Fisikoki egoera onenean egon gabe ere irabazten dakiela erakutsi du Ezkurdiak

Arbizuarrak meritu handiko garaipena lortu du Eibarren, bi aste inguru lesio baten erruz geldi egon ostean Erik Jakari 22-14 irabazi baitio final-laurdenetako ligaxkaren lehen jardunaldiko partidan. Sakeari zuku handia atera dio eta ederki asmatu du Jakaren ahulguneak bilatzen.

Ezkurdiak sei tanto egin ditu sakez.
Ezkurdiak sei tanto egin ditu sakez. (Gorka RUBIO | FOKU)

Joseba Ezkurdiak meritu handiko garaipena lortu du Eibarren, bi aste inguru lesio baten erruz geldi egon ostean Erik Jakari 22-14 irabazi baitio final-laurdenetako ligaxkaren lehen jardunaldiko partidan. Fisikoki Ezkurdiarik esplosiboena ikusi ez badugu ere, sakeari zuku handia atera dio arbizuarrak eta ederki asmatu du Jakaren ahulguneak bilatzen.

Lizartarrak oso bizi ekin dio demari. Gantxo bikain batekin ireki du markagailua, jokaldi berdinarekin sinatu du 1-3koa, eta sake on batekin 1-4 aurreratu da. Beste batzuetan ez bezala, bazirudien Jakak aldeko emaitzak ematen duen lasaitasun horrekin jokatzeko aukera izango zuela.

Baina hurrengo tantoa partidako gogorrena 32 izan da pilotakadarekin, eta Ezkurdiaren alde erori da. Arbizuarrak sakea berreskuratu izana oso garesti ordaindu du Jakak. Buruz Buruko egungo txapeldunordeak asko asmatu du sakearekin eta oso pilotakada gutxi behar izan ditu markagailuan 13-5 aurreratzeko. Guztira sei tanto egin ditu sakez Ezkurdiak eta hor egon da neurketako gakoetako bat.

Gainera, arbizuarrak pilota ongi atzeratu du, altuera emanez, eta Erik Jaka deseroso ikusi dugu eskuin boleaz defentsan. Normalean baino huts gehiago egin ditu postura horretan eta horrek une batzuetan konfiantza galtzera ere eraman du gipuzkoarra. Horixe norgehiagokaren beste giltzetako bat: galdutakoak dezente gehiago izan ditu Jakak –tanto asko sailkatzeko zailak izan arren, guk galdutako 3 apuntatu dizkiogu Ezkurdiari eta 8 Jakari–.

Aukerak izan ditu

Hala ere, Jakak ez du amore eman eta borrokan jarraitu du. Bere doai nagusiari tiraka, aurrean pilota bihurrituz alegia, tanto sorta polita egin du lizartzarrak eta markagailuan 17-14 gerturatu da. Ezkurdia fisikoki larri antzean sumatu dugu une horietan eta Jakak hortxe izan du bere aukera partida iraultzeko.

Baina une erabakigarrietan ez du asmatu. Sake-errematearen bila joan den bi alditan, 17-12koarekin lehenik eta 17-14koarekin ondoren, pilotara jartzen ez du asmatu eta ezin izan du ukitu ere egin. Opari handiak, handiegiak, Ezkurdia bezalako aurkari batentzat, eta nafarrak ez ditu alferrik galdu.

Izan ere, aipatu 17-14ko horretatik zuzenean joan da arbizuarra 22ra, bost tanto jarraian eginez. Bereziki ikusgarria izan da 21-14koa, oso urrutitik ezkerrez pilota ezinhobeto irekiz. Lehen puntua eta lasaitasun handia Joseba Ezkurdiarentzat, pasatakoak pasata.

«Oso pozik nago. Sufrituz irabazi dut, baina puntu honek asko esan nahi du niretzat. Partida hastean berehala konturatu naiz erritmo honetara jokatzeko ez nengoela, eta eskerrak sakearekin asko asmatu dudan. Horri esker, eta ahaleginak asko dosifikatuz, ahal zenean arnasa hartuz, lortu dut 22ra iristea. Eta hankan ez dut minik sentitu, ez dut sentsazio txarrik izan, eta horregatik ere oso pozik» adierazi du Ezkurdiak partida amaieran.

Erik Jakak, aldiz, «pena handia» zuen. «Aspaldiko sentsazio onenak nituen fisikoki, jokatzeko nengoen, borrokatzeko, eta horregatik daukat pena. Une erabakigarrietan ez dut asmatu eta hortxe joan zait partida. 1-4koan pilota txapara joan zait, 17-14koan pilotak irrist egin dit frontisean... Sakearekin ere min handixeagoa egin nezakeen...», hausnartu du lizartzarrak, finalerdietan egon nahi badu ligaxkako beste bi partidak irabazi beharko dituela gehituz.

Bigarren jardunaldian, Ezkurdiak Darioren aurka jokatuko du datorren ostiral gauean Gasteizen eta Jakak Peio Etxeberriaren kontra larunbatean Labriten.

FITXA

Pilotakadak: 241. Iraupena: 49 minutu eta 30 segundo. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-4, 8-4, 8-5, 13-5, 13-7, 15-7, 15-9, 16-9, 16-12, 17-12, 17-14 eta 22-14. Sakez: 6 Ezkurdiak eta 1 Jakak. Jokoan egindakoak: 8 Ezkurdiak eta 10 Jakak. Galdutakoak: 3 Ezkurdiak eta 8 Jakak. Gorabeherak: Sarrera apala Eibarko Astelena pilotalekuan. Lehen sakea, urdin. Mattin anaia izan zuen botilero Ezkurdiak eta Jon Eskudero laguna Jakak.