Nagore Belastegi

Maputxeen gatazka islatu du Asel Luzarragak Iraultza eta Zigorren azken abenturan

‘Lurrean haziak’ da Iraultza eta Zigor nerabeen trilogia ixten duen liburua, amares sorterrira, Argentinara, eramango dituena. Bertan lagun Maputxe bat egingo dute, eta Iraultza harekin batera bahitua izango da. Luzarragak, beste behin, munduko arazoen inguruan gogoeta sustatu nahi du.

Asel Luzarraga eman berri duen azken liburuarekin.
Asel Luzarraga eman berri duen azken liburuarekin. (Maialen Andres | FOKU)

Iraultza eta Zigorren abentura berri bat dakar Asel Luzarragak. ‘Lurrean haziak’ (Elkar) trilogia baten azken partea da. Traola bildumaren baitan jasoa, gazte literatura da baina «beti diogun bezala, literaturak ez du adinik», aipatu du Antxiñe Mendizabal editoreak aurkezpenean. Izan ere, Luzarragaren pertsonaiak nerabeak diren arren, jorratzen diren gaiak helduak dira, gizartean dauden arazoen ingurukoak.

Hala, lehen liburuan, ‘Uzta garaia’, bi protagonistak aurkezten zaikigu, 14 urteko Iraultza eta Zigor bikiak. Lehenak jakinmin handia du, bigarrena barnerakoiagoa da. Iraultzaren senari jarraituz, kanpamendu batera iristen dira eta bertan sasoikako langileak ezagutzen dituzte, eta horiekin batera ezagutzen ez zuten beste erralitate bat. Jabetza pribatua, kapitalismoa eta giza esplotazioa jorratzen dira hemen.

Bigarren liburuan, ‘Katuak jandakoa’, mihirik gabe jaio diren bi haurren kasua jarraitzen dute anai-arrebek. Metafora bat da eta gizartean dugun demokrazia auzian jartzen da, baita erlijio berria bilakatu den zientzia ere.

Argitaratu berri den liburuan, ‘Lurrean haziak’, nerabeak amaren herrialdera doaz oporretan, Argentinara. Kontatzen denari esker «gure ongizatearen oinarria dena, kolonialismoa eta beste indigenen zapalkuntza» aztertzen da. Izan ere, Luzarragak azaldu bezala, «gu oso harrro gaude euskaldunak Europako azken indigenak garelako, baina beste herri indigenekin ez gara hain adeitsuak izan».

Ama Soniak familia du Argentinan, eta lehengusuaren bitartez Maputxea den gazte bat ezagutzen dute. Eta orduan ikasten dute Maputxeen herria bitan banatuta dagoela, zer diren Matxiak (txamanak, gehienetan emakumeak, herri zientziaren zaintzaileak direnak) eta zergatik ez dauden Argentinako eremuan.

Liburua idatzi aurretik Santiago Maldonado desagertarazi zuen gobernuak Maputxeen kasu batean borrokatzen zuelako, eta horri keinua egin nahian, istorioan Maputxe laguna eta Iraultza bahitzen dituzte. Istorioa, hain zuzen ere, hortik hasten da eta flashbacken bidez kontatzen da nola iritsi diren egoera horretara.

Ziklo baten amaiera

Trilogia honen ideia 2020an sortu zitzaion, pandemia aurretik. Konturatu zen gazteei zuzendutako bere liburu guztiek badutela zerbait amankomunean eta guztien artean unibertso literario bat eraikitzen ari zela. Eta kasu honetan, «Euskal Herrian dugun gizarte demokratikoari begirada kritikoa» zuzendu nahi zion, bikien abenturekin oinarri batzuk ukituz. Istorioa Ondarrate herrian hasten bada ere –Urdaibaien kokatutako alegiazko herria–, munduko beste erralitate batzuk ere islatzen dira.

Trilogia amaitzean bi protagonisten arteko harremana askoz indartsuagoa da, ziklo bat osatzen da nolabait. «Gazteentzako saila amaitzen da, baina agian Iraultzak eta Zigorrek badute gehiago esateko», adierazi du egileak.

Era berean, aipatu du, nahiz eta gai garrantzitsuak beste batzuk diren, maitasuna ere agertzen dela. «Beti maitasun hegemonikoa aipatzen da, bikote harreman batean ematen dena, baina erakutsi diguten baina askoz zabalagoak dira maitasuna, erakarpena eta sexua», aldarrikatu du.