Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Antton Telleria Lopetegi
Umoregilea

«Gai bat hartu, arantzatsuak bereziki, eta umorea egin. Nik hori nahi dut»

«Nekatutak» emanaldiarekin ia bi urteko bidea osatu du, hirurogei emanaldi inguru. Azkena, joan den asteburuan, Donostian. Pozik dago, publikoak gozo hartu du. Bere buruari aitortu dio komiko hasiberriaren titulua eta garbi dauka berak «stand up» komedia egin nahi duela.

Antton Telleria «Nekatutak» bira bukatu berri.
Antton Telleria «Nekatutak» bira bukatu berri. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Bakardadearen kontrako botika da umorea Antton Telleriarentzat. Bitxia. Jendez betetako aretoan, bere okurrentzien sarean harrapatzen duen hori berekin dagoela sentitzen du, berekin barrez. Egoak ere badu bere partea jendaurrekoaren zaletasun horretan, hori ere aitortzen du. “Nekatutak” bira bukatu berri, aparretan gozo, hurrengo emanaldiaren lehen printzak sumatzen zaizkio.

Nola zaude, «nekatutak»?

‘Nekatutak’ eta ‘hustutak’ nago. Artista askori entzun izan diot aje emozionalaren kontua. Kristoren amorrua ematen dit boladan dauden gauzak aipatzea, baina uste dut aje emozionala daukadala. Oso pozik nago, Donostiako azken bi emanaldi horiekin ondo bukatu eta agurtu nuelako asuntoa, eta batez ere gozatu egin nuelako. Grabatu egin nuen eta horrek tentsio pixka bat sortu zidan. Askok esan didate ‘ohituta zaude kameratara’. Bai, baina monologo bat ez nuen aurretik sekula grabatu eta hor esaten dudan guztia betikotu egiten denez eta nik “Nekatutak” ondo erregistratuta geratzea nahi dudanez, horrek obsesiorako bidea eman dezake.

Baneukan pisu hori, baina asko gozatu nuen eta pozik nago. Orain bukatu egin da –nik bukatu nahi nuelako– eta beste zerbait pentsatzen hasi behar. Berez orain gehiago gozatzen aritu beharko nuke, gertatu berri denaz gozatzen, baina nahi gabe burua hurrengora joaten zait.

Eta hurrengorako, espektatibak goian.

Bai, eta lehen ez neukan espektatibarik. “Nekatutak” gozo eta erraz sortu nuen, ez zegoelako espektatibarik. Ez zegoen espektatibarik orohar stand up komediarekiko, Euskal Herrian ez delako aparteko tradiziorik izan, nahiz eta beti egin izan diren gauzak. Baina jendeak beso zabalik eta ondo hartu du eta dena onerako izan da. Bigarren bueltan jendea zorrotzagoa izango da segur aski, eta hori ona da.

Eta euskaldunak badaki zorrotza izaten.

Bai, eta onena izango da hori hitzetan jartzea. Halabeharrez sartu beharko dut konparazioen kontua eta nostalgiarena. Bigarrena izate hutsagatik, bigarrena ikusi gabe ere, jendeak esango du: ‘lehenengoa hobea zen’.

Lehenengoa, hala ere, ez da okurrentzia bat izan. Komikoa izatea bazen zure helmuga.

Bai, jendeak pentsatzen du ‘hara zer okurritu zaion orain Anttoni’. Nik urteak daramatzat stand up komedia ikusten, ideia hau egosten ari zen nire barruan eta oso polita da ezer espero ez duen horren aurrera atera eta gauzak ondo egiten dituzula ikustea. Dena da lorea eta laudorioa.

Zure buruari umoregilearen, komikoaren, etiketa jarri diozu dagoeneko?

Bai noski. Jendeak esaten duenean kazetaria naizela… ez mesedez, kazetaria ez (barreak). Ez dakit jendeak komikoa naizela uste duen, baina nik nire buruari aitortu diot. Bi urtetan ia 60 emanaldi egin ditut nire stand up ikuskizunarekin. Ez naiz komiko konsakratua edo ibilbide luzekoa, baina banaiz komiko hasiberri bat, eta gustatzen zait gainera.

Beraz, gustatzen zaizuna umoregilea izatea da.

Betidanik gerturatu izan naiz umorera, beti egon da zerbait. Urte asko daramat horrelako formatuak kontsumitzen. Ikusentzuneko komunikazioa ikasi nuen eta uste nuen kazetaria izango nintzela, ez nuelako ikusten niri gustatzen zaidan hori profesio egiteko modua. Ez nuen planteatu ere egiten. Gaztea Irratian hasi nintzenean –entretenimenduari sekulako garrantzia ematen zaio bertan–, ateak zabaldu zitzaizkidan. ‘Zer gustatzen zaizu zuri? Ba hori egiten saiatu’ esan zidaten. Eta orduan ikusi nuen posible izan zitekeela nahi nuen hori egitea. Urtez urte geroz eta gehiago gerturatzen joan naiz, baita gauza berriak deskubritzen ere, eta uste dut bide horretan topatu dudala niretzako aproposena den plaza, formatua: stand up komedia egitea.

Monologo asko ikusitakoa izango zara.

Bai. Aspalditik datorren formatua da, bereziki Espainiatik etorri zaigu. Baina stand up komediaren arloan, 2018an Netflixen ikusi nuen komiko amerikar baten emanaldiak salto bat ekarri zuen nire bidera. Flipatu egin nuen, agerpen moduko bat izan zen: ‘nik hori egin nahi dut’, pentsatu nuen. Ordura arte ikusi nituen monologoetan –‘El Club de la Comedia’ adibidez– jende ezagunak gidoilari talde batek idatzitako monologoak eskaintzen zituen. Normalean eremu erosoetan, topikoen bueltan… ondo zegoen, asegarria zen, baina ez hainbeste.

Louis CK da aipatu dizudan komikoa eta sekulakoa iruditu zitzaidan. Abortoaz hitz egiten du, kristautasunaz… tipoa Bostongoa da eta bazirudien niri hizketan ari zela, gai horiek guztiak unibertsalak eta indartsuak direlako. Eta hor ikusi nuen umoreak aukera infinituak dituela, edozer egin daitekeela. Hartu edozein gai, arantzatsuak bereziki, eta egin umorea. ‘Nik hori egin nahi dut’ pentsatu nuen.

«Nik hori egin nahi dut». Zer?

Zirikatzea gustatzen zait, tentsio hori bilatzea. Baina niri batez ere gustatzen zait ideia bat izan eta ‘zein ona’ pentsatzea. Patetiko samarra da nik hori esatea, baina zerbait okurritu eta ‘zein bizkorra’ pentsatzea. Badaude barregarriak diren ideiak, baina badira koska bat gorago daudenak. Bereziki asegarriak zaizkit konplexutasun maila bat duten ideiak, ‘nola iritsi da horra?’ pentsatzera zaramatenak. ‘Que cabrón’ esan izan du jende askok, eta hori asko gustatzen zait. Eta horiek bilatzen ditut.

Telleria Donostiako azken emanaldian. Gorka RUBIO | FOKU

Ume lotsatia, kezkatia, beldurtia izan omen zara. Umoreak zein garrantzia izan du ume horren azalean?

Uste dut lotsa, kezka eta beldur horiek –oraindik ere baditudanak– oso lotuta egon direla bakardadearen ideiarekin. Bakardadeak sekulako beldurra ematen dit. Gogoan daukat umetan gurasoak hil egingo zirela deskubritu nuenean, zer nolako korapiloa izan nuen. Beti izaten omen da gai korapilatsua, baina nire korapiloa apartekoa izan zen. ‘Nola? Orain hemen zaudete eta gero ez zarete egongo?’ Ezin nuen ideia horrekin eta kontsolamendua ere ezinezkoa zen. Amak esaten zidan ‘lasai, ez gara hilko’. Eta nik, ‘nola ezetz? Hil egingo zarete’. Oso makabroa izan zen eta pila bat sufritu nuen horrekin.

Bakarrik egotearen kontua oso presente izan dut beti eta horregatik gustatzen zait jendearen aurrean egotea, hor ez naizelako bakarrik sentitzen. Antzoki batean jende mordo baten aurrean, ondo sentitzen naiz. Ez nago bakarrik eta gainera publiko hori seduzitu nahian ari naiz, aprobazio bila, nire umorearekin barre eginarazi nahian. Eta barre egiten dutenean, ‘ze ondo, nirekin daude’, sentitzen dut.

Euskal komikoen Top-ean goi samarrean zaude.

Lehen bosten artean egongo naiz, ez gaudelako sei. Panorama une oso interesgarrian dago, egonkortze une batean agian. Nire obsesioetako bat da oraintxe horrelako saretze bat egitea, gaudenak elkartzea, aliantza moduko bat egitea. Stand up komedia ikusten ari da jende dezente, beste asko stand up-a egiteko gogoz daude. Une interesgarria dela uste dut. Egin ditugun gauza solteetan, zerbaiten hasieraren itxura hartzen diot.

«Euskaraz ez du graziarik egiten». Auskalo zenbatetan entzuna.

Bai, gezur historiko hori hor dago. Agian duela urte mordo bat egin diren saiakera batzuk ez direlako ondo atera. ETBn egin izan da, hartu telebistako aurkezle batzuk eta monologoak egiten jarri. Tira, telebistako aurkezle batek automatikoki ez daki stand up egiten. Jendeari hori eskaini badiozu, normala pentsatzea ez zaiola gustatzen. Biraren hasieran jende dezente etorri zait esanez, «nagiarekin etorri naiz, gauza hauek euskaraz ez zaizkit asko gustatzen...».

Hori desmitifikatu egin dela uste dut, gauzak ondo eginez gero, euskaraz eta ondo egin daiteke, zalantzarik gabe. Nik euskalduntasuna ez dut balioan jartzen, ez dut esaten ‘etorri, euskaraz da’. Badirudi bestela exijentzia jaitsi egiten dela. Nik stand up-a egiten dut, kito. Barre asko baino broma gutxi.

Sare sozialetan ikusten diren zartadak ikusita, ez dizu kezkarik sortzen jendaurrekoak?

Askotan irudikatzen dut: “Nola izango da nire gainbehera?”. “Zerk eragingo du hau guztia pikutara joatea?”. “Zeri buruzko txistea izango da?”.

Egia esan alde daukat –nahiz eta askotan kontran etorri– jendearen etengabeko aprobazioa bilatze horretan beti oso adi nagoela, oso erne erreakzioei. Askotan horrelako gainbeherak gertatzen dira zerbait bota duzulako asko pentsatu gabe, zuhurgabeziagatik. Nik berez gauza bat bota baino lehen lau pauso ematen ditut aurrera. ‘Hau esateak zer ekarriko dit?’. Eta beharrezkoa bada, atzera. Hala ere despistatuko naiz eta hor etorriko da nire gainbehera. Orduan ez didazu elkarrizketarik egingo.

Beti geratuko zaizu Eibar.

Eibar da, edo sektore handi bat behintzat, bere buruaz barre egiten jakin duen herri bat. Sekulakoa izan da. Konturatu nintzen “Nekatutak” emanaldiaren bira bukatuko nuela Eibartik pasa gabe. Deialdia egin nuen, ea norbaitek bere etxea utziko zidan emanaldia egiteko. Eskaintza pila bat jaso nituen, benetan ia bi urte iraun duen bira honetan gertatu zaidan gauzarik politena zalantzarik gabe izan da.  

Etengabe Eibarri buruz txisteak egiteko joera izan dut, pelma hutsa izan naiz, baina ez da fede txarrik izan. Pelma izate horrek berak egiten zidan grazia. Azkenean bi emanaldi egin nituen Eibarren. Noski, Eibarri buruzko txiste gehiago egin nituen, bukaeraraino jarraitu nuen nire matrakarekin. Izugarria izan zen, oso-oso hunkigarria.