Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Hotz utzi nau derbiak

Mirari Uria –euskal derbian hasieratik aritu zen–, Eunateren pasea oztopatzen saiatzen.
Mirari Uria –euskal derbian hasieratik aritu zen–, Eunateren pasea oztopatzen saiatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hotz utzi nau derbiak. Partida atarikoan jausi den euri jasa barneraino sartu eta ezin izan naiz errekuperatu. Hezetasunak ere ez du lagundu epeltasuna berreskuratzen. Baina, are gutxiago, Anoetan jokatu den euskal derbiak. Bizigarriren bat falta izan dela uste dut. Emozioa, behintzat, bukaeraraino izan du, eta gaitz erdi! Giro petralarekin, harmailetako burrunba ozena leundu egin da eta publikoa ere partidara baino egun pasara zihoala zirudien. Partidako ekintzekin despistatuta, berriketarako gogoz edo “Txurdin” idoloaren zain. 7.900 pertsona elkartu dira Anoetan, baina animo hotsak inoiz baino baxuagoak ziren –nago hain sakabanatuta egoteak giroa hozten duela, nahigabe ere–. Partidako tentsio gabeziak ere ez du lagundu. Reala nagusi izan da lehen zatian eta Athleticek estutu du bigarrengoan. Hala ere, tentsioa baino, beldurra zen nabariagoa. Denboraldiaren adierazle. 

Euskal futbolariek erakutsitako maila onak salba lezake derbiaren balorazioa. Etorkizuna baino gehiago, oraina direlako eta biek ala biek sinetsi behar dutelako beharrezkoak dituztela Landaluze, Zubieta, Pinedo, Nevado, Elene, Mirari, Izarne eta kuadrilla –oraindik gazte baina jada taldearen ikur diren Valdezate, Azkona, Oguiza, Sarriegi eta Eizagirreren figurak alboratu gabe–. Harrobiak salba lezakeelako euskal derbien izaera, publikoarekiko lotura estutu eta giro sano eta beroa sortuz. Oraingo gazteek Eizagirre edo Azkona erreferente gisara baldin badaukate, hurrengoek Nevado edo Izarne miretsiko dutelako. Izan zirelako gara, garelako izango dira.