NAIZ
Lekunberri

Aralar Zaindu Dezagun-ek mobilizazioa deitu du martxoaren 25erako, gasbidearen aurka

Herritarrek Aralarko gasbidearen proiektua epe baterako etetea lortu zuten epaitegietan, baina orain bide hori agortu da enpresak baimenak lortu dituelako. Horren aurrean, manifestazioa egitea erabaki dute, ingurugiroaren defentsan.

Aralar Zaindu Dezagun plataformaren agerraldia Lekunberrin.
Aralar Zaindu Dezagun plataformaren agerraldia Lekunberrin. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Aralar Zaindu Dezagun plataformak manifestazioa deitu du martxoaren 25erako, Lekunberrin (18.00etan) Aralar mendilerroa zeharkatuko duen gasbidea gelditzeko asmoz. Mobilizazioaren nondik norakoak eman dituzte prentsaurrekoan.

Bideo batean zabaldu dutenez, Naturgy taldearen parte den Nedgia enpresak, «Nafarroako Gobernuaren eta Lekunberriko Udalaren baimenarekin, 14 kilometroko gasbide bat eraikitzea aurreikusi du Arakil eta Lekunberri artean, Lekunberriko Albisualdea industrialdean jarriko litzatekeen enpresa batek eskatuta».

Nedgia desjabetze espedienteak bidaltzen hasi zenean hasi zuen ibilbidea plataformak. Proiektuaren inguruko informazioa bildu zuten, konturatu ziren «erabat proiektu suntsitzailea zela», eta alternatiben inguruko txostenak eskatu zituzten.

Bi urtean herritarrak informatzea lortu dute, eta epaitegietara joz, proiektua epe baterako etetea lortu dute, baina orain enpresak baimenak lortu dituela ikusirik, beste bide batzuetatik jo behar dutela ulertu dute, eta horregatik egingo dute mobilizazioa.

Nedgiak hiru trazadura proposatu zituen: bat Leitzatik, beste bat Irurtzundik Plazaola bidean, eta azkenik, Aralar mendia zeharkatuz hainbat herritatik igaroko litzatekeena. Enpresak azken horren alde egin du.

Aukera horrek ingurugiroari kalte handia eragingo diola uste du plataformak, 5.000 zuhaitz baino gehiago moztu beharko dituztelako gas-hodiak sartzeko eta 8 metroko zabalera duen bidea egiteko.

Era berean, salatu dute ez dela inolako ikerketa topografikorik ez geologikorik egin, eta ez dituztela kontutan hartu Aralarren dauden kobazulo, iturburu, akuifero, pagadi, harizti eta monumentu megalitikoak. Gasbidearen parte handi batek, gainera, babestutako gune berezia zeharkatuko luke.

Gasbidea egitekotan, plataformak uste du aproposagoa litzatekeela Plazaolako trazadura aukeratzea, horrela dagoen bidea aprobetxatu eta ez litzatekeelako berririk egin beharko.