Andoni Arabaolaza

Genis Zapaterrek eski-alpinismoko hamaika orduko zeharkaldi handia egin du

Mendiko eskiatzaile zein alpinista katalan Genis Zapaterrek Astazou, Perdido eta Taillon mendien iparraldeko murruak lotu ditu. Gavarnieko eski-estazioa irteera eta helmuga izan du.

Mendiko eskia eta alpinismoa egun bateko jardunean elkartzea modan jarri zen aspaldi. Egun, batez ere Alpeetan, izaera horretako aktibitate ugari egiten ari dira.

Adibidez, Benjamin Vedrines frantziarrak berriro ere ahoa bete hortz utzi gaitu. Ecrins mendilerroan egin berri du azkena. Les Chaux herrian hasi da eta mendilerro horretako beste muturrean dagoen Villar d´Arene herrian amaitu du. Eta ibilbide horretan Pelvoux (3.946 m), Dome des Ecrins (4.015 m) eta Meije Orientale (3.891 m) mendiak igo ditu. 6.500 metroko goranzko desnibela, hiru mendi handi eta hamalau ordu jarduera osoa biribildu ahal izateko.

Hori da espezialista handi horrek Alpeetan egin duen lotura azkarra eta ikusgarria. Baina hain urrun joan gabe, etxean bertan, hots, Pirinioetan, antzeko aktibitateak egiten dituzten kirolari oso sasoikoak daude. Bederen, horrela erakutsi du Genis Zapater katalanak. Alpinista izateaz gain, mendiko eskian eskarmentu handia du. Eta Vedrines frantziarrak bezala, alpinismoa eta eskia uztartuz, Zapaterrek lotura azkarra eta ikusgarria sinatu du. Hain zuzen ere, martxoaren 20an, Gavarnieko eski-estaziotik irten, Astazou, Perdido eta Taillon mendien iparraldeko hormak igo eta aipatutako eski-estazio horretan bertan amaitu zuen hamaika orduko zeharkaldi dotorea.

3.000 metroko garaiera duten hiru mendi horiek kateatzea, Gavarnie irteera eta helmuga puntua izanik, ez da berria. Hala ere, Zapaterrek bakarkako estiloan eta oso azkar biribildu du. Alpinista katalanaren lehen hausnarketa honako hau izan da. «Ziur aski, mendilerroko eski-alpinismoko zeharkaldi ederrena da. Eta, gainera, oso agerikoa eta naturala. Pirinioetako bihotzean jarduten da, eta hirumilako horiek iparraldeko isuritik igotzen dira. Hitz batean esanda, eski-alpinismoko maisulana da. Nahiz eta hamaika orduan egin dudan, bizpahiru egunetan egitea da egokiena. Helburu hori aztertzen hasi nintzenean, banekien kateatze hori, besteak beste, Alfons Valls eta Alfonso Gastonek egina zutela. Pierra Menta lasterketa entzutetsutik itzuli zirenean, xede horretan sartu ziren. Eta onartu behar dut bat-batean zeharkaldi horrekin maitemindu nintzela», azaldu zuen Zapaterrek.

Bere kide katalanek bezala, Zapaterrek eski-alpinismoko zeharkaldia lagun batekin egin nahi zuen. Baina inork ez zuen bat egin bere asmoarekin: «Anaiarekin zein lau adiskiderekin hitz egin nuen, baina guztiek ala guztiek ezezko biribila eman zidaten. Orduan, gehiegi pentsatu eta hausnartu gabe, bakarrik egitea otu zitzaidan. Eta zalantzarik gabe, jarduera horren eiterik ederrena izan da. Mendiko eskiatzailea zein alpinista naiz, munduko mendilerro askotan (Alaska, Patagonia…) ibilia naiz eta, eskuarki, jarduera ia gehienak sokakideekin egin ditut. Baina bakarka, sokarik gabe, hain arriskutsua… inoiz ez. Argi dut Gavarnieko zeharkaldi horrekin muga batzuk hautsi ditudala».

Baldintzei begira

Jakina denez, gaur egungo klimaren aldaketek erabateko eragina dute baldintzetan. Eta hori, adibidez, amaitu berri den neguan ikusi dugu. Hain zuzen ere, zeharkaldia egin baino lehen, gai horrek zalantza ugari sortu zizkion. Arestian aipatu dugunez, udaberriaren lehen egunean, martxoaren 20an, egin zuen: «Astazouko Swan korridorearen inguruan berriren bat edo beste jaso nuen. Xede hau hasi aurretik, hiru aste lehenago, mendizale batzuk korridore horretan ibili ziren. Perdidoko iparraldeko isuriaren inguruan, ordea, ez nuen informaziorik. Eta Tailloneko pareta laiotz hori baldintza eskasetan zegoela banekien. Izan ere, aurreko egunetan hiru alpinista frantziar erreskatatu zituzten. Nolabaiteko ziurtasuna izateko, hiru egun lehenago Swan korridorea eskalatu nuen. Eta konturatu nintzen baldintza egokietan zegoela».

Baina zeharkaldiari ekiteko prest zegoen egunean, martxoaren 18an, alegia, elurra egin zuen. Biharamunean ez zuen atertu, eta soilik udaberriaren lehen eguna zuen aprobetxatzeko; izan ere, lanera itzuli behar zuen. Zorionez, zerua garbitu eta goizeko lauretan Gavarnieko eski-estaziotik irten zen: «Eski-estazioa irteera puntua (eta helmuga) izatea erabaki nuen, batez ere herrian zein haren ingurumarian elurrik ez zegoelako, eta ez nituelako eskiak bizkarrean eraman nahi».

Irten eta bi ordura, katalana Swan korridorearen sarreran zegoen. Hara iristeko, 700 metroko desnibela gainditu behar izan zuen, eta ia ibilbide osoan (elurrik ez zegoen) eskiak bizkarrean garraiatu behar izan zituen. «Korridorean sartu bezain laster, ohartu nintzen baldintzak oso txarrak zirela. Hiru egun lehenagokoak askoz ere hobeak ziren. Goitik etengabeko elur jarioa (spindrift) izan nuen. Hori gutxi balitz bezala, elurra ere oso egoera kaskarrean zegoen. Hain zuzen ere, aurreko eguneko elurteek eragin zuten egoera txar hori. Ia igoera osoan garbitze lanak egin behar izan nituen. Izotz-jauzian, bederen, bost metro horietan ondo ibili nintzen. Baldintza horietan korridorea hiru orduan igo nuen. Ondoren, Marborera jaitsi nintzen», azaldu du.

«Eski-estazioa irteera puntua (eta helmuga) izatea erabaki nuen, batez ere herrian zein haren ingurumarian elurrik ez zegoelako, eta ez nituelako eskiak bizkarrean eraman nahi»

Lehen mendia, Astazou, patrikan zuen, beraz. Eskiak jarri eta Perdidoko iparraldeko isurira abiatu zen. Zapaterrek onartu du tarte hori oso gogorra izan zela. Elurteak izan zirenez, inguru hartan ez zen eskiatzailerik ibili, eta, hortaz, ez zegoen arrastorik: «Hainbat zentimetroko elur geruza pilatu zen, eta une oro urratsa zabaltzen jardun nuen. Azkar nindoan, den-dena ematen, baina une jakin batzuetan erritmoa mantsotu behar izan nuen. Lan horrek asko nekatu ninduen».

Etsi ordez, aurrera jarraitu zuen. Gogoratu behar dugu kirolari oso indartsua dela eta oso ohituta dagoela desnibel handiko jarduerak egiten. Perdidoko oinarrian berriro ere aurreko buruhaustearekin topo egin zuen. Hots, baldintza oso eskasekin. Gainera, amaierako tximinia oso-oso lehor zegoen. Oinak arrokan eta pioletak izotzean, horrela eskalatu zuen azken tarte tekniko hori. Perdidoko gailurra zapaldu bezain laster, “Escupidera” izeneko malda arriskutsutik jaisten hasi zen: «Beste isurian nengoen, eta ikusi nuen aldapa horretan ez zegoela urratsik. Oinez jaitsi ondoren, konturatu nintzen eskiekin jaisteko ez zegoela hain gaizki».

Zalantzak uxatzeko betarik izan ez zuenez, bere kide eta Goriz aterpeko zaintzaile Joan Maria Vendrellekin telefonoz hitz egin zuen. Eta azken horrek esan zion aterpera eskiekin jaistea ez zela ideia ona. Plana aldatu zuen, beraz. Vendrell Zapaterrengana joan zen eta, ibilbide alternatibo bat aukeratu ondoren, Tailloneko iparraldeko murruaren oinarrira elkarrekin joan ziren.

«Badakit baldintzen arabera Taillon asko aldatzen dela. Hamaika urte nituela, aitarekin eskalatu nuen»

Azken eskaladari ekin aurretik, gure protagonistak murru hotz horretan urratsak zeudela ikusi zuen: «Ez nuen argi ikusi eta, hortaz, ez nituen jarraitu. Hormaren oinarrian geundela, beste ibilbide bat aztertu nuen. Elur zelaiak aukeratu nituen, besteak beste, hobeto orientatzeko. Azkenean, ohiko bidea ez den beste marra bat igo nuen. Badakit baldintzen arabera Taillon asko aldatzen dela. Hamaika urte nituela, aitarekin eskalatu nuen. Elur asko zegoen eta igoera oso samurra izan zen. Baina azken jardueran arrokazko irtengune asko zeuden».

Gavarnieko eski-estaziotik irten eta hamar ordura Tailloneko gailurrean zen. Alpinista katalanari azken jaitsiera besterik ez zitzaion falta. Eta ohiko ibilbidetik, ordubetean, aipatutako eski-estaziora heldu zen.