NAIZ

Gerard Depardieu aktoreari sexu-indarkeria leporatu diote 13 emakumek

Hamahiru emakumek Gerard Depardieu aktoreak 2004 eta 2022 artean estreinatu zituen pelikuletako lanetan haien kontra egindako sexu-indarkerien inguruko testigantzak eman dituzte.

Gerard Depardieu aktoreari sexu indarkeria leporatu diote hamahiru emakumek. (AFP)
Gerard Depardieu aktoreari sexu indarkeria leporatu diote hamahiru emakumek. (AFP)

Hamahiru emakumek Gerard Depardieu aktoreak haien kontra egindako sexu-indarkerien inguruko testigantzak eman dituzte. 2004 eta 2022 artean aktore frantsesak estreinatu zituen hamaika pelikulen lanetan baimenik gabe ukituak eta bestelako gehiegikeriak egin zizkien Depardieuk hainbat emakumeri, ‘Mediapart’ komunikabideak jaso duenez.

Emakume horien testigantzak argitaratu ondoren, 74 urte dituen aktoreak ukatu egin du inor jazarri duenik. Lekukotasuna eman duten emakumeek justiziara jo zuten, baina emakume batek ere ez zuen salaketarik aurkeztu, pentsatuta haien kontakizuna ez zela nahikoa izango eta salaketa publiko bat haien ibilbide profesionalen kalteko izan zitekeelakoan, ‘Mediapart’-en arabera.

Biktima guztiak (aktoreak, makillatzaileak edo teknikoak) bat datoz esaterakoan kasu guztietan «funtzionatzeko modu» bera izaten zuela Depardieuk: aktoreak beraien gorputzen atalak ukitzen zituen baimenik gabe, eta sexu-iruzkin lizunak egiten zituen. 

Testigantza eman dutenen artean, 2014. urtean ‘Big House’ filmean parte hartu zuen emakume bat dago; orduan 24 urte zituen. Jean-Emmanuel Godart-ek zuzendu zuen pelikulan Depardieuk burdel baten jabearena egiten du.

«Aldez aurretik abisatu gabe, eskua nire soinekoaren azpian sartu zuen Gerardek. Bere hatzak somatzen nituen, nire kuleroetara iristeko saiakeran», kontatu du. Berak eskua kendu zion, baina Depardieuk «jarraitu egin zuen, oldarkor jarri zen, barruko arropa kentzen eta ukitzen saiatu zen», gaineratu du. «Orduan ulertu nuen ez zela bere pertsonaia interpretatzen ari».