Urtzi Urrutikoetxea

Trumpek, milaka lagun bilduta, «azken bataila handira» deitu du Wacon

Atxilotuko zuten zurrumurrua zabaldu eta astebetera, milaka lagun bildu ditu Donald Trumpek, 2024ko hauteskundeetarako kanpainako lehen ekitaldi handian. Auzitara eraman dezaketen ikerketek «motibazio politikoa» dutela berretsi zuen eta Alderdi Errepublikanoko aurkariei ere iseka egin zien.

Donald Trump AEBetako presidente ohia, Wacoko aireportura iristean.
Donald Trump AEBetako presidente ohia, Wacoko aireportura iristean. (Brandon BELL | AFP)

Texasen bihotzean, Dallas eta Austin hiriburuaren erdibidean, dagoen hiri handi samarra da Waco. 1993ko negu-udaberrian, baina, Gobernu federalaren aurkako eskuin muturreko sekta eta milizia armatu batek egin zuen famatu. FBIk bi hilabetez setiatu zuen davidiar sektaren egoitza, eta azkenean, lau agente eta egoitzan ziren 82 lagun hil ziren; 20 ume, horien tartean.

Geroztik, konspirazio teorien eta oro har Washingtonen boterearen aurkako eta supremazismo zuriaren aldeko muturreko jarraitzaileen erreferente garrantzitsuenetakoa da Waco. Hiru hamarkada beranduago, hiri hori bera hautatu du Donald Trumpek, 2024an Etxe Zurira eramatea espero duen kanpainari ekiteko.

Goizean goizetik bildu ziren Trumpen jarraitzaileak –asko dira Texasko bazterrotan– Wacoko aireportuaren inguruko errepideetan. Ekitaldian presidente ohiaren aliatu leialenak mintzatu ziren, hala nola Matt Gaetz eta Marjorie Taylor Greene kongresukidea, eta Trumpen aurkako «sorgin-ehiza» salatu zuten, Alvin Bragg New Yorkeko fiskalaren aurka mintzatuz.

Joan den astean Trumpen aurkako auzibidea abiatuko zela zabaldu zen, 2016ko kanpainan Stormy Daniels porno aktore ohiari egindako ordainketaren harira.

Azkenean, badirudi asteon gerta litekeela auzipetzea; AEBko presidente ohi baten aurka egindako lehen akusazioa litzateke.

Trumpen inguruko beste zenbait ikerketa ere badira, hala nola Georgian 2020ko hauteskundeetako emaitzak aldarazten saiatzeagatik abiatutakoa, Kapitolioaren aurkako erasoarekin loturikoa eta Mar-A-Lagoko egoitzan aurkitu zituzten Etxe Zuriko agiriengatik abiatutakoa.

Biktima gisa

Oholtza hartu eta berehala, Trumpek argi utzi zuen ez duela hauteskunde-lehian atzera egiteko asmorik, auzipetuta ere. Are gehiago, agerikoa dirudi auzibideak aktibo politiko bihurtzeko apustua egingo duela AEBko presidente ohiak, Gobernuaren jazarpen politikoaren biktima gisa agertuz.

«Gure etsaiek ez dakite zer egin gu geldiarazteko», esan zien Trumpek jarraitzaileei. «Ahal duten guztia egin dute gure gogoa txikitzeko eta gure borondatea hausteko, baina kale egin dute. Indartsuago baino ez gaituzte egin. Eta 2024 azken bataila izango da. Benetako bataila handia. Etxe Zurira itzultzen banauzue, akabo haien agintea, eta Estatu Batuak nazio librea izango dira berriz ere».

«Handiputzak eta kriminalak justizia sistematik kanporatuko» dituela aldarrikatu zuen. «Harro egongo zarete, arrazoi duzuela ikusita, eta gure justizia usteltzen ari diren gaizkileak garaituak eta desohoratuak izango dira».

Demokraten gobernuaren eta Justizia Sailaren aurka ez eze, etxe barruan ere banatu zituen irainak Donald Trumpek. Primarioetako balizko aurkari errepublikano gehienek elkartasuna adierazi behar izan diote egunotan presidente ohiari, auzipetzeko zorian dagoela ikusita.

Oraingoz Trumpen hautagaitzari itzal egiten dion bakarra, Ron de Santis Floridako gobernadorea (Wacon «traidore» deitu zioten), kritiko agertu  da, ordea, eta AEBko buru ohiak ohi bezala jo zuen haren aurka. «Harri bat bezala ari da erortzen» esan zuen De Santisi buruz. «Inkestetan oinarrituta, ez dabil batere ondo».