NAIZ

Gasteizko gazte batek salatu du ez dutela jatetxe batean lanerako hartu beloa janzteagatik

Gasteizko gazte batek TikTok sare sozialaren bidez zabaldu du jatetxe batean ez dutela lanerako hartu beloa kentzeari uko egin izanagatik. Jatetxeko jabeak El Correori adierazi dio ez zuela neska kontratatu «ez zuelako lanposturako balio, ez zen zapiagatik izan».

Gasteizko gazte batek TikTok bidez salatu du ez dutela jatetxe batean lanerako hartu beloa janzteagatik.
Gasteizko gazte batek TikTok bidez salatu du ez dutela jatetxe batean lanerako hartu beloa janzteagatik. (TikTok)

«Buruan trapu hori jarrita ezin duzu nire jatetxean lanik egin», jatetxe bateko jabeak honakoa bota ziola salatu du Gasteizko neska batek, lortu nahi zuen lanpostura beloa jantzita agertu zenean. TikTok sare sozialaren bidez zabaldutako bideo batean eman du gazteak jazotakoaren berri. Jatetxeko jabeak ‘El Correo’ri egindako adierazpenetan neska beloa eramateagatik kontratatu ez izana ukatu du, azalduz ez zuela lanposturako balio.

Gazteak bideoan azaldu duenez, lagun baten bidez izan zuen lanpostuaren berri eta abenduan jazo eta zabaldu zuen jazotakoa. Jatetxeko jabearekin hitz egin eta hurrengo egunean probatzera joatekotan geratu ziren. Lanaldia bukatutakoan ezagutu zuen nagusia eta, neskak salatu duenez, honakoa galdetu zion: «Buruan trapu hori jantzita lan egin duzu?». Jatetxeko jabeak horrelakorik bota izana ukatu du, eta adierazi du neska ez zuela kontratatu ez zitzaiolako lanposturako egokia iruditu.

Gasteizko gaztearen arabera, ordea, nagusiak esan zion jatetxearen estetika apurtzen zuela buruan zapia jantzita, gainontzekoak baserritarrez jantzita eta ilea solte egiten zutelako lan. «Sukaldean edo garbiketan balitz, tira, baina ezin zaituzte bezeroek horrekin ikusi», esan omen zion nagusiak. «Esan zidan ez nezala pentsatu arrazista zenik, jende kanpotar asko zeukala lanean eta NBEa ematen zuela», adierazi du neskak. Azaldu du negarrez irten zela jatetxetik eta beti egin izan duela lan beloa jantzita. Lan egitea pertsona izateagatik duen eskubidea dela azpimarratuz bukatu du bideoa.

Jatetxeko jabeak neskak adierazitakoa ukatu badu ere, erreakzio ugari piztu ditu sare sozialetan. Besteak beste, EH Bilduren Gasteizko alkatetzarako hautagaiak, Rocio Viterok, babesa adierazi dio gazteari Twitter bidez.