Estitxu Zabala Odriozola

Donostiako trafikoa arinduko du Marrutxipiko loturak

Hiriaren barneko zirkulazioa eta lurraldearekin dituen sarrera-irteerak hobetzea ditu helburu GI-20 saihesbidearen atal berriak.

Donostiako GI-20 saihesbideko lotura berriak trafikoaren kudeaketa hobetuko du hiriaren mendebaldeko gune osoan.
Donostiako GI-20 saihesbideko lotura berriak trafikoaren kudeaketa hobetuko du hiriaren mendebaldeko gune osoan. (NAIZ)

Esperotako martxan doaz Marrutxipiko loturaren obrak Donostiako saihesbidean (GI-20). Hiriko trafikoa desbideratzea da azpiegitura horren helburua, arindu egingo baititu hiriburuaren mendebaldeko sarrera eta irteerak. Edonola, lurraldearekin lotura zuzenagoa ere nahi dute, sarbide zuzena izango baita Intxaurrondo eta Egia auzoetara.  

Hasiera batean markatutako datak betetzen ari dira, 24 hilabeteko epea. Beraz, sarbidea 2024ko bigarren erdialderako erabilgarri egotea espero dute. Donostiako Udalak 3,5 milioi euroko aurrekontua bideratu du, baina guztira 12,7 milioiko kostua izango dute lanek. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera egin du Udalak akordioa.

Iazko maiatzean hasi ziren lanak, eta momentuz lehen fasea bukatu dute. Horrela, eginak dituzte kolektoreak eta saneamendu lan orokorrak udal eremuan. Alde batetik, Polloe eta Intxaurrondoko tunelen artean ari dira lanean, saihesbidearen zatian, bestetik, Dbusen aparkalekuaren gunean, Intxaurrondon.

Datozen hilabeteetan zatirik zailena egingo dute, eta lanen konplexutasuna tarteko, udan zirkulazioan eragina izango dute. Izan ere, lotunea egin ahal izateko, saihesbideko trafiko guztia Irungo noranzkoaren aldera eramango dute. Beraz, errepidearen zati horretan, lau errei jarriko dituzte joan-etorrirako, bi norabide bakoitzarentzat.  

«Estrategikoa eta beharrezkoa»

Lotura berriak berrantolaketa eragingo du eta arintasuna hobetuko du, gaur egun trafiko handia jasaten duten gune batzuetan; hau da, Carlos I.aren etorbidetik eta Loiolako Erriberatik datorrena, hiriaren mendebalderuntz, Egia eta Gros auzoetara iristeko. Urumea pasealekuko trafikoa ere hobetuko dela diote, eta Intxaurrondoko sarrera-irteerak; gainera, Frantzia pasealekutik irteten diren ibilgailu kopurua gutxituko dela.  

Martxoa hasieran, obrak bisitatzen izan ziren Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia;  Eneko Goia, Donostiako alkatea;  Aintzane Oiarbide, azpiegitura diputatua, eta Pilar Arana, mugikortasun zinegotzia. Obrak egiteko zuhaitzak moztea «beharrezkoa» izan dela azaldu zuen azpiegitura diputatuak: «Galera hau, eraikuntzaren azken etapan konpentsatuko dugu. Horrela, 350 zuhaitz berri landatuko ditugu, gehienak Intxaurrondo inguruan».

Olanoren ustez, obra konplikatua da eta neurri handikoa, baina, aldi berean, estrategikoa eta beharrezkoa. Horrela, argi dute trafikoaren kudeaketa hobetuko dela hiriaren mendebaldeko gune osoan.