Reala-Athletic: Premia desberdinak baina derbia irabazteko gogo berak

Reale Arenak Realaren eta Athleticen arteko norgehiagoka hartuko du igandean. Donostiarren denboraldi amaierako helburu zehatz bakarra da; talde zuri-gorriak, berriz, puntuak behar ditu jeitsiera postuekiko aldea handitzeko.

Arroyo eta Iturregi, lehen itzuliko derbiaren aurreko irudi batean.
Arroyo eta Iturregi, lehen itzuliko derbiaren aurreko irudi batean. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Realak eta Athleticek ez diote derbiari egoera onenean ekingo baina baliteke zelai gainean ez nabaritzea. Ez, behintzat, intentsitateari eta esfortzuari dagokienez, irabazteko gogoak betikoak izango dira eta premia ere badagoelako.

Athleticen aldetik, batez ere, zuri-gorriak beherantz kezkaz begiratuz iritsi baitira denboraldi amaierari. Donostiarren kasuan, beharrak beste konnotazio batzuk izango lituzke, sailkapen-estutasunik ez dagoelako. Baina ibili duten bidea espektatibetatik oso urrun dago eta hasierako helburuak desagertu izanak, presio faltagatik futbol alaiago batean eragin zezakeenak, taldea azken urteotako joko eta emaitza goibelenetara eraman du. Nerea Eizagirrek onartu duen bezela, «denboraldia gogorra izaten ari da» eta derbiak «hiru puntu lortu eta denboraldi amaierarako sentsazio onak hartzeko» aukera eskainiko du. «Derbiak derbiak dira, urteko partida garrantzitsuenetakoak eta puntu horiek etxean geratzea nahi dugu, zaletuak gustora amaitzea eta batez ere guk sentsazio onak izatea», esan du.

Bere entrenatzailearen ustetan ere, derbia izatea nahikoa da motibazioa suspertzeko, taldeen egoera kontuan hartu gabe. «Bolada onean zaudenean, irabazi nahi duzu; eta txarra denean, baita ere. Derbiak barrutik mugitzen dizu eta gainera zelaia zabaltzen digute, jende asko etortzea gustatuko litzaiguke, San Mamesen bizi genuenaren antzeko zerbait bizi eta euskal futbolaren festa izatea. Eta guk hiru puntuak nahi ditugu, hazteko eta berregiteko gogoa dugu; ondo jokatu, energiarekin, jendearekin konektatuz, ondo setituz... Eta bultzatzen bagaitu, askoz hobe», azaldu du Natalia Arroyok.

Edozein kasutan partida, edo zehazkiago puntuak, garrantzitsuagoak dira Athleticentzat, Sevillaren aurka irudi ona eskaini arren puntu bakarra lortu eta jeitsiera postuetatik lautara besterik ez baitako. «Oso garrantzitsua da –aitortu du Iraia Iturregik–. Taldeak izugarrizko lana egin zuen beste egunean baina soilik puntu bat lortu zuen eta hiru puntu hauek, aurreko berdinketa hori ona bilakatuko lukete. Beste aldetik, beste eszenatoki on batean partida ona egiteak asko emango lioke taldeari konfianrza aldetik. Derbiaren ondoren sei partida jokatu beharko ditugu denboraldia amaitzeko eta horietako bost beheko taldeen kontra, gehienak etxean, eta igandean irabazteak izugarrizko konfiantza emango liguke bai puntu aldetik baita sentsazioen aldetik ere».

Ez du uste, hala ere, entrenatzaile zuri-gorriak premiak abantaila emangio dionik Athletici tentsioari eusteko, ez eta Reala lehen itzulikoa edo joan den denboraldikoa baino aurkari errazagoa izango denik ere, bolada txarrean egon arren. «Egia da Realak aurten ez dituela lortu iazko emaitza, ez eta, agian, sentsazioak ere. Baina izugarrizko denboraldia izan zen eta oso zaila da talde batentzat maila hori mantentzea –azaldu du–. Gainera, taldea berdintsua da, izugarrizko jokalariak ditu, azkarrak eta baloiarekin oso ausartak direla. Egia da akats nabariak egin dituztela partida batzutan eta Liga honetan garesti ordaintzen dira. Baina ez dut uste aurkari errezagoa izango denik eta konfiantza aldetik egia da ez dutela dagoeneko helburu handirik baina gu ez bezela, sailkapenean ez dute deserosotasunik eta lasaiago jokatu dezakete».

Gauzak horrela, Iturregi derbi klasiko bat ikusiko dugulakoan dago. «Ez dira gol askokoak izaten. Oso partida intentso bat espero dut. Haiek oso jokalari azkarrak dituzte aurrean, barruan sartu eta superioridadeak sorten dituen Nerea, azken pasea ere badaukala, eta eraso antolatuan eta kontraerasoan oso trebeak dira. Posible da baloiaren jabetza eurek guk baino gehiago izatea, horretan oso trebeak baitira eta normalean horrela izaten da euren partida guztietan eta, ondorioz, defentsa lanetan komunikazio eta orden handia izan beharko dugu. Eta baloia daukagunean, San Mamesen aritu ginen bezela, agresiboak izan behar gara, aurrera joanez ahal dugunean. Eta ia beti gertatzen den moduan, area bietan fin ibiltzea erabakigarria izango da».

Bat egin du Arroyok zuri-gorriaren aurreikuspenekin, «baloiaren jabetzatik abiatuta jokoa menderatzen saiatuko den Reala ikusiko» dela espero baitu, «erritmo on batekin eta intentsitate defentsibo altuarekin. Eta Athletic gure jokoa sailtzen eta kontraerasoan min egiten saiatuko da». Gustatuko litzaioke entrenatzaile zuri-urdinari lehen itzulian gertatutakoa errepikatzea –Realak 1-3 irabazi zuen San Mamesen–, partida perfektoa izan ez bazen ere. «Oso ondo jokatu genuen baina ezin izan genuen markagailua argitu bigarren zatia nahiko aurreratuta egon arte. Athleticek eutsi egiten die bere une onei eta lehiatzeko gaitasuna du, gauzak ondo ez doazkionean ere. Horrekin adi egon behar gara eta areatan eranginkorrak izan.