Jon Ormazabal

Zabaletak bere estatusaren aldarri ozen bat egin du jotzaileen arteko deman

Elordi oso eraginkor batek lagunduta, finalerako urrats handi bat eman du Aspeko bikoteak Peña-Mariezkurrenari 22-14 irabazita.

Aitor Elordi tanto bat ospatzen.
Aitor Elordi tanto bat ospatzen. (Iñigo URIZ/FOKU)

Azken asteetan behar handirik gabe aritu badira ere, Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaletak ez dute txapelketaren lehen fasean erakutsitako lehiakortasun apur bat ere galdu eta finalera begirako aurrerapauso handi bat eman dute, azken asteetan indarberriturik agertu diren Peña-Mariezkurrenari sendotasunez gailenduta. Gainera, lortutako puntuaz eta emaitza erosoaz harago, Jose Javier Zabaletak ere bere estatusaren aldarri ozen bat egin du bere alternatiba izan daitekeen Jon Mariezkurrenaren aurrean oso nagusi azalduz.

Izan ere, lehen ligaxkako euren arteko bi partidetan Berriozarrekoari eskuko minek jokatzen utzi ez ziotenez, bazen ikusminik udako atzelaririk onenak azken urteetako, agian betiko ere esaten hasi beharko genuke, sendoenaren aurka egin zezakeenaren aurrean eta lehia horretan etxarrendarra nagusi irten da.

Izan ere, kolpez Mariezkurrenak tarteka itzalik egin diezaiokela argi geratu den arren, bai eskuinez behintzat, jokoaren beste alor askotan; defentsan, irakurketan edo fidagarritasunean esaterako, oraindik koxka bat dago Zabaleta eta Mariezkurrenaren artean gaur ikusi dugunaren arabera. Eta maiz estatistika eta titularrek agertzen ez dituzten detaile horietan, nahiz eta Baikokoek galdutako 11 pilotak nahiko argigarriak izan Aspekoek galdutako 4en aurrean, egon da partidaren norabidea.

Sufritzen ere jakin behar

Eta hori, batez ere txokoan, tantoa amaitzen txukun hasi den Peña batekin partida orekatu xamar hasi den (2-3). Kontua da, tolosarrak saketik falta bat egin eta pixkanaka gorriak partidaz jabetzen joan direla. Pilota zakarrago batekin, hezetasunak sortutako zalantzak uxatuta, Jose Javier Zabaleta piloteoan nagusitzen joan zaio, batez ere abiaduraz, Jon Mariezkurrenari eta Aitor Elordik etekin handia atera dio horri, erasora noiz pasa bikain erabakiz.

Urdinei, ordea, kosta egin zaie sufritzea. Partida gehienetan agintzera ohituta daude eta halakorik egiterik izan ez dutenean hasi dira euren presa eta hanka sartzeak. Txapelketaren altuera hauetan akats kopurua asko neurtzea funtsezkoa izaten da eta hor egin die ihes partidak hein handi batean. Haizea kontra jokatzen jakitea falta izan zaie partidaren lehen zati luze horretan (16-6) eta azkenerako garesti ordaindu dute.

Izan ere, pilota botetsuago bat jokoan jarrita, izan dute euren momentua, Mariezkurrenak ere erakutsi dio bizkarra Zabaletari, baina honek beste pausa bat, beste sendotasun bat, beste defentsa bat –esaterako 17-7an errebotetik, oinak airean zituela eraman duen pilotakada ikusgarri horretan– erakutsi du behartuta sentitu denean eta hor ezarri ditu aldeak. Azkenerako neke zantzuak ere igorri baditu ere, etxarrendarrak sekulako partida borobildu du, Elordik ere bikain ulertu du bere papera zein zen eta finalerako txartela gertuago ikusten dute.

FITXA TEKNIKOA:

Elordi-Zabaleta: 22

Peña-Mariezkurrena: 14

Pilotakadak: 563. Iraupena: 63,20 minutu. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-3, 6-3, 6-4, 7-4, 7-5, 10-5, 10-6, 16-6, 16-7, 17-7, 17-10, 19-10, 19-13, 21-13, 21-14, 22-14. Sakeak: 1 (pasa 1) Elordik eta  1 (pasa 1) Peñak. Egindakoak: 9 Elordik, 1 Zabaletak, 8 Peñak eta 1 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 3 Elordik, 0 Zabaletak, 5 Peñak eta 6 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Labrit pilotalekua goraino bete da eta giro bikaina harmailetan. Lehen sakea urdin.