NAIZ

Gasteizek frankismoaren biktimak oroitu ditu Azazetako sarraskiaren urteurrenean

Lore eskaintza eta aurresku batekin Lakuako, Arabako foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko hainbat ordezkarik frankismoaren biktimei omenaldia egin diete ostiral honetan, Azazetako sarraskiaren urteurrenean. EH Bildu, Podemos, Ezker Anitza eta Berdeak-Equo alderdiek ekitaldia egingo dute larunbatean.

Azazetako sarraskiaren biktimak oroitu ditu Gasteizek.
Azazetako sarraskiaren biktimak oroitu ditu Gasteizek. (Gasteizko Udala)

Gasteizek frankismoaren biktimak gogoratu ditu ostiral honetan, Frankismoaren Biktimak Oroitzeko eta Aitortzeko egunean. Duela bost urtetik egiten dute omenaldi hau ‘Isiltasunean Oihuka’ eskulturaren aurrean Postas eta Agirre Lehendakaria kaleek bat egiten duten tokian.

Arabako erakundeetako ordezkariek Teodoro Gonzalez de Zarate hiriko alkatea oroitu dute. 1937ko martxoaren 31n fusilatu zuten Azazetako mendatean tropa frankistek altxamenduaren aurkako beste 15 pertsonekin batera, Juan Francisco Diaz de Arcaya zinegotzi sozialista tartean.

Ekitaldian lore eskaintza egin dute eta aurreskua dantzatu dute. Gorka Urtaran alkatearekin batera Miren Fernandez de Landa Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzia, Maider Etxebarria alkateordea, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Lakuako sailburua, Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidentea, Aintzane Ezenarro Gogora Insitutuko zuzendaria eta Arartekoaren, Batzar Nagusien eta Gasteizko Legebiltzarraren ordezkariak izan dira.

Larunbatean, Santa Barbara plazan

Bestalde, Azazetako sarraskiaren 87. urteurrenaren harira, EH Bildu, Podemos, Ezker Anitza eta Berdeak-Equo alderdiek ekitaldi politiko bat antolatu dute larunbaterako Gasteizko Santa Barbara plazan 12.30etan. Asmoa «errepresio frankistaren biktima guztientzako justizia eta erreparazioa» eskatzea da.

Bide batez, alderdiek eskatuko dute «Arabako erakundeek frankismoaren aurkako kereila jar dezatela epaitegietan gizateriaren aurkako krimenengatik, inpunitatearekin amaitzeko eta gerraren eta diktaduraren krimenak epaitzeko mekanismoak bidera daitezela, artxiboak argitara daitezela eta estamentu judizial eta politikoek irekita dauden bide judizialekin lankidetzan jardun dezatela, hala nola Argentina kereilarekin».