Amaia Ereñaga

Iratxe Fresnedaren ‘Tetuan’, Donostiatik Peruko eta Baionako jaialdietara

Iratxe Fresneda bizkaitar zinemagile eta NAIZeko kolaboratzailearen ‘Tetuan’ (2022) film luze dokumentala iritsiko da asteartean Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko 20. ediziora. Nazioartean film hau egiten ari den ibilbide oparoaren adibidea da. Udazkenean zinema aretoetara iritsiko da.

Iratxe Fresneda, ‘Tetuan’ filmeko lan taldearekin.
Iratxe Fresneda, ‘Tetuan’ filmeko lan taldearekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Barren barrenetik abiatzen den bidaia bat da, migrazioaren kontzeptua gizartean darabilgun aztertu nahian». Horrela definitu izan du Iratxe Fresneda zinemagileak bere hirugarren film luze dokumentala, ‘Tetuan’ izenekoa. ‘Irrintziaren oihartzunak’ (2016) eta ’Lurralde hotzak’ (2018) lanen ondoren, Fresnedak erregistroaren gaineko trilogia berezia itxi du ‘Tetuán’-ekin eta, estreinatu zenetik.

Bertan, alaba batek (zuzendaria bera), aitaren iraganaz sentitzen duen jakin-minak gidatuta, berregiteko eta bilatzeko bidaia bati ekingo dio, benetakoa eta zinematografikoa, iragana eta oraina kontuan hartuta. Bidean beste hainbat pertsonaia aurkitu ditu. «Nire aitaren istorio propioarekin hasten da, baina pixkanaka istorio hori hedatzen da kolektibora. Guretzat oso garrantzitsuak diren bi pertsona agertzen dira, eta jarraitzen diegu beraien ibilbidetan: Mohamed Iacob eta Irina Conca dira. Migrazioaren inguruko iruditeria berri bat agertzen da pelikula honetan, eta pozez betetzen gaitu honek, harrera ezin hobea izaten ari delako». 

Erakusketa eta zinema komertziala

‘Tetuan’ Victoria Eugenia antzokian eskainiko da asteartean 19.00etan, eta sarreren salmentarekin pozik agertu da Fresneda. «Patioa beteta dago, lehenengo palkoak ere eta primeran doa». Bertan lantalde osoa izango da, baita ere filmaren grabaketan parte izan zen Budbuda Abdelfatah Ubi sahararra. Larunbatean iritsi zen kanpalekuetatik, eta Donostian ikusiko ahal izango du aurrez aurre zein motako erantzuna eta babesa jasotzen duten filmak eta herri honen borrokak.

Filmaz aparte, eta proiektuaren harira, «munduko pertsonen mugimenduari lotutako aurpegiak eta paisaiak bilatzea» abiapuntu duen erakusketa hartu du hiriko Liburutegi Nagusiak maiatzaren 6ra bitartean. «Estreinakoz hemen egin da –argitzen du zinemagileak–. Atera nituen 3.000 argazkitik gora horietatik aukeraketa bat egin genuen, eta nolabait pelikularen sorkuntzaren prozesuan guretzako nabarmenak ziren zenbait pertsona, leku eta gertaera erabili ditugu argazki erakusketa osatzeko. Lehen aldiz egin dugu Donostian eta gure asmoa da erakusketa hau pixka bat handitu ahal izatea, hau da, argazki gehiago sartzea materiala daukagulako, eta filmarekin batera bidaiatu ahal izatea». Hemengo diren herri eta hirietan, erakusketa ikusi ahal izango da, beraz.

Udazkenean, zinema aretoetara iritsiko baita ‘Tetuan’. «Egin beharreko ibilbidea da, pelikulak hori eskatzen zuen produkzio motagatik eta izan dituen laguntzagatik. Konpromiso hori hartu dugu eta egingo dugu, baina badakigu zinema komertzialetan zer nolako aukerak dauden, eta aurrekontu txikiko pelikula batek marketing eta komunikazioan inbertitu dezaken diru gutxiagoa dela. Halere, gure apustua da areto komertzialetan egotea eta ‘Tetuan’ izatea proposamen desberdin bat aretoetan».

Zinema jaialdietan: Donostia, Peru, Baiona

Aurretik, dena den, iazko azaroan Xixoneneko Nazioarteko Zinemaldian abiatutako bidea egiten jarraituko du filma aparte honek. «Publiko anitza dauka Donostiako jaialdiak eta hori oso interesgarria iruditzen zait. Mota guztietako publikoa du; batetik, zine zaleak ditu eta bestetik giza eskubideen munduan mugitzen den jendea eta zine sozialean interesa duten zaletuek. Hori oso interesgarria da pelikularen hedapenari begira. Jaialdi honek posizio bat dauka nazioarteko jaialdietan, giza zinemaldien eskubideen zirkuituan garrantzia duelako eta nazioartean ere bai, eta guretzako aukera polita da», dio Fresnedak.

Donostiako Giza Eskubideen jaialdiaren programazio ofizialean egoteaz aparte, Perun burutzen ari den Festival de Cine al Este zinemaldian ikusten ari da. «Paris eta Peru artean egiten den jaialdi ospetsua da eta izen handiekin batera lehiatzeko aukera dugu», aitortu du Iratxe Fresnedak. Ostegunean, hilaren 27an, aurkezpena egingo dute bertan, eta ostiralean, hilaren 28an, Baionako Atalante zineman burutzen ari den Rencontres Sur le Dock, Baionan eskainiko dute, 18.30ean.