NAIZ

Athletic Sancet eta Simon gabe, baina Yuri eta De Marcosekin Bartzelonaren aurka jokatzeko

Athleticek ez du lantegi erraza izango igande honetan, Xavi Hernandezen Bartzelona ahaltsuaren aurka jokatuko baitu (21.00). Valverderen taldeak ez du irabazterik lortu azken hiru partidetan, eta Europako trenera igo nahi badu, emaitza on bat lortu beharko du.

Yuri Berchice Berenger besarkatzen Gironaren aurkako partidan.
Yuri Berchice Berenger besarkatzen Gironaren aurkako partidan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Athleticek ez du lantegi erraza izango igande honetan: Xavi Hernandezen Bartzelona ahaltsuaren aurka jokatuko baitu (21.00). Zuri-gorriek San Mamesera hurbilduko diren zaleen hauspoa baliatuko dute hiru puntuak eskuratzeko. Ernesto Valverderen taldeak ez du irabazterik lortu azken hiru partidetan –Rayo Vallecanoren aurka hutsean berdindu zuen, eta Gironaren (2-3) eta Atletico Madrilen aurka (1-0) galdu zuen–. Beraz, zuri-gorriek Europaren trenera igo nahi badute, bihar emaitza on bat lortu beharko dute, berriro ere, txapelketa kontinentaleko postuen lehia betean egoteko.

Valverdek Oscar de Marcos eta Yuri Berchiche hamaikakoan ipini ohi dituen hegaleko bi atzelariak berreskuratu ditu, azken asteetako entrenamendu saioetan minduta egon ostean. Zarautzekoak min hartu zuen orkatilan joan den igandean Rayo Vallecanoren aurkako partidan, neurketa osoa jokatu bazuen ere.

Guardiakoak ere pasa den igandeko neurketa jokatu zuen, Lekuek min hartu zuenean zelairatu baitzen, baina astean zehar osteguneko entrenamendua ez zuen amaitzerik izan, oraindik ere guztiz osatuta ez zegoelako. Biek ala biek, baina, herenegun taldearekin osatu zuten entrenamendu saioa, eta igandean jokatzeko moduan egongo dira.

Yuri eta De Marcos osatuta egotea berri ona da Athleticeko teknikariarentzat, kontuan hartuta Iñigo Lekuek min hartu duela. Klubak gaur jakinarazi du lesio muskular larria duela eskuineko hankan.

Berri onak dauden moduan, txarrak ere badira zuri-gorrientzat: Oihan Sancetek ezingo du jokatu Bartzelonaren aurka, Rayo Vallecanoren aurkako partidan txartel gorria atera ziolako epaileak, eta, beraz, partida bateko zigorra bete beharko du. Valverderen hamaikakoan jada ohikoa bilakatu den jokalariaren falta sumatuko du taldeak, are gehiago, Kataluniako taldea bezalako aurkari batean aurka.

Unai Simon atezainak ere ez du jokatuko, Ernesto Valverdek iragarri duen moduan, oraindik ez duelako ondo Akilesen zaina, eta gutxienez biharko neurketa ere galduko du. Julen Agirrezabalak jokatuko du haren ordez atepean. Ander Herrerak eta Jon Morcillo ere ez dira ariko, lesionatuta jarraitzen dutelako.

Partidaren atarikoan, Valverdek onartu egin du zuri-gorriak «garaipen baten beharrean» daudela, baina argi utzi du, «momentu honetan», besteek ere behar dutela garaipena. «Talde guztiek garaipenarekin amesten dute. Berdintasun handia dago txapelketan, liderra datorkigu orain eta partida zaila izango da, baina ilusioz goaz irabazteko asmoarekin», adierazi du Athleticeko entrenatzaileak gaurko prentsaurrekoan.

"Negreiro auzia" dela-eta, ez du Barça oso «ukituta» ikusten. Zentzu honetan, Athleticeko zale-talde batek protesta antolatu du partidan zehar. «Jendea askea da nahi duen moduan bere iritzia adierazteko», azpimarratu du Valverdek, haina argi utzi du bere taldea «zelaian gertatzen denarekin bakarrik» kontzentratuta dagoela.

«Hori da guk kontrola dezakeguna. Futbola ikuskizun handi bat da eta inguruan gauza ugari daude. Gauza batzuk jokoari lotuta daude eta beste batzuk guk parte hartzen ez ditugunak dira. Jendeak nahi duen moduan adieraztea, baina guk nahi duguna da guri animatzea eta partidaren bila joatea», amaitu du gai honen inguruan.