Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Ibon Sarasolaren ‘Egungo Euskararen Hiztegia’, euskara modernoaren zehatzena, online dago

Hamabost urteko lan isilaren emaitza da Ibon Sarasolaren ‘Egungo Euskararen Hiztegia’ (EEH), UPV/EHUko Euskara Institutuak aurkeztu duen proiektu erraldoia. Online kontsulta daitekeen euskara-euskara hiztegi honen dimentsioez jabetzeko: paperean argitaratuko balitz, 30 bat liburuki beharko lituzke.

Ibon Sarasola (hirugarrena ezkerretik), UPV/EHUko eta Bizkaiko aldundiaren ordazkarien artean, aurkezpenean.
Ibon Sarasola (hirugarrena ezkerretik), UPV/EHUko eta Bizkaiko aldundiaren ordazkarien artean, aurkezpenean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Ibon Sarasola idazle, hizkuntzalari, euskaltzain eta unibertsitateko katedradunaren bizitzaren zati handia hartu du astearte goizean Bilbon prentsaurrekoan aurkeztu den ‘Egungo Euskararen Hiztegia’ (EEH) proiektuak. Are gehiago, bizitza akademiko bati amaiera bikaina eman dion lantzat har daiteke: Koldo Mitxelenak bultzatuta egin zuen ‘Orotariko Euskal Hiztegia’ (OEH, 1987 eta 2005 artean burutua), eta orain gauzatu duen ‘Egungo Euskararen Hiztegia’ (2023) honekin zirkulua itxi du. Aurrekoa, paperean argitaratu zen; XXI. mendeko hau, online dago eskuragarri.

Erabilera errealean oinarrituta, ‘Egungo Euskararen Hiztegia’ 15 urteko lanaren emaitza da. 2008. urtean abiatu zen une honetan euskara-euskara hiztegirik zehatzena bihurtu dena. Interesa duen orok –akademikoak, irakasleak, ikasleak, kazetariak...– kontsulta dezakete UPV/EHUren webgunean sartuta. Ez dago webgunearen portadan ikusgai, hori bai, baizik eta Euskararen Institutuaren sailean. Lotura honetan zuzenean kontsulta daiteke.

Testuingurua, adiera soila baino gehiago

Miren Azkarate katedradun eta euskaltzainak aipatu duenez, «adierak baino gehiago, hiztegi batek eman beharko lukeena (eta gaurko lexikografian nabarmena da joera hori) hitzak  testuinguru batean deskribatzea da. Nik hiztegi bat kontsultatu dudanean, batez ere oso ondo menderatzen ez dudan hizkuntza batean, adibidez ingelesez, eta gauzak begiratzen hasten naizenean, ikaragarri eskertzen dut ez bakarrik hitz horren esanahia baizik eta hitz hori zein testuingurutan ageri den adierazi eta adibideak ematea. Horrela askotan askoz gehiago ikasten da, ikusita hitz hori zein testuingurutan izan daitekeen egokia eta zeinetan ez, hitzaren adiera soila emanda baino».

Hiztegiak egungo euskararen lexikoa jasotzen du. Izan ere, aipatu denez, ‘Egungo Euskararen Hiztegia’ 2000-2006 urte bitartean publikatutako 25 milioi testu-hitzez osatutako corpusean oinarritzen da. Izan ere, oinarri bezala Ereduzko Prosa Gaur corpusa hartu baita, hori ere Euskara Institutuak garatua. Corpus horretako hitz guztiak jaso ditu ‘Egungo Euskararen Hiztegiak’, eta horrek eman dio duen tamaina.

Tamaina aldetik aparta da, paperean argitaratuko balitz kalkulatzen da 30 bat liburuki beharko liratekeela, 16.000 bat orrialde. 70.751 sarrera, 251.153 adiera, 529.227 adibide eta 663.172 hitz multzo aurki daitezke.

Bi lagunen artean egindako lan mardula

«Pazientzia behar da hiztegi bat behar bezala erabiltzeko», gehitu du Miren Azkaratek. Eta pazientzia handia behar da ere, gehituko genuke, hiztegi bat egiteko. Ibon Sarasolak ondo ondoan izan du Josu Landa, eta azken honek egindako lana ere eskertu nahi izan dute prentsaurrekoan.

Eta nortzuk osatu dute proiektu erraldoi honen lan taldea?, bota dugu galdera. Izan dute laguntza, baina «Ibonek eta Josuk batez ere. Hiztegiaren lana, lexikografia lana, Ibonek egin du, eta Josuk prestatu dio material guztia», erantzuna.

«Ni hemen kasualitatez nago», gehitu du Ibon Sarasolak. «Nik ez nuen inongo asmorik horrelako saltsatan sartzeko. Nik linguistika matematikoa egin nahi nuen, baina Koldo Mitxelena delako batekin egin nuen topo eta esan zidan: ‘nik ditudan fitxekin ez naiz moldatzen eta lagunduko zenidake?’. Horrela hasi nintzen, bere fitxa guztiak antolatzen. Zer pasatu zitzaidan? Askotan pasatzen dena, zaletu egin nintzela, hor sartu nintzen droga horrekin eta harrezkero ez dut besterik egiten».

Horrela sortu zen Euskaltzaindiak, Koldo Mitxelenaren ardurapean eta Ibon Sarasola lantaldeburu zelarik, kaleratu zuen ‘Orotariko Euskal Hiztegia’ ospetsua. Euskararen aro eta euskalki guztietako idazkietako lexikoa jaso eta antolatzea xede zuen hiztegi historiko deskriptibo hura paperean atera zen 1987an. Euskaltzaindiak Internetez eskaintzen du egun hiztegiaren oinarrizko bertsio elektronikoa.

Modernoa eta online

Oraingo hau, UPV/EHUko Euskara Institutuarekin garatu duena, erabat modernoa da eta online formatuan dago. Ezinezkoa izango litzateke paperean argitaratzea. Egungo teknologiei esker sortutako proiektu bat da, zalantzarik gabe... Ibon Sarasola: «Nire bizitza da hiztegiak egitea. Niretzat hitz bat ez da berez semantikoa, baizik eta hitz hori agertu daitekeen testuingurua. Hortik jo dut eta horretara dedikatu naiz, hiztegi berri mota hori egitera. Eta oso ondo pasatu dut». 

Baina nola egiten da hiztegi bat? Askok pentsatuko genuke A letratik hasiko zirela. Baina ez, Miren Azkaratek argitu duenez, «F letratik hasi zen, gero jarraitu zuen C eta gero K, L... eta horiek egin zirenean gainontzekoak, eta azkena egin zuena A letra izan da». Bazegoen beste arrazoi bat L hizkitik hasteko: proiektua prestatzen hasi zirenean beldur ziren ea beste norbaitek helduko ote zion. Horrela proiektua zapuztuko zitzaien. Orduan L-a hautatu zuten, motzagoa zelako. A-rekin hasiz gero arriskua zegoen bidean gelditzeko...

Proiektuaren beste ezaugarri garrantzitsu bat azpimarratu nahi izan du Eva Ferreira errektoreak: «Erabilgarritasuna eta irekitasuna. Hiztegi honetan interesa duten lagun guztien eskura egongo da. Horrek Euskal Herriko Unibertsitatearen nortasuna islatzen du: gure lan guztia, beti, euskal gizartearen eta gure kulturaren onerako zuzendua dagoela. Gure unibersitate publikoa ez dago bakarrik bide horretan baina, zalantzarik gabe, erakunde erabakigarrietako bat da euskal hizkuntza eta kultura zaindu eta garatzeko. Zeregin horretan Euskara Institutuaren lana funtsezkoa izan da eta izango da», nabarmendu du.