Dabid Lazkanoiturburu

Israel erabat astindu duen erreforma judizialaren punturik polemikoenak

Israelek bere krisi politikorik sakonena bizi du 1948an sortu zenetik, Benjamin Netanyahuren gobernu berriak erreforma judizialerako plana iragarri eta gero. Plan horren helburua Justiziaren independentzia murriztea eta Gobernuaren kontrola handitzea da.

Protestak bart Tel Aviven.
Protestak bart Tel Aviven. (Ahmad GHARABLI | AFP)

Knesseten (Parlamentua) eztabadagai den legeare alderdi polemikoenek Israelen historiako protestarik handienak eragin dituzte (bart 650.000 pertsona kalean), Netanyahuk Yoav Gallant Defentsa ministroa kargutik kendu ostean, tramitazioa geldiaraztea eskatzeagatik hain zuzen ere.

Gobernuak ziurtatzen duenez, historikoki Auzitegi Gorena gehiegi sartu ohi da gai politikoetan, eta, beraz, beharrezkoa da hori mugatzea; erreformaren aurkariek, berriz, botere judizialaren independentzia ezinbestekotzat joten dute, batez ere Knesseten gehiengoa duen koalizio Gobernuaren bidez potere exekutiboak eta legislatiboak bat egiten dutelako.

Hauek dira erreformaren punturik polemikoenak:

1- Epaileak hautatzea: Epaileak izendatzeko batzordea bederatzi kidetik hamaikara luzatuko zen, baina osaera ere aldatuz. Horrela, sei Gobernuaren aldekoak liratezke, ministroen eta legebiltzarkideen artean, gehiengoa beraz. Proposamena leundu egin du Gobernuak, hasierako formulazioan zazpi baitziren,  epaile guztiak hautatzeko eta kargutik kentzeko ahalbidea izango zuen gehiengo zabala.

2- Berrikuspen judiziala: Auzitegi Gorenak gehiengo soilarekin legeak alda dezake egun. Gobernuak gehiengo hori %80ra igotzea proposatzen du. Esan behar da erreformaren aurka dauden batzuk ere lege basikoak aldatzeko orduan gehiengo handiago baten alde daudela.

3- Baliogabetze klausula: polemika gehien piztu duena da; izan ere, gehiengo parlamentario sinple batek (120tik 61 diputatu) Gorenaren epaiak baliogabetzeko aukera emango luke, baldin eta epai horiek legeak iraultzea edo aldatzea badakarte.

4- Ministerioetako lege-aholkulariak: Orain arte aditu independienteek Ministeritzen neurrien legezkotasuna neurtzen zituzten. Gobernuak ez du behatze hori loteslea izatea nahi eta adituak aukeratzeko eta kargutik botatzeko ahalmena bereganatu nahi du.  

5- Arrazoizkotasuna: Gobernuak ez du begi onez ikusten auzitegiek hartzen duen edozein erabaki zalantzan jartzea «arrazoizkotasun ezaren» izenean.  Irizpide horretan oinarrituta, Gorenak «zentzugabea» iritzi zion urtarrilean Aryeh Deri buruzagi ultraortodoxoa Barne eta Osasun ministro izendatzeari, Deri iruzur fiskalagatik zigortu eta erruduntasun-akordio baten truke kartzela saihestu eta gero.