NAIZ

Herrian duintasunez bizi ahal izateko aldarriak milaka pertsona batu ditu bigarrenez Baionan

Apirilaren lehen honetan, milaka herritarrek erantzun diote ‘Herrian bizi’ plataformak egin deialdiari Baionan. Bigarren etxebizitzen fenomenoaren aitzinean, ‘Stop! Aski!’ ildoa abiatuko dutela iragarri dute antolatzaileek.

Etxebizitza eskubidearen alde Baionan egin den manifestazioko irudia.
Etxebizitza eskubidearen alde Baionan egin den manifestazioko irudia. (Patxi BELTZAITZ)

Baionako karrikak berriz ere etxebizitza eskubidearen aldeko topaleku bilakatu dira apirilaren 1 honetan. 32 eragile biltzen dituen ‘Herrian Bizi-Se loger au Pays’ plataformak deiturik, arratsaldeko 15.30ak aldera Pirinio Atlantikoko suprefetura aitzinetik abiatu den manifestazioan 3.500 lagun bildu dira, antolatzaileen arabera.

Hitzorduaren aurretik ere –berez 15.00etan hastekoa zen martxa– hiriburu lapurtarreko karriketan bero zen giroa. Kantuak, jan-edanak eta festa giroak batu ditu hainbat lagun Roland Barthes zelaigunean. Eta modu berean abiatu da manifestazioa, indartsu, euriak bere agerraldia egin duen arren. ‘Aberatsak zergapetu, ez maizterrak’ edo ‘turismo inbaditzaileegia, gure etxeetan bizi nahi dugu’ bezalako mezuak erakutsi dituzte herritarrek.

Mobilizazioaren baitan hitza hartu dutenen artean izan dira Maialen Errotabehe eta Txomin Heguy. Bozeramaile hauek azpimarratu dute herri mobilizazioak aldaketak eragiten dituela. 2021eko azaroaren 21ean etxebizitza eskubidearen alde egin zen manifestazioa hartu dute adibidetzat. Ordukoan 8.000 pertsona mobilizatzea lortu zuen ‘Herrian Bizi’ plataformak eta deialdi horren bidetik biderkatu diren ekintzen segidan, besteak beste, hautetsiek etxebizitza turistikoei mugak ezartzeko onartu konpentsazio araua ekarri dute gogora lorpen gisa.

Horrez gain, gogora ekarri dute orain urte eta erdiko martxak bultzatu zuela Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako Prefeta ohiak Euskal Elkargoaren alokairuak mugatzeko dispositiboan sartzeko hautagaitza sustengatzera.

«Garaipen hori indar kolektiboarena da, fenomeno horri aurre egiteko aterabide bat eraikitzeko mobilizatu den lurralde batena», adierazi dute.

Hala ere, «egoera konpondua izatetik oso urrun» dagoela ohartarazi du: «Merkatu libreak oraindik ere eragin kaltegarriak ditu. Higiezinen krisiak Ipar Euskal Herriko gizartearen atal guztiak ukitzen ditu, bereziki babesik gabe daudenak eta behardunenak baina baita erdi mailako klaseak ere». Gaineratu du, zentzu horretan, urtero ehunka direla lurraldean zenbatzen diren bigarren etxebizitzak, egungo 45.000ko kopurura ailegatu arte.

Etxebizitza sozialen alorrean «eskasi ikaragarria» dagoela ere aipatu du plataformak eta egoera jasanezina bilakatzen ari dela salatu du, hainbeste, ezen egun bigarren etxebizitzak sozialak baino bi aldiz gehiago baitirela. Orotara, Ipar Euskal Herriko etxebizitzen %20 bigarren etxebizitzak dira.

Alor honetan, ‘Herrian Bizi’-k defendatzen du etxebizitza sozialari lehentasuna ematea, bizitokien %40a gutxienez alokairu sozialen parkea hornitzeko zuzenduz eta beste %20 baldintza sozialen menpeko salerosketara bideratuz.

Izan ere, eraikuntza berrien hedapenak laborantza lur gehiago jateak eta lurralde antolaketaren ondorio ekologikoek geroari buruz eragin handia dutela ohartarazi du Errotabeherek.

Bigarren etxebizitzen kontrako ildo berria

Halere, fatalismora ez dutela joko argi utzi du eta Ipar Euskal Herrian ondoko asteetan erosteko asmoa duten pertsonengana zuzendu da. «2024ko urtarrilaren 1etik goiti, ez dugu onartuko bizitoki nagusia den etxebizitza bakar bat ere erosia izatea bigarren etxebizitza bilakatzeko. Publikoki, tokiko biztanleek herrialdean ostatu hartzeko eta bizitzeko duten eskubidearen aurkako eraso zuzen eta onartezintzat hartuko dugu», ohartarazi du Errotabeherek.

Hori dela eta, anbiguotasunik gabeko mezua zabaldu dute larunbat huntan Baionan eta saltzaileengana ez ezik, Ipar Euskal Herrian bigarren etxebizitza bat eskuratzeko asmoa dutenengana begira jarri dira. ‘Stop! Aski!’ lema erabiliko dute egoitza bat bigarren etxebizitza bilakatzen den aldiro. Gaurdanik izenpetzeko manifestu bat kaleratu dute, frantziar Estatuan ere hedatuko dutena.

Bestalde, ondoko hilabeteetan Etxebizitzen Tokiko Planaren urteko jarraipena, Tokiko Hirigintza Planak eta SCOT Lurralde Koherentzia Eskema «hitzordu garrantzitsuak» izanen direla aitzinatu dute. «Bereziki erne egonen gara hautetsien engaiamenduak ondorio zehatzetan jarraituak izan daitezen. Tokiko hautetsien ardura osoa baita», adierazi dute jende multzo handiaren aitzinean.

«Espekulazioaren eta merkatu librearen aitzinean, denek etxebizitza bat izateko dugun eskubidea gutxi batzuek bi edo hiru izatearen gainetik jarria izan dadin, soilik antolaketa kolektiboak, elkar laguntzak eta herri mobilizazioak ahalbidetuko digu egoera iraultzea eta biharko garaipenak elkarrekin eraikitzea!», aldarrikatu du ‘Herrian Bizi’ plataformak mobilizazioaren amaieran.