NAIZ

Alavesek urrezko hiru puntu ekarri ditu El Alcoraz Huescako zelai zailetik (0-1)

Tenagliak bigarren zatian sartutako golak balio izan die Babazorroei, Huesca mendean hartzeko, eta berriro ere, ligako lehen bi postuen arteko lehia betean sartzeko. Partidan taldeen arteko berdintasuna izan da nagusi. Babazorroek Andorarren aurka jokatuko dute hurrengo neurketa.

Tenaglia Huescari sartutako gola ospatzen.
Tenaglia Huescari sartutako gola ospatzen. (@Alaves)

Alavesek bazekien gaur hiru puntuak eskuratzen bazituen, ligako lehen postuen arteko lehian sartuko zela berriro ere. Izan ere, herenegun bai Levantek bai Eibarrek bana berdindu zuten. Bada, gasteiztarrek aukera probestu dute, eta Tenagliak bigarren zatian sartutako gol bati esker hiru puntuekin itzuli da etxera. Garaipenak are meritu handiagoa du, kontuan hartuta denboraldi honetan El Alcorazen bakarrik Cartagenak irabazi duela.

Luis Garcia Alaveseko entrenatzaileak espero zitekeen hamaikakoa zelairatu du: Abqar eta Blanco hamaikakora itzultzeaz gain, pasa den astean beren herrialdeko selekzioekin egon baitira, berritasun bakarra Miguel de la Fuente aurrelaria izan da.

Lehen zatian taldeen arteko berdintasuna izan da nagusi. Biek ala biek defentsan zuloak ixten ahalegindu dira, eta arrisku gutxi hartu dute erasoan. Hori bai, lehen zatiko hondarrean gasteiztarrek goleko bi aukera garbi eduki dituzte, biak Jasonenak. Lehena, urrutiko jaurtiketa indartsu baten bitartez, eta, bigarrena, minutu bat geroago, Duartek erdiratutako baloiari buruz jota, gutxigatik joan zaio kanpora eskuin hegaleko jokalariari.

Bigarren zatia lehengo lepotik burua izan da. Babazorroen prestatzaileak 60. minutuan bi aldaketa egin ditu, Toni Moya eta Asier Villalibre zelairatuta, Salva Sevilla eta De la Fuenteren ordez. Hala ere, Garciak marrazkia ez du aldatu.

Aulkitik atera diren bi jokalariak ez, alboko atzelariak izan dira protagonista partida erabaki duen golean. Duartek bigarren zutoinera egindako erdiraketa indartsua errematatu du buruz Tenagliak, eta Alaves aurretik jarri du markagailuan, 0-1. Duarte ezker alboko atzelariak, gaurkoa gehituta, denboraldi honetan sei goleko pase egin ditu, eta azken jardunaldietan erasoan egiten ari den lana erabakigarria izaten ari da gasteiztarrentzat.

Partidaren azken minutuetan, joan-etorri asko egon diren arren, Babazorroek markagailuari eutsi diote eta zelai zail batetik hiru puntuak poltsikoratu dituzte.

«Zortzi final» geratzen dira

Partidaren ondoren, Tenaglia goleatzaileak hitz egin du, eta nabarmendu hiru puntuak eskuratu dituztela «zelai zail batean», eta berriro ere, goiko postuetako «borrokan sartu» direla.

«Taldeak lan handia egin du, eta duen guztia eman du 90 minutuetan». Aurrelariak gaineratu du «zortzi final» geratzen direla. «Pausoz pauso helburua lortu nahi dugu, eta bide bakarra lanean jarraitzea da».

 

PARTIDAKO FITXA

Huesca: Andres Fernandez; Ratiu (Kante, min. 78), Pulido, Vilarrasa (Mateu, min.78), Blasco; Valentin; Real (Martinez, min.71), Sielva, Muñoz (Lombardo, min32), Salvador; y Obeng (Carrillo, min.71).

Alaves: Sivera; Tenaglia, Sedlar, Abqar, Duarte; Jon Guridi (Laguardia, min. 90+3), Salva Sevilla (Moya, min.61); Blanco, Remeseiro (Lopez, min.87), De la Fuente (Villalibre, min.61); y Luis Rioja Balboa, min.90+3).

Epailea: Raul Martin Gonzalez Frances (Madrid). Txartel horia Lombardo (53’); Sedlar (55’) Salva Sevilla (57’) y Guridi (79’).

Golak: 0-1, min.72: Tenaglia

Gertakariak: LaLiga SmartBankeko 34. jardunaldiko partida El Alcoraz Huescako futbol zelaian.