Iraitz Mateo

‘Zomorrotu’, Aintzane Usandizagak ipuin liburu berria argitaratu du

‘Zomorrotu’ da Aintzane Usandizagaren azken lana. Bost istoriok osatzen dute liburua, baina elkarloturik daude pertsonaien harremanak istorio batetik bestera. Bakoitzaren erabakiek eta harremanek inguruari nola eragiten dioten sumatzen da atal bakoitzean.

Aintzane  Usandizaga, bere azken lana eskuan, Zomorrotu
Aintzane Usandizaga, bere azken lana eskuan, Zomorrotu (Maialen Andres | FOKU)

Bizitzari ertz eta perspektiba ezberdinetatik begiratzea gustatzen zaio Aintzane Usandizagari, eta hori da bere azken liburuan egin duena ere. Xabier Mendiguren editorea eta Danele Sarriugarte idazlea lagun aurkeztu du astelehen goizean Donostiako Elkar dendan. Bost istoriok osatzen dute liburua, aitortu du eztabaida askoren ondotik, ipuin-liburu bezala definitu dutela, baina eleberriaren antzik ere baduela, istorio bakoitza elkarrekin lotuta degoelako, pertsonaien bidez.

‘Zomorrotu’ jarri dio izenburua, bi adiera nagusi ditu aditzak idazlearentzat: batetik intsektuarekin lotzen du zomorroa, eta nor bere baitara biltzearekin dago lotuta; bestetik, mozorroarekin lotzen du, eta testuinguru bakoitzean pertsona bakoitzak moldatzeko duen joerari egiten dio erreferentzia, moldatze horri. Eta horrela ibiliko dira liburuko pertsonaia ezberdinak ere.

Inguruz aldatzeak mozorroz aldatzea ekartzen duela sarri azaldu du idazleak. Eta hori da pertsonaiei gertatuko zaiena ere, autoeskolako irakasle sasifilosofoari, lesio bat eta landare asko zaindu beharko dituen aita kezkatuari, ikuspegi originalen bila dabilen musikariari…

Egituraketa berezia du liburuak. Bost ipuinek osatzen dute, eta ipuin bakoitzak bere azpi atalak ditu. Eta aldi berean, ipuin bakoitzak badu lotura besteekin, badago nolabaiteko hari bat. Egituraren bidez, pertsonaien inguruan dugun iritzia aldatzen joaten dela kontatu du, ikuspegi ezberdinetatik ezagutzen delako pertsonaia, eta joku hori gustatzen zaio berari: «Irakurlea bere iritzia sortzen joatea nahi nuen, eta jasotzen dugun informazio bakoitzarekin inpresioak nola aldatzen diren ikustea». Eta hori izango da irakurlearentzako erronka ere, fokua pertsonaia batetik bestera pasatuz, perspektiba aldaketak zalantzak sortuko ditu, zer den erreala eta zer irudikatua zalantzan jartzeraino.

Pertsonaiak dira gakoa

Joku hori egiteko, pertsonaien «errealismoa» garrantzitsua da, eta Sarriugartek ere hori azpimarratu du: «Pertsonaien eraikuntza oso erreala lortzen da, pertsonaien alde ezberdinak erakusten dizkigu Aintzanek, ez delako dena ona edota dena txarra».  Usandizagak, berarentzat pertsonaien arteko loturak pisu berezia izan dutela kontatu du: «Idazten nuen gelan mapa bat nuen pertsonaiekin, eta beraien harremanak nola aldatzen ziren gertakariekin apuntatzen nuen. Guk egiten dugunak, guri eragiteaz gain gure inguruari ere eragiten diolako».

Elkarrizketek erritmoa ematen diote liburuari, eta horregatik garrantzi berezia hartzen dutela onartu dute. Sarriugartek umorea eta «bestelako bizi ereduei» lekua egin izana eskertu dio idazleari. Laguntasunak oso garrantzi handia duela adierazi du: «Gutxitan ikusi dugu laguntasuna horrela islatuta». Maitasunari ere egin dio lekua, eta kodigo batzuk «oso normatiboak» ematen duten arren, egunerokotasunean harremantzeko beste modu batzuk dituztela ikusten da liburuan Sarriugarteren arabera, «eta hor ere badago diferentzia, beti ez da zertan bitxikeriaren alarde egin».

Bide luzea izan du liburua amaitzeak, baina liburuari «emandako denbora» mirestekoa dela aitortu du Sarriugartek. Izan ere, 2019an hasi zen, 2022ko urte hasieran aurkeztu zion liburuaren lehen bertsioa Mendigureni, baina aurten arte ezin izan dute argitaratu. Urtebeteko distantzia horrek on egin diola esan du: «Distantzia hartu dut, eta forma ematea zaila izan den arren, lagundu dit».