NAIZ
Bilbo

‘Salda badago’: Bilboko Alondegian su txikian kozinatutako komikiak

Hiru komikigile, hirurak emakumeak eta toki desberdinetakoak, elkartu dira Gutun Zuriaren barne ikusgai dagoen ‘Salda dago!’ erakusketan. Alondegiak, Quebec-eko Maison de la Littérature eta Angoulême-ko Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l’image-en elkarlanean egindako ekimena da.

Andrea Ganuza, Clara Chotil eta Charlotte Gosselin.
Andrea Ganuza, Clara Chotil eta Charlotte Gosselin. (GUTUN ZURIA)

Bilboko Alondegian burutzen ari den Gutun Zuria, nazioarteko letren jaialdiak, ‘Salda dago!’ erakusketa zabaldu du asteazkenean Mediateka Galerian, Andrea Ganuza, Charlotte Gosselin eta Clara Chotil ilustratzaileen eskutik. Erakusketa Alondegiak, Quebec-
eko Maison de la Littérature eta Angoulême-ko cité Internationale de la Bande Dessinée et de l’image bultzatutako Komikiaren Nazioarteko Egoitzen esparruen barruan dago. Mediateka Galerian egongo da ikusgai maiatzaren 14ra arte.

‘Salda dago!’ lan handiarekin prestatutako hiru istorioz osatuta dago. Prozesuaren fase desberdinetan eginak dauden hiru ‘protolibro’ ditu. «Hirurak aldi berean ‘kozinatuta’, osagai batzuk errepikatzen dira, adibidez, tipula eta baratxuri olio erre bat etxeko gisatu batean –diote egileek–. Beste batzuk aldiz, berritzaileak izan daitezke, edo baita mingarriak ere: Arriskutsua al da juliana gorri gehiegi hori? Grafitozko marra horiek pixka bat kozinatuago egon daitezke? Lerroaren eta orbanaren arteko kontraste horrek ondo daude, edo irin pixka batekin hobeto lotuta egon daitezke? Hau ez da komiki tradizional bat, zapore berriak egostea baizik».

Hiru egile, hiru istorio

Andrea Ganuza iruindarrak, Alondegiak berak hautatuta, ‘Atraviésame’ Medellin hirian (Kolonbia) 2017tik 2020ra bitartean gertatzen diren istorio laburren bilduma gisa aurkezten den eleberri grafikoaren egilea da. Esperientzia pertsonaletik abiatuta, sentipenen eta poesiatik hurbil dagoen estilo baten bidez.

Charlotte Gosselinen proiektua, Quebec-eko La Maison De La Litteraturek hautatuta, Our Relapses da. Bertan, narrazio poetikoaren, elkarrizketen eta marrazkien artean nabigatzen du artistak, menpekotasunaren, elkarren mendeko harremanen, laguntza taldeen eta berreskurapenaren gaiak sentikortasunez jorratzeko. Bere buruaz ahaztu eta bere bikotekidea salbatzen saiatu den narratzaile bati jarraituko dio istorioak. Bi pertsonaiak oreka eta berreskurapenerako bidea aurkitzen saiatuko dira.

Clara Chotilen proiektua, Angoûleme-ko La Cité Internationale de la Banda Dessinée et L’imagek hautatuta, ‘Tehoka’ izeneko fikzioa da, bi familiaren kontakizun gurutzatuaren bidez Douradoseko (Brasil) lurraldearen historia islatzen duen ikerketa dokumental bat. Valdir, kolono nordestinoen ondorengoa den eta Cecilia, Kaiowá militante gaztearen arteko liskarrak erakusten ditu. Kontakizun hau kolonizazio oso berri baten historian murgiltzen da.

Komikiaren Nazioarteko Egoitza Alondegia Zentroaren Sorkuntzari Laguntzeko Porgramaren barruan dago, komikigintzaren esparruan sorkuntza sustatzeko eta hainbat herrialdetako pertsonen arteko topaketa bultzatzeko, nobela grafikoaren funtsezko ingurune profesionaletan, beste diziplina garaikide artistiko batzuetako artistekin konektatuz.

Solasaldiak

Egunero hainbat egileen arteko topaketak burutzen ari dira Gutun Zuriaren jaialdiaren barne. Gaur, 17.30etan, Bastida aretoan Iban Zaldua eta Miren Narbaiza egongo dira. 19.00etan, auditoriumean, Manuel Ricas eta Gonçalo Tavares. 

Ostegunean, Kubo Baltza, 17.30etan, Uxue Apaolaza, Irene Pujadas eta Beñat Sarasola izango dira. 19.00etan, auditorioan, Pol Guasch, Munir Hacemi, Leire Bilbao eta Sara Torres. Sarrerak Gutun Zuriaren webgunean eskura daitezke.