NAIZ

Ikastolen Elkarteak Lakuari: «Ez ditugu ikasleak beste zentro batzuetara bideratuko»

Aurtengo aurrematrikulazioan ustez oreka hobea lortze aldera Lakuak jarritako irizpideak ez direla betetzen ari salatu du Ikastolen Elkarteak eta erronka ere bota dio: «Matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu». Irakaskuntza publikoan ere ez daude guztiz konforme.

Bildarratz sailburua, Markel Olano aldun nagusiarekin hizketan, Gipuzkoako ikastolen iazko jaian, Ibarran.
Bildarratz sailburua, Markel Olano aldun nagusiarekin hizketan, Gipuzkoako ikastolen iazko jaian, Ibarran. (Gorka Rubio | Foku)

Liskartsua gertatzen ari da aurrematrikulazio prozesua EAEn, hezkuntza akordioaren ostean Lakuak jarritako irizpide berrien ondoren, ikastetxe publiko eta pribatuen artean ikasle banaketa egokiagoa lortzeko helburuaz, segregazioaren arazoa begibistakoa delarik. Asteazken honetan ezohiko batzarra egin du Ikastolen Elkarteak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zentro guztiekin egoera baloratzeko, eta hau jakinarazi dio Jokin Bildarratz buru duen Hezkuntza Sailari: «‘23/24 ikasturterako ikasleen onarpenerako aginduan’ ezarritako oinarriko irizpideak ez dira betetzen ari», eta gauzak honela, «ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu, ez ditugu beste zentro batzuetara bideratuko».

Bere esanetan, «ikastetxe guztiok eskubide eta betebehar berdinak izango genituela adierazi du behin eta berriz» Hezkuntza Sailak, baina gero «joko arau ezberdinak» jartzea leporatu dio.

Jarraian, zaurgarritasun egoeran diren ikasleen auziari heltzen dio Ikastolen Elkarteak. Gako nagusia bilakatu da, aurretik iragar zitekeen bezala. «Zaurgarritasun tasa finkatzeko prozesuaren gardentasun falta azpimarratu nahi dugu. Azken bi aste hauetan matrikulazio prozesuaren emaitzak eta ikastolek kontzertaziorako dituzten aukerak ezagutu ditugu eta, ondorioz, egonezin handia sortu da bai ikastoletan, bi familien artean», erantsi du. Lau arrazoi aipatu ditu: «Familiek aurrematrikulazio prozesuan bete dituzten galdetegiak baloratzeko unean erabilitako irizpideak ez ditugu ezagutzen; familien fluxuaren prozeduraren nondik norakoak ere ez; ez ditugu ezagutzen ikastola bakoitzaren eragin eremuko bete ikastetxeen zaurgarritasun tasak; eta ikastetxe bakoitzean (ikastola saretik kanpo) barematu beharreko ikasle edo familia kopurua ere ez dugu ezagutzen».

Hau guztia dela eta, «familien fluxua ez da modu orekatuan egiten ari», ondorioztatu du Ikastolen Elkarteak. «Hezkuntza Sailak behin eta berriz adierazi du matrikulazio prozesua amaitzerako garaian ikastetxe batek onartu ezin izan dituen ikasle kopuru bera jasoko duela beste ikastetxe batetatik. Hau da, aurrematrikulazioan izandako eskari kopuru berdina matrikulatu ahal izango duela. Jakin badakigu hori ez dela horrela gertatu gure ikastoletan, eta, kasu askotan, jasoko diren baino ikasle gehiagori irteera ematea eskatu dela», zehaztu du.

Oharrean ez da honen aipamenik egiten, baina Zarauzko ikastolan honengatik gurasoen protestak gertatu direla aipatu du EiTBk.

Honen aurrean zenbait erabaki iragarri ditu batzarrak. «Familiek aurrematrikulazio prozesuan bete dituzten galdetegiak baloratzeko erabilitako erizpideak publikoki argitaratzea» eskatzen du, errekurtsoak aurkeztuko dituztela aurreratzen du, eta honako hau erantsi du: «Familien fluxua gertatzen den garaian gure ikastoletan libre geratu diren plazak ez badira betetzen, aurretik matrikula eskaera egin zuten familiekin osatuko ditugu. Hau da, ikastola bati dagozkion ikasleak (izan zaurgarriak ala ez) etortzen ez bazaizkio, matrikulazio kopuruak bertan aurrematrikula egin duten eta baremazioaren ondorioz kanpo geratu diren familiekin beteko ditugu, beste ikastetxe batzuetara bideratu gabe».

EHIGE: «Ez da lortuko»

Ikastolen Elkarteak salaketa gogor hau egin arren, hezkuntza publikotik ere zenbait kexa heldu da, aurrematrikulazio prozesu berritu honetaz. Ikastetxe batzuetan ez daude planteatzen den ereduarekin eta garatzen ari den moduarekin konforme.

Honezaz gain, aurretik jada «segregazioari aurre egiteko neurriak eskasak direla» salatu zuen EHIGEk, hezkuntza publikoan diharduten gurasoen elkarteak biltzen dituen erakundeak. «Lehen aldiz funts publikoen bidez finantzatutako ikastetxe guztiek 2 urteko ikasle zaurgarrientzako plazak gorde beharko dituztela» onartu zuen ohar batean, baina hori gero ez dela ondo arautzen salatu zuen.

«Eskaerek ikastetxean dauden plazak gainditzen dituztenean bakarrik jarriko dira martxan baremazioa eta plazak erreserbatzeko mekanismoa –nabarmendu zuen EHIGEk–. Baina gehiegizko eskaintza dagoela eta jaiotza-tasa jaisten ari dela kontuan hartuta, baremazioa urria izango dela eta ikasleen eskolaratze orekatua ez dela lortuko uste dugu».