NAIZ

3.500 lagun mobilizatu dira martxoko azken ostiralean, Etxeraten datuen arabera

Dispertsioaren amaiararen ondoren salbuespenezko legediarekin amaitzeko lanean jarraituko duela nabarmendu du Etxeratek martxoko azken ostiraleko elkarretaratzetan. 3.500 lagun elkartu dira, talde honek eta Sarek antolaturiko mobilizazioetan.

Iruñeko elkarretaratzea Sarasate pasealekuan.
Iruñeko elkarretaratzea Sarasate pasealekuan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Etxeratek zabaldu dituen datuen arabera, 3.500 lagun mobilizatu dira presoen eskubideen alde martxoko azken ostiralean Sarerekin batera Euskal Herrian zehar izan diren 68 elkarretaratzetan. Herri gehiagotan mobilizazioak izan direla gaineratu du Etxeratek, baina horien gaineko datuak ez dituztela jaso azaldu du.

«Gauzatzen ari garen bezalako ehunka mobilizazio burutu izan ditugu dispertsioa behin betiko bukatzea eskatuz, kaleak bete ditugu hamaika bider aldarrikapen horren atzean. Ezberdinekin egon gara, adostasun zabalak erdiesteko hamaika ahalegin eginez, eta azkenean gehiengo sozial, politiko eta sindikal bat ere egon da lan horren atzean», nabarmendu du Etxeratek.

Ibilbide honetan errepidean hil diren 16 senide eta presoen gertukoak gogoan izan zituzten, erbestean eta deportazioan hildakoekin batera.

«Presoen senide eta gertukoei motxila astunaren zama arintzen lagundu dieten guzti-guztiak ere gogoan ditugu gaur; autobus gidariak, Mirentxineko boluntarioak, Frantzian eta Espainian bidaietan eta bisitetan laguntzeko prest egon diren lagunak eta elkartasunez jokatu duten herritar guztiak», gaineratu du Etxeratek.

«Eta hemendik aurrera zer?»

«Eta hemendik aurrera zer?» galderari erantzuteko honakoa adierazi du Etxeratek: «Ba orain lanean jarraituko dugu, harremanak sustatuz eta aktibazioa bilatuz, plazak betez eta gure aldarrikapenak lau haizeetara zabalduz. Soilik horrela lortuko dugulako euskal presoei lege arrunta aplikatzea eta salbuespenezko legedia desagerraraztea».

«Bidean gaude beraz. Emakume presoek pairatzen duten zigor soziala, pertsonala eta penala salatzeko kalera atera ginen martxoaren 8an. Bestetik, aro berri honetan euskal presoek oraindik orain jasaten dituzten eskubide urraketak salatzeko eta etxerako bidea egiteko dituzten oztopoen salaketa egiteko etxera egunak gauzatzen ari dira han eta hemen», gaineratu du gaur Donostian dispertsioaren eraginez hildako senideen memoria aitortu eta erreparazio ofizialaren norabidean aurrerapausoa egitearren ekitaldia egingo dutela gogoratuz.

«Aurrera egin dezagun beraz. Etxera lelopean, azken urteetan egin dugun bide beretik, lanean jarraitu behar dugu etxerako bideari bukaera eman arte», laburbildu du Etxeratek.