Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Irabazi eta ikuskizun erakargarria eskaintzearen arteko dantza

Sarrera guztiak saldu izana «gauza handia» dela iritzi du Aldazabalek. Ortiz de Mendibilekin bikotea osatuta, Winter Serieseko finala jokatu du Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markinarren aurka. Astelehenean «partida ona ateratzen bazaigu, askoz ikuskizun handiagoa eskainiko dugu» dio Mugartegik.

Erika Mugartegi, pilota jaso eta frontisera botatzear.
Erika Mugartegi, pilota jaso eta frontisera botatzear. (ERAMAN JAI ALAI)

Aukeran, biak, noski. Edozeinek nahiko luke irabazi emozio handiko partida bat, galdera bera nahiko inozoa suertatzen da. «Nik neuk ahalko banu partida gustora jokatu, sekulako giroa sortu pilotalekuan, kantxan ondo sentitzea, jendea animatzen egotea... nahiago dut hori, irabazi eta barrutik triste moduan egon baino», dio Maialen Aldazabal puntistak (Berriatua, 2006). Era berean, argitzen du kasu honetan «txapelketa garrantzitsu bat dela» Winter Series eta beraz, sentimenduak nahasiago dituela.

«Bi gauzak» nahi ditu Erika Mugartegik (Markina-Xemein, 2008) ere, «hurrengorako horrelako beste txapelketa bat antolatzeko» maila txukuna eman behar dutela sinetsita dagoelako, «baina denok goaz irabaztera». Maila txukuna finalerdietan ere erakutsi dute, sobera askoan. Winter Series txapelketan lehiatu diren lau bikoteek zur eta lur utzi dute Durangoko Ezkurdi pilotalekura hurbildutako zale oro eta erakutsi da produktua ondo salduz gero, erantzuna badagoela, zale zein pilotarien aldetik.

Lehen finalerdian gutxi falta izan zen sarrera guztiak agortzeko; bigarrengoan, denak agortu ziren eta finalerako (astelehen honetan, 19.30ean) ere segituan saldu dira 650 sarrera. «Sarrera guztiak saldu izana, gauza handia» dela iritzi du berriatuarrak eta hurrengora begira, txapelketa luzeago bat egitearen beharra nabarmendu du, «jendea engantxatzeko motz xamar geratu da, baita guretzat ere; partida txar bat egin eta finalik gabe geratzen zara».

Partida egunean urduri jartzen den horietako da Aldazabal, ez ordea Mugartegi, eta igartzen zaio. Barrenetxea eta Lizardiren aurkako finalerdian (15-8 eta 15-4) konfiantza handiz jokatu zuen, bai berak zein bere bikote Lejardik ere. Bikote gazteena da (14 urte ditu aurrelariak; 15, atzelariak) baina eskarmentuz, gainontzekoen pare daude. «Duela bederatzi urte edo hasi nintzen zestaz; hasieran, aitarekin hurbiltzen nintzen pilotalekura eta gerora jada izen eman nuen», kontatzen du. Bere aita Josu Mugartegi “Atain” da, Bartzelonako Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuena, aurrean Juanan Konpa bikote zuela. Etxetik datorkio zaletasuna, bere anai Gorka, “Atain II.ena” ere puntista baita –Elite txapelketa ari da jokatzen–. Puntista-familia honen jarraikortasuna ziurtatuta dagoela agerian dago.

Markinarrak, «bikote gogorrena»

Hasiera hasieratik, Arai Lejardirekin lehiatu izan da Mugartegi eta beraz, bien arteko ezagutza ere handia da. Finaleko beste gako bat izan daiteke eta Aldazabalek onartzen du «bikote indartsuena» dela markinarrek osatutakoa. «Aurrean amaitu behar dugu, Maite [Ortiz de Mendibil] jokoan sartzea. Nik neuk eutsiko dut, baina... Gaitza da. Horien aurka peloteoan ez duzu irabazten. Oso seguruak dira», dio.

Markinarrek bera bilatuko dute, hain zuzen ere: «Pilota nahiko biziarekin jokatuko dugu, Maitek jokoan sartzea saihestuz eta Maialen nekatuz. Betiko estrategia; hori egin genuen finalerdian eta ondo atera zitzaigun». Errebotea bilatuko du Mugartegik eta azaltzen du entrenamenduetan batez ere postura lantzen duela, «indartsuago botatzeko gakoa baita postura».

Maialen Aldazabal Ortiz de Mendibilekin hizketan lehendabiziko finalerdian. (ERAMAN JAI ALAI)

«Segurtasuna» bilatuko du Aldazabalek, eta nerbioak alde batera uztea: «Ahalik eta akats gutxien egiteak ere asko laguntzen du». Finalerdian ez zuen txukun ikusi bere burua –«nahiko hotz hasi ginen eta ez nuen gustora bukatu»–. Espero baino gehiago sufritu zuten Arakistain eta Watkinsen aurka (15-12 eta 15-13). Gogotsu dago finalerako, txapelketa hau mugarri izan baitaiteke.

Xisteraren mugarria

Lehen mugarria, Xisterarekin iritsi zen, edo hala sentitzen du Berriatuakoak. Winter Series txapelketa jokatu duten guztiak garai beretsuan hasi ziren zestan. 11 urte zituen Aldazabalek zestan hasi zenean, lehendabiziko jolasorduan, Izaro Arbe markinarra irakasle zuela eta hortik bi urtera irabazi zuen «lehendabiziko txapelketa garrantzitsua, Xisterakoa, Izarorekin». «Zesta puntun sartzeko grina hori berarengandik daukat», nabarmendu du atzelariak. Bera hasi zenean neska bakarra aritzen zen Berriatuko frontoian eta Xisterarekin puntista ezberdinen arteko sare bat sortu zuten: «Guk geuk ere gure artean harreman bat eraiki dugu eta horrek asko batu gaitu».

Gazteak indartsu datozela ziurtatzen du eta harrobia hazten doala. «Lehen Berriatuan hiru baginen, orain zortzi gara». Horrek poztasuna ematen dio, harrotasuna baino gehiago. «Guk egindako bideari jarraipena ematen badiote, eta guk egindakoak zerbaiterako balio baldin badu, pozgarria izango da», dio. Mugartegi ere bide beretik mintzatu da: «Uste dut hurrengo belaunaldientzat bidea asko ari garela zabaltzen eta hauek errazago izango dutela».

Bitartean, irabazi eta ikuskizun erakargarria eskaintzearen artean dantzan arituko dira. «Gero ere erakustea neskak zesta-puntan badakigula, oraindik ere gazteak garela, asko geratzen zaigula ikasteko baina geure joko maila altu bat daukagula; hemendik zerbait polita sortu daitekeela alegia. Gazteenentzat ez izatea hain arraroa neskak zestaz ikustea», egin du gogoeta Aldazabalek. Aldarrikapenak argi eta zesta prest daukate bidea urratzen jarraitzeko.