Ez zen ezer iristen, argindarretik hasita ongarrietaraino, diabetikoentzako intsulina, antibiotikoak eta txertoak ahaztu gabe. Etiopian heriotza tasa 1990ekoaren pare erori zen bat-batean.

Bi aldeek su-eten iraunkorra sinatu zuten azaroaren hasieran. Azken asteetan, ordea, liskar kezkagarriak izan dira herrialdeko beste eskualde batean, Oromian.

Gerra 2020ko azaroaren hasieran piztu zen, TPLFk Mekelen hainbat base militarri eraso ondoren. Aurretik, tigrayar buruzagiek Gobernu federalari desafio egin zioten, baimenik gabe eskualdeko hauteskundeak antolatuta. 2018an Abiy Ahmed lehen ministroa agintera iritsi zenetik, tentsioak gora egin du. TPLF nagusi izan zen Etiopiako eszena politikoan hiru hamarkadatan, eta Ahmedek egindako erreformen ondorioz eragina galtzen ari zela ikusi zuen.

Su-eten berriak itxaropena sortu du. Hala ere, iparraldean su-etena egon daiteke, baina tigrayarren, oromoarren edo beste eskualde batzuetako herrien arteko lehia hor dago, federalistak ahaztu gabe. Identitate nazionala eraikitzeko benetako arazoa dago.

Tigrayn bakea mantentzeko zalantzetako bat Eritrearen jarrera da, haren indarrak gatazkan inplikatu baitira. TPLFko bozeramaileek Eritreako militarrei leporatu diete lurraldea suntsitzen jarraitzea.

Tigrayko gerra oraingoz itzaltzen ari den bitartean, sua pizten ari da Oromian. Oromia Etiopiako eskualde handiena da. Duela aste batzuetatik hona tentsioak eta gatazkak hazten ari dira oromo etniaren -herrialdeko jendetsuena, ordezkaritza eskasa duelako aspaldiko kexa duena- eta amhararren artean -bigarrena-. Zaila da gertatzen ari denari buruzko datu zehatzak lortzea, baina Etiopiako Giza Eskubideen Batzordeak dio ehunka hildako eta 100.000 desplazatu daudela oromoarren, amhararren eta gobernuaren indarren arteko borroken ondorioz. Desegonkortze-arrisku handia dago.

Iparraldeko gerrako bi urteak gogorrak izan dira herrialde osorako. Prezioen igoera izugarria izan da; mundu osoan gertatu da, baina Etiopian dramatikoa izan da. Horri mugikortasunaren arazoa gehitu behar zaio, oso zaila baitzen hiri batetik bestera joatea. Hirugarren inpaktua, oraindik irauten duena, beldurra da. Talde etnikoen arteko tentsioak gatazka orokor batera eraman dezake herrialdea.

Yemen

Iazko apirilean sinatu zuten su-etena bi aldiz berretsi dute Saudi Arabian erbestean dagoen Gobernuak eta huthi matxinatuek, 2014an gerra piztu zenetik barealdirik luzeena ahalbidetuz, baina akordioa urrian amaitu zen eta ez da berritu, munduko krisi humanitario nagusia pairatzen ari den arabiar munduko herrialderik txiroenaren etorkizun zaila zalantzan jarrita.

Izan ere, 30 milioi herritarretatik 23 bat milioik laguntza behar dute bizirik irauteko, NBEren datuen arabera. 400.000 hildakoetatik, %60 goseagatik edo edateko urik edo laguntza medikorik ez izateagatik zendu dira.

Su-etenaren amaieraren ostean ez da gerra erabat berpiztu, baina iazko azaroaren erdialdean huthien matxinoek, iparraldean gotorlekua duen eta Iranek babesten duen taldekoek, eraso zioten Taizen gobernuaren egoitza militar bati, herrialdearen hego-mendebaldeko hirian. Egun batzuk geroago, huthiek Gobernuaren kontrolpeko eta Saudi Arabiak babestutako petrolio-terminal bati eraso zioten. Banku Zentralak aktiboak izozteko neurriekin eta erregaia iparraldera esportatzen duten erakundeei debekua ezarriz erantzun du. Zigorrek tentsioa areagotu dezakete.

Bi aldeek hitz egiten jarraitzen dute, baina egoera ez da egonkorra. Huthiek -bere burua zaydi gutxiengo xiiaren defendatzaile gisa aurkezten duen talde politiko-militarra- ez dute kontzesioak egiteko gogo handirik agertu. Lurralde txikiagoa dute kontrolpean, baina jendetsuena da, eta Mendebaldearen eta Saudi Arabiaren esku-hartzearen etsai amorratuak dira.

Bitartean, Ryad eta Arabiar Emirerri Batuak (EAU) murrizten ari dira herrialdean duten inplikazioa. AEBak ere gerratik aldendu dira eta Washingtonen eta Riaden arteko harremanak bereziki hotzak dira garai honetan.

Siria

Siriako liskar armatuak, duela urte batzuk pairatu zituenekin alderatuta, asko murriztu dira, baina herrialdea baketzetik oso urrun dago. Azken asteetan gertatu diren bonbardaketek erakutsi duten moduan.

Turkiaren, Israelen eta Errusiaren aireko bonbardaketek gogora ekartzen dute konpondu gabeko gatazka bat dela, sakonki nazioartekotua.

Turkiako indar armatuak kurduak gehiengo diren Siriako eta Irakeko hainbat eremu bonbardatzen ari dira azarotik, Istanbulen izandako atentatu baten mendeku gisa. PKK kurduen gerrillak atentatuarekin zerikusia izatea ukatu duen arren.

Hauteskundeen atarian, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen asmoa Siriako Kurdistango 30 kilometroko zabalerako segurtasun-eremua okupatzea da, duela urte batzuk Afrin kantoiarekin egin zuen bezala. Ameriketako Estatu Batuen aliatuak diren eta Estatu Islamikoa garaitu zuten Herri Babeserako Unitateak, milizia kurduak, lurralde horretatik kanporatu nahi ditu. Lurralde horretan dago Qamishli hiria.

Gerrillari kurduak bere garaian Estatu Islamikoaren hiriburu izandako Raqa hirian patruilan. (Delil SOULEIMAN / AFP)

Horrez gainera, Israelgo indarrek maiz erasotzen diete Iranen agindupean gerran parte hartzen ari diren taldeei. Teheran Bachar al-Assad presidentearen babesle nagusietako bat da. Israelgo buruzagitzak ez ditu orain arte erasoak aldarrikatu, baina duela zenbait aste bere gain hartu zuen Irakeko mugan arma kargamentu baten aurka egindako erasoa.

Era berean, Siriako erregimenak eta bere aliatu errusiarrek aldiro jotzen dute matxinoen esku dagoen Idlib eremuaren kontra, non nazioarteko laguntzarekin bakarrik bizirik iraun dezaketen lau milioi pertsona inguru bizi diren. Hain zuzen ere, duela bi asteko lurrikara izugarriak eskualde hori astindu zuen.

AEBek ere noizbehinkako erasoak egiten dituzte jihadisten kontra edo Iranekin aliatutako milizia xiien aurka.

Gatazkaren nazioarteko dimentsioak hor jarraitzen du, milioika herritarren sufrimenduak bezala. NBEren kalkuluen arabera, 15 milioi pertsonek behar dute laguntza humanitarioa, biztanleriaren erdiak baino gehiagok. Hamabi bat milioik zailtasunak dituzte elikagaiak eskuratzeko. Azken asteotan, Siriako Estatuak benetan eskasak diren erregaiak eskuratzeko dirulaguntzak kendu ditu. Hori dela eta, siriar askok hotza eta mugitzeko zailtasun handiak dituzte.

Kongo

Duela hamarkada batzuetatik hona nazioarteko interesek bultzatuta Kongoko ekialdea astintzen ari den gatazka izugarriak berragertze-zantzu kezkagarriak eman zituen iaz. NBEk M23 gerrillak gutxienez 130 zibil exekutatu dituela salatu du duela gutxi. Milizia tutsiak Ruandaren babesa du. Liskarrak berriro piztu ziren iazko martxoan, eta urtean zehar M23ak hainbat herri konkistatu ditu Ruanda eta Ugandako mugetatik gertu. Indarkeriak ehunka mila desplazatu eragin ditu.

Kongoko gerratik ihes egindako talde bat, egurra eramaten, Virunga parke nazionalean. (Guerchom NDEBO / AFP)

Kongoarrek nazioarteko komunitatearen neurri bikoitza salatu izan dute. Kongoko Errepublika Demokratikoak (RDC) beste herrialde baten, Ruandaren, erasoa jasan du, Ameriketako Estatu Batuek eta Europar Batasunak onartu duten bezala. Hala eta guztiz ere, Mendebaldeak Ruandari laguntzen jarraitzen du.

Jendea haserre dago NBErekin eta Mendebaldearekin eta, etsipen horrek, Ukrainako gerran, Errusiaren eta Vladimir Putinen alde egitera bultzatu ditu batzuk.

Sahel eskualdea

Sahel eskualdea ezegonkortasun kezkagarrian murgilduta dago oraindik ere. Iazko gertakari nagusia duela hamarkada Frantziatik iritsitako militarrek Malitik alde egin izana izan da, tuaregen matxinadak eta, hori baliatuz, jihadistek egindako erasoak argi gorri guztiak piztu zituztenean. Europako gainerako soldaduak ere frantziarren atzera bidea hartzekotan dira.

Bien bitartean, talde jihadistek bereari eusten diote, eta gatazka eskualde mailakoa da gaur egun. Maliz gain, Burkina Fasok eta Nigerrek jasan dute orain arte 50.000 hildako eta 3,5 milioi errefuxiatu eta desplazatu eragin dituen krisiaren eragin handiena. Mehatxu jihadista hedatu egin da, eta gero eta kezkatuago daude kostaldeko herrialdeak.

Sahel eskualdean ezegonkortasuna kezkagarria da (AFP)

Zerrenda, ordea, ez da tamalez herrialde hauetan amaitzen. Afrikako iparraldean, Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko gerra piztu da, Rabatek su-etena hautsi zuelako, sahararrek armak berreskuratzea erabaki ondoren. Palestinan ere ez da giro eta azken hilabeteetan hildako asko -gehienak, palestinarrak- eragin ditu Israelek bere handinahiarekin birsortutako krisiak.

Hego Sudan, Myanmar

Hego Sudanen, indarkeria berriak milaka desplazaturen enegarren oldea eragin zuen iazko abenduan, baita Somalian ere, non Gobernuaren indarren eta Al Shabaab talde jihadistaren arteko borrokek jarraitzen duten; Myanmarren bi urte bete ditu gerra suspertu duen estatu-kolpe militarrak. Mundu erabat gatazkatsu baten pasarte batzuk baino ez dira.

2021. urtea 90 milioi errefuxiatu eta desplazaturekin amaitu zen, ACNURen datuen arabera. Iheslarientzako Nazio Batuen Erakundeko Goi Mandatariak uste du 100 milioi baino gehiago izan direla iazko zenbaketan.

Beraz, ikus daitekeen moduan, Ukrainakoa izugarrizko krisia da, baina ez da bakarra.