NAIZ

Pentagonoko dokumentuak filtratzeagatik atxilotutako gaztea formalki auzipetu dute

Jack Teixeira, Pentagonoko dokumentuak filtratzeagatik atzeman zuten 21 urteko gaztea, formalki inputatu du epaile estatubatuar batek ostiral honetan. Bi delitu egotzi dizkiote eta, errudun joko balute, 15 urteko kartzela-zigorra jasoko luke gehienez.

Teixeiraren atxiloketa, ostegunean.
Teixeiraren atxiloketa, ostegunean. (CBS | AFP)

Ostegunean atxilotu zuten Jack Teixeira, AEBetako Defentsa Departamenduko dokumentu sekretuen filtrazioaren susmagarri nagusia inputatu du epaile batek ostiral honetan, teorian konfidentziala zen informazioa ateratzeagatik eta zabaltzeagatik. Erruduntzat jotzen badute, 15 urteko kartzela-zigorra jaso dezake gehienez.

Zehazki, defentsari buruzko informazioa baimenik gabe edukitzea eta helaraztea leporatzen dio epaileak, baita dokumentazio hori baimenik gabe ateratzea ere. Hurrengo bista datorren asteazkenean izango da, CNN telebista kate estatubatuarraren arabera.

FBIk atxilotu zuen Teixeira, ‘The Washington Post’ bezalako hedabideek filtratzailearen abatarrari buruzko profil luzeak argitaratu ondoren ‘Discord’ sare sozialaren foro batean, non ustez dokumentuak argitaratu zituen.

Ostiral honetan Bostonen egindako agerraldian, Teixeirak ez du bere balizko erruduntasunari buruzko adierazpenik aurkeztu behar izan. Akusatuak ahopeka erantzun du epaileak bere eskubideen berri eman dionean.

CNNk jakinarazi duenez, 21 urteko gaztea Massachusettseko Aireko Guardia Nazionaleko hegazkinlari bat da. 2019ko irailean sartu zen zerbitzuan eta Ziber Garraio Sistemetako espezialista gisa ziharduen. Aire Armadaren arabera pertsona hauen lana komunikazio sare globala «behar bezala» funtzionatzen ari dela ziurtatzean zetzan haren lana.

Arma-zalea

Foroa bideojokoei eta su-armei buruz eztabaidatzera bideratuta zegoen, eta bertan maiz ‘meme’ arrazistak partekatzen ziren, AEBetako komunikabideen arabera.

Gainera, ‘The Washington Post’ egunkariak ikusi ahal izan dituen bideoetan, mutikoa errifle batekin tiro egiten ikusten da, irain arrazistak eta antisemitak oihukatzen dituen bitartean eta FBIk bere etxea miatu zuenean suzko arma batzuk aurkitu zituen.

Teixeiraren institutuko ikaskide ohi batzuek CNNri esan diote lilura zuela militarrekin, armekin eta gerrarekin. Batzuetan kamuflajea eramaten zuen eskolara eta eskopetei buruzko liburu handi bat eramaten zuen.

Kasuak zalantzak piztu ditu Pentagonorako lanean denbora gutxi zeraman gazte batek hain material delikatua eskuratzeko aukera izan ote duen.