Maite Ubiria

Burujabetzaren alde oldar berria sortzeko deia egin dute Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga kari

Itsasuko Agiria plazaratu zenetik 60. urtemuga kari Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen suspertzea ekarri zuen adierazpena gogoan «Euskal Herriaren burujabetza osoa» aldarrikatu dute gaur eguerdian Bagira dinamikak antolaturiko Aberri Egunaren bidez.

Manifestazioan hurbildu dira partehartzaileak Itsasuko Adierazpena gogoratzen duen oroitarrira.
Manifestazioan hurbildu dira partehartzaileak Itsasuko Adierazpena gogoratzen duen oroitarrira. (Nahia GARAT)

Bezperan hiru lurraldetako mugimendu abertzaleak abiaturiko eguneratze prozesuari eskainitako gogoetak Aberri Egunaren ospakizunera bide eman dio, igandean, Itsasun.

Manifestazioa egin ondotik Itsasuko Harrian iragan den ekitaldi hunkigarri batean 1.500 lagun inguru bildu dira, antolatzaileen emandako datuen arabera.

"Biharko Euskal Herria eraikitzeko prest!" banderola atxikiaz ospakizunera hasiera eman diote goizeko 11.30ak pasatxo herriko plazatik abiatu den manifestazioaren bidez.

Joaldunen joan-jinek zabaldu dute Elizalde auzorako ibilbidea eta haien atzetik gazteek eraman duten ikurriña erraldoia.

Ikurriñak, armarriak eta independentziaren aldeko leloak astinduz, sei hamarkada lehenago plazaratu zen adierazpena betikotzen duen oroigarrira heldu da martxa eguerdi t'erdiak aldera.

 

Bertatik, Bagira dinamikaren eskutik antolaturiko agerraldian lau hizlarik «erabakiak inoren esku utzi gabe Euskal Herriaren burujabetza osoa» eskuratzeko engaiamendua berretsi dute.

Hori da, finean, sei hamarkada beranduago «xutik diraun mugimenduak» gaur Itsasuko Harritik zabaldu duen mezua. Bide batez Bagira prozesuaren eskutik gaur eta biharko erronkei aurre egiteko xede antolaketa berria sustatzeko gonbidapena lau haizetara zabaltzearekin batera.

«Nola aldatzen diren gauzak kamaradak» bota du aurkezleak mikrofonotik Itsasuko auzapez abertzaleari hitza eman aitzin.

1963an militar ohi bat zen auzapez, egun abertzale bat dago Herriko Etxean

1963ko agiria plazaratu zenean «militar ohia» zen auzapez Itsasun, egun abertzaleek kudeatzen dute Herriko Etxea Itsasun.

Mikel Hiribarrenek bere harritasuna agertu du «abertzaletasunaren berpizkundea gure herrian gertatu izan zelako».

Izan ere, berehala aitzina begira jarri da hautetsia. «Kapitalismo zoroak oreka gehienak zalantzan eman dituen honetan, elkarlanean, Euskal Herri euskaldun eta burujabe» eraikitzeko xede markatu du Hiribarrenek.

Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga «solemnitate osoz» ospatzeko hiru lurraldetatik heldutako 60 lagunek adierazpen eguneratu bat izenpetu dute.

Oroigarriaren bi alboetara ezarriak zire jende horien guztien izenean, 'Izan ginen, bagira, izanen gira’ izenburua duen agiria ezagutzera eman dute, euskaraz eta frantsesez, Gexan Alfaro, Graxi Etxebehere, Thibaut Godin eta Irantzu Idoatek.

 

Ezinbestean, 60. urtemugari aipamen zehatza eginez hasten da Itsasuko Adierazpen berriak.

Hala, «hemen gira, Itsasuko harrian, mugimendu zabal gisa sortzen ikusi gintuen leku berean» adierazi dute, horren aurkezpenean, hizlariek «hirurogei urte geroago, gure borrokaren lekuko den harriak xutik dirau» fite aldarrikatzeko.

Jarraian egungo egoerarekin lotura eginez, «Euskal Herria bizirik eta desafio berrien aitzinean dela eta burujabetza lortzeko aukerak zabalik dituela» nabarmentzen du agiriak.

Sei hamarkadetako ibilbide horretan «mugimendu abertzalearen oldarra baitezpadakoa» izan dela defendatu dute hizlariek, Itsasun harturiko konpromisoaren balioa berretsi dutela garaiko testuinguru zaila hobeki ulertarazteko hainbat zertzelada emanez.

«Euskal Herria hil zorian zen, oldar berri baten beharrean»

«Euskal Herria hilzorian zen, oldar berri baten beharrean, eta abertzaleok hitz eman ginuen eskaintza bat gorpuzten hasiko ginela, herri bat girela aldarrikatzeko», oroitarazi dute.

1963. urtean plazaratu zen Itsasuko Adierazpena horretatik eta gaur arte mugimendu abertzalea «ikaragarri zabaldu dela» nabarmendu dute.

Une sinboliko ugari izan ditu ekitaldiak, eguraldia zoragarria lagun. Esaterako, belaunaldien arteko transmisioa honela irudikatu dutenean.

 

Borrokaren lekukoak xutik dirau

«Gutxiengoa ginen hastapenean eta oztopo anitz izan ditugu, animaleko errepresioa jasan dugu herriaren askatasunaren alde egiteagatik» irakurri du, esaterako, 1963ko pazko astelehen berezi hartan Itsasun izan zen Gexan Alfarok.

«Borroka luze horretan» hil direnak eta baita «gaur oraindik errepresioa jasaiten dutenak» gogoan izan dituzte, bestalde, adierazpen horretan. Baita behin irakurketa bururatua ere antolatzaileek eskainitako agur mezuan ere.

Izan ere, «eraikitze sortu ginen, ez erresistentzia hutsa egiteko» oharraraziz, Euskal Herriak hainbat egitasmo ezberdin, delako ikastola, kooperatiba edo hedabideak sortuz; delako lurrak, euskara edo kultura defendatuz, beti ere «obratzeko gai izan dela eta ondoko urteetan ere mugimendu gisa zer lortu nahi dugun» zehazteko tenorea dela defendatzen du agiriak.

Harria oroigarri soila izatetik bide berria eratzeko tresna bilakatu daitekeela agerian jarriz, gizarte eredu baten bidean, mugimendu abertzale berriak «ilusioa sortu eta perspektiba berriak» zabaltzeko gai izanen delako konfiantzarekin mintzatu dira, amaieran, hizlariak.

Behin ekitaldi politikoa amaituta, eta gaua arte luzatu diren kontzertuen esperoan, Atharriko pilota plazara abiatu dira jendeak. Bertan aperitifaren ondotik zikiroa dastatzeko parada izanen dute Itsasura Aberri eguna jai giroan ospatzera Itsasura bertaratu diren herritarrek.