NAIZ

Gipuzkoak omenaldia egin die 1936ko gerran erbestea ezagutu zuten haurrei

Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin egindako azterlan batean identifikatutako 10.400 adingabe baino gehiago omendu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Ekitaldian parte hartu duten gerrako 100 haur omendu dituzte.
Ekitaldian parte hartu duten gerrako 100 haur omendu dituzte. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoako foru Aldundiak, Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin batera, 1936ko gerran erbestera ihes egin zuten 10.400 gipuzkoar baino gehiago omendu ditu larunbat honetan.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, pertsona horiek gerraren izugarrikeria lehen pertsonan bizitzeaz gain, beren etxeetatik eta familietatik urrundu beharraren zigor erantsia jasan zuten. «Gaurko ekitaldi instituzionalarekin, Gipuzkoako foru Aldundiak bere alea jarri nahi izan du gerrako umeak gure memoria historikoan sartzeko eta aldarrikatzeko», azaldu du.

«Bi urte eta erdi baino gehiago daramatzagu gerrako 10.400 haur baino gehiagoren nortasunak eta istorioak berreskuratzen, gure historiako pasarte ilunenetako bat historian gorde ahal izateko», azpimarratu du.

650 pertsona baino gehiago hurbildu dira gaur Kursaalean egin den omenaldi-ekitaldira, eta, bereziki, oraindik bizirik jarraitzen duten eta ekitaldian parte hartu duten gerrako 100 haur omendu dituzte. «Memoria historikoa lantzeak pertsona horiei izen-abizenak itzultzea eta memoria aldarrikatzea dakar», adierazi du diputatu nagusiak.

Olanok gogorarazi duenez, 1936ko gerran zuzenean parte hartu ez arren, gerrako haurrek larriki pairatu zituzten gatazkaren ondorioak, oso adin txikian erbestera ihes egin behar izan baitzuten.

«Beldurra, bonbardaketak, senideengandik eta hurbilekoengandik urruntzea eta, azkenik, gurasoen babesa atzean utzita erbesteratu beharra. Asko eta asko ez ziren gehiago itzuli Euskadira. Hemendik aurrera, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak egindako lanari esker, haur hauek gure historiaren zati bezala aitortuak eta gogoratuak izango dira», gaineratu du.

Gerrako haurrak identifikatzeko azterketa

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako foru Aldundiak, gerratik ihesi erbestea ezagutu zuten haurren memoria identifikatu eta berreskuratzeko ikerketa amaitu dute. Europa osoko hainbat artxibotan bilatu eta erbesteratuen eta haien senideen testigantzak eta datuak jaso ondoren, elkarteak 10.232 kasu identifikatu ahal izan ditu: 5.053 gizon eta 4.960 emakume. Azterketa amaitu bada ere, izen berriak aurkituz gero, prestatzen ari diren datu-basean sartuko dira. Datu base hau datozen asteetan argitaratuko dute foru erakundearen webgunean.

Gerrako umeen memoria berreskuratzeko ahalegin horretarako, duela bi urte lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako foru Aldundiak. Helburua gerran jaiotako haurrak identifikatzea izan da: jaioterria, izen-abizenekin eta, posible izan den kasuetan, beren argazki bat eta historia labur bat lortzea.

Bi urte eta erdiko lanaren ondoren, Gipuzkoako 56 udalerri identifikatu dira adingabe horien jatorri gisa, eta beste 246 pertsonen inguruan ez dago informaziorik. Erbesteratutako haur gehienak Donostiatik (3.681), Irundik (1.590), Hondarribitik (609) eta Pasaiatik (571) ihes egin zuten. Baina bi kasu ere aurkitu dira Abaltzizketan, Elgetan, Lazkaon eta Zegaman, eta kasu bana Altzon, Zizurkilen, Zaldibian eta Asteasun.