Arnaitz Gorriti

Liga amaitu artean, gorantz begiratu ahal izango du IDK Euskotrenek (81-54)

Leganes azkenaurrekoari Fase Erregularreko bi partidak irabazi dizkio talde donostiarrak eta, lau jardunaldiren faltan, lau garaipenen aldea ateratzen dio. Beraz, matematikoki mailari eutsi diote azu Mugurzarenek. Coulibaly eta Joy Adamsen bitartez aise nagusitu dira arerio itzali baten aurka.

Joy Adams, donostiarren partida bikainaren protagonistetako bat Coulibalyrekin batera.
Joy Adams, donostiarren partida bikainaren protagonistetako bat Coulibalyrekin batera. (@IBAETABASKET)

IDK EUSKOTREN 81 - INNOVA LEGANES 54

Datorren denboraldian ere hiru euskal talde izango dira Endesa Ligan. IDK Euskotrenek bere lanak bikain bete ditu. Fase Erregularra amaitzeko falta diren lau jardunaldietan badaezpada jaitsierako postuei begira ez ekiteko, irabazi beharra zuen larunbat honetako norgehiagoka IDK Euskotrenek eta ez du kalerik egin. Are gehiago, uste baino askoz errazago egin ditu Innova Leganesekikoak, oso itzalita aritu baita Madrilgo taldea.

Izan ere, Endesa Ligako azkenaurreko sailkatua nahikoa lur jota iritsi da Donostiara. Asteon, bere garaian Jairisen aurka atzera geratu zen partida 64-62 galdu berri Donostiara etorri dena azken minutura 56-62 irabazten iritsi ostean.

Ondorioz, donostiarrek aurkariari eman dioten egurra aintzat hartuta –eta joaneko dema bera ere 61-92 eraman zuten– lau jardunaldiren faltan lau garaipenen aldea atera dute Azu Muguruzarenek. Bada, ezingo dute mailarik galdu eta hala, Fase Erregularra amaitu bitarte zortzigarren postu horrekin amets egiteko tartea izango dute gipuzkoarrek, nahiz eta garaipen kopuru beretsuarekin –hamaika dituzte orain donostiarrekin– makina bat talde dauden.

Hasieratik nagusi

Talde bien arteko aldea aurreneko laurdenean finkatu da. Aspaldiko partez, ukalondoko lesioa gainditu berritan, Tenerifen jokatu zituen bere aurreneko minutuak Maria Españak eta astebeteren ostean entrenamenduak mesede egin diola bistan geratu da. Baita urrutiko jaurtiketan zitala izaten ez zaiola ahaztu ere.

Egia da Marta Hermida Leganeseko antolatzaileak pare bat hiruko asmatu dituela aurreneko laurdenean, baina oso erantzun eskasa izan da donostiarren erauntsiaren aurrean. Dela Maria España, dela Joy Adams edo Claudia Cuic, eta Coulibaly uztaipean nagusi dela, nahi bezain erraz hartu dute aldea donostiarrek, bere aurkaria klaurdenaren amaieran bikoizteraino: 26-13.

Atsedenaldira bideko hurrengo hamar minutuetan abantaila kudeatzeko izerdi larregirik ez dute bota behar izan Azu Muguruzarenek. Egia da Houser eskolta txikiak hainbat saskiratze lortu dituela eta Vionise Pierre Louis, Donostian etxeko moduan jokatzea zer den badakien pibotaren bitartez, Madrilgo taldea saiatu den hamar puntuz azpitik mantentzen bere desabantaila, baina azeleragailua zapaltzeaz bat aldea nahieran zabaldu dute etxekoek.

Zentzu horretan, oso azti ibili dira IDK Euskotreneko jokalariak aurkariei faltak atera eta jaurtiketa libreen marrara behin eta berriz joanda. Hasiera baten akaso behar baino hutsegite gehiago egin dituzte, baina laurdenak aurrera egin ahala, punteria hobetu dute. Horrez gain, Claudia Cuicen hiruko batek alderik handienaz bidali du neurketa atsedenaldira: 43-29.

Partzial erabakigarria

Atsedenaldiaren ostean tarteka IDK Euskotrenek beherakada nabarmenak izan ditu hainbat neurketatan; Cadi La Seuren aurkako deman duela hiruzpalau aste, esaterako. Alabaina, zapatu honetan ez da halakorik egon. Joy Adams eta Mariam Coulibaly nahikoa eta sobera izan dira Leganes aurretik eramateko. 51-37tik 68-37ra, 17-0eko partziala lortu dute etxekoek bi jokalari hauek ekimenari esker, Nicole Cardañok bikain gidatuta. Bestela ere partidak ez badu kolorerik izan, are gutxiago 30 puntuko aldea atera duenean IDK Euskotrenek.

Azken hamar minutuetan apurtxo bat suspertu dira madrildarrak, neurri handi baten Azu Muguruzak ezohiko jokalariei ere minutu batzuek jokatzeko aukera eman dielako. Tartean, aipagarria izan da azken markagailua ixteko Ane Esnalek lortu duen saskiratzea, denboraldi erdian taldea utzi eta gero, azken asteetan berriz ere deialdietara itzuli baita jokalari donostiarra, baina oraingoan gainera saskiratzea eta guzti ere lortu ditu IDK Euskotrenen egun bikaina borobiltzeko.

Kanaria Handiaren etxean

Bestalde, Lointek Gernika Bizkaiak igande eguerdian, Euskal Herrian 13.00ak direnean Kanaria Handiaren etxean jokatuko du. Azken hiru neurketak eraman eta gero, sailkapeneko bosgarren postuan egonkortu dira gernikarrak. Esan gabe doa Kanaria Handiari irabaziz gero, are eta sendoago leudekeela bosgarren postu horretan.

Joan zen astean aspaldiko partez Julie Wojta berreskuratu zuen Anna Montañanak, eta bere onenean ez badago ere, bizkaitarren barruko jokoari mesede galanta egin zion estatubatuarrak. Dena beharko du Lointek Gernika Bizkaiak uztaipean, hortxe baitago Kanaria Handiaren punturik sendoena.

Alabaina, Sika Kone hegal-pibot afrikarraren kalitatea handia bada ere, esan behar aurreneko itzulian baino makalago dabilela Kanaria Handia bigarren itzuli honetan. Hala, 10 garaipenekin daude uneotan, play-off postuetatik bi garaipenetara. Zortzi onenen artean sartzeko aurkari bat gutxiago lukete gernikarrek igande eguerdian irabaziz gero.

PARTIDAREN FITXA

IDK: Paula Estebas (4), Joy Adams (21), Maria España (16), Claudia Cuic (6) eta Mariam Coulibaly (23) –hasierako bostekoa– Nicole Cardaño (4), Alima Dembele (5), Ane Esnal (2), Natalia Rodriguez eta Cristina Soriano.

LEGANES: Hermida (11), Alba Sanchez (2), Houser (13), Muhate (5) eta Pierre Louis (12) –hasierako bostekoa– Lezin (2), Koenen (5), Jankovic (4) eta Sara Sanchez.

Partzialak: 26-13, 17-16, 25-10, 13-15.

Epaileak: Garcia, Caamaño eta Sastre. Egotzitakorik gabe.

Gorabeherak: Emakumeen endesa Ligako hogeita seigarren jardunaldia, Donostiako Josean Gasca kiroldegian jokatu dena.