NAIZ

Edurne Basterra aguraindarrak gidatuko du UAGA sindikatua hurrengo lau urteetan

Edurne Basterra aguraindarra izango da UAGAko presidentea hurrengo lau urteetan, batzar orokorrean emandako 216 bozketatik 117 jaso ondoren. «Norabide aldaketa» proposatzen du batzorde exekutibo berriak.

Edurne Basterra, Gasteizen egindako batzar orokorrean.
Edurne Basterra, Gasteizen egindako batzar orokorrean. (UAGA)

Edurne Basterra Marquinez hautatu dute UAGAko buru hurrengo lau urteetarako, sindikatuak igande honetan Gasteizen egindako batzar nagusian. Emandako 216 bozketatik 117 eskuratu ditu «norabide aldaketa» ardatz duen duen Basterraren hautagaitzak.

Basterraren ondoan, Jon Moraza, Nagore Ruiz de Zarate, Gorka Barredo Gomez eta Jesus Bauza Nuin izango dira Batzorde Exekutiboko kideak, eta Itxaso Compañon Arrieta, Iker Aguirre Astola eta Asier Fernandez de Jauregui ordezkoak.

«Aldaketa garrantzitsu bat behar dugu, dramarik gabeko aldaketa bat, baina agerikoa da zuzendaritza aldaketa bat behar dugula, sindikatu aktibo bat, sindikatu bizi bat, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreak dituen arazoen aurrean», planteatu du sindikatuaren buruan egongo den talde berriak.

Nabarmendu dutenez, «Arabako nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreko erreferentziazko ahotsa»bilakatu nahi dute UAGA.

Eskualdeak, sektoreak eta arloak dinamizatzearen beharra azpimarratu du zuzendaritza talde berriak, «ustiategietatik eta konfort eremuetatik ateratzeko» dei eginez. Oinarrien eta batzorde exekutiboaren arteko «komunikazioa berreskuratzea» eta kontuetan gardentasuna bultzatzea finkatutako beste helburu batzuk dira.

Era berean, «produktuen eta instumoen prezio justuak» aldarrikatu dituzte, eta azaldu dute ez dutela onartuko «produkzio-kostuen azpitik lanean» aritzea ezta ustiategi gehiagoren itxiera ere.

Berdintasun arloa dinamizatzeaz gain, «emakumeei ikusgarritasun handiago» bat emanez, afiliatu profesionalen laguntza behar duen ekintzaletzaren alde azaldu da zuzendaritza berria, baita komunikazio eta informazio kanpaina indartsuen alde, ustiategien lana iritsi publikora helarazi eta sektorearen garrantzian hezitzeko.