Manex Altuna

Ordizia play-offetara begira eta Gernika jaitsiera ekidin ezinik

Goierriko taldeak Pozuelo gainditu du Altamiran (45-29) eta bizkaitarrek galdu egin dute Belenosen kontra Urbietan (5-27). Hiru jardunaldi geratzen dira Ohorezko Mailako ligaren bigarren fasea amaitzeko.

Gernikak eta Oriziak abenduan Urbietan jokatutako derbia.
Gernikak eta Oriziak abenduan Urbietan jokatutako derbia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Ordiziak denboraldiko zortzigarren garaipena lortu du Altamiran eta eskura dauka Ohorezko Mailako play-offak jokatzeko sailkapena. Goierriko mutilek Pozuelo mendean hartu dute eguerdian (45-29) eta bigarren faseko B multzoaren bigarren postuan kokatu dira liga amaitzeko hiru jardunaldi falta direnean.

Alain Araña uztartze erdiak hiru entsegu egin ditu eta Valentin Cruzek hamar puntu eskuratu ditu hankarekin. Oier Goiak eta Bryan Gonzalezek beste bi entsegun lortu dituzte. Aste Santuaren ostean jokatuko dute hurrengo partida Les Abelles taldearen zelaian eta azken norgehiagokan Gernikaren aurka arituko dira Altamiran.

Talde bizkaitarrak gero eta zailago dauka jaitsierako azken bi postuetatik ihes egitea. Belenos taldearen kontra galdu dute Urbietan (5-27). Lehen zatian oreka izan da nagusi eta etxekoak jokalari bat gutxiagorekin geratu direnean egin dute entsegua kanpotarrek. Atsedenaldira joan aurretik Lucas Avilak entsegu bat egitea lortu du Belenos ere bat gutxiagorekin aritu denean (5-7). Azken txanpan apurtu da partida, Belenosek hiru entsegu egin baititu.

Matematikoki aukerak izaten jarraitzen duen arren, Gernikak geratzen zaizkion hiru partidak irabaztea lortuko balu ere, ekidin ezina izan daiteke maila galtzea. Esan bezala, Ordiziaren aurka amaituko dute liga eta aurretik Pozuelo hartuko dute Urbietan eta Les Abelles taldeari egin beharko diote bisita.

Bestalde, Biarritzek galdu egin zuen ostiral iluntzean Carcassonne taldeari egindako bisitan (20-12). Azken bost partidetatik lau galdu dituzte eta igoera fasea jokatzeko postuetatik kanpo daude lapurtarrak. Lau norgehiagoka bakarrik geratzen dira Pro D2 liga amaitzeko eta zortzigarren tokian dago Biarritz. Apirilaren 7an, ostirala, Beziers taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak hurrengo jardunaldian Agileran. Avironek, berriz, apirilaren 15ean jokatuko du Pro 14 txapelketako hurrengo partida Stade Rochelais taldearen zelaian.