NAIZ

Bielorrusiako hedapen nuklearra NATOren zabalkundearen ondorio dela esan du Moskuk

Bielorrusian arma nuklear taktikoak zabaltzeko asmoa NATOren zabalkundeari emandako erantzuna da, Kremlinek gaur iragarri duenez.

Arma bidezko erantzuna besterik ez dago gatazkan. (Alexander GAYUK/AFP)
Arma bidezko erantzuna besterik ez dago gatazkan. (Alexander GAYUK/AFP)

«Aliantza Errusiako mugara zabaltzen ari da, ez da Errusia NATOra hurbiltzen ari dena», esan du Dmitri Peskov Errusiako Presidentetzako bozeramaileak, Errusiak Bielorrusian arma nuklear taktikoak jartzeko asmoei buruz egindako galderari erantzunez.

Horregatik, Errusiak bere segurtasuna bermatzeko neurriak hartzen dituela gaineratu du.

Jadanik asteazken honetan, Peskovek agindu zuen Moskuk neurriak hartuko zituela bere segurtasun sistema berrorekatzeko, Finlandia NATOrekin bat egin ostean.

Hala eta guztiz ere, gaineratu zuen Errusiaren erantzuna ez dela nahitaez berehalakoa izango, «denbora» behar duen prozesu bat baita.

Kremlinen arabera, Aliantza Atlantikoa zabaltzeak Errusiaren segurtasunaren eta interesen aurka egiten du.

Bestalde, Alexandr Lukashenko Bielorrusiako presidenteak ez zuen baztertu Errusiari arma nuklear estrategikoak jartzeko eskatzea.

Lukashenkoren arabera, atzerriko «lotsagabeek ulertu egin behar dute» eta ez dute egoera ezegonkortzen saiatu behar.

«Ez gara ezeren aurrean geldituko gure herrialdeak eta herriak defendatzeko orduan», gaineratu zuen Mosku eta Minsk aipatuz.