Dabid Lazkanoiturburu

Balutxistanen erlijio arduraduna zen aiatolah hil dute tiroz Iranen

Ali Jamenei Irango buruzagi gorenaren ordezkaria zen zapalduta dagoen Balutxistango eskualdean. Tiroz hil dute Ali Soleimani aiatolah Kaspiar itsasertzean, iparraldean. Ustezko erasotzailea atxilotu omen dute.

Ali Jamenei aiatolah handia Ramadanaren amaieran otoitza gidatzen.
Ali Jamenei aiatolah handia Ramadanaren amaieran otoitza gidatzen. (AFP)

Buruzagi erlijioso bat hil dute asteazken honetan Iran iparraldean, gizon armatu batek egindako eraso batean. Abbas Ali Soleimani aiatolah, 75 urtekoa, Adituen Batzarreko 88 kideetako bat zen.

Gaur goizean hil dute Babolsarren, Kaspiar itsasoaren ertzean dagoen hirian, Teherandik 230 kilometro iparraldera, adierazi du Irnak arduradun bat aipatuta. «Segurtasun indarrek atzeman dute erasotzailea», gaineratu du agentziak.

Ruholh Selagi Mazandaran probintziako Segurtasun Politikoko buruak baieztatu egin du ustezko erasotzailea atxilotu dutela, Mehr Irango albiste agentziak jakitera eman duenez.

Oraingoz, ez dute Ali Soleimani aiatolaren heriotzari buruzko xehetasun gehiagorik eman, eta ez dago erasoaren egilearen erreklamaziorik.

Soleimani aiatolak Irango buruzagi gorenaren, Ali Jamenei aiatolaren, ordezkaria zen, eta ostiraleko otoitzaren arduraduna zen Kashanen, Teheran eta Ispahan artean  herrialdearen erdialdean dagoen hirian; eta Zahedanen, Irango hego-ekialdean dagoen Sistan-Balushistan hiriburuko hiriburuan.

Balutxistan munduan dagoen Estaturik gabeko naziorik handienetarikoa da, eta Iranen, Pakistanen eta Afganistanen sakabanatuta dago. Aspalditik ari dira borroka armatuan hainbat talde subirotasuna aldarrikatzeko eta herrialdea jo-mugan duen Txinaren kolonizazioaren aurka.

Balutxe gehienak musulmanak bai baina suniak dira. Iran gehiengo xiita duen herrialdea da.

Adituen Batzarra

Adituen Batzarra 88 erlijiosok osatutako erakundea da, zuzeneko sufragio unibertsalaren bidez, zortzi urterako hautatuak. Hori bai, aurrez Zaindarien Kontseiluaren onarpena izan behar dute hautagaiek.

Bera arduratzen da buruzagi gorena izendatzeaz eta haren lana gainbegiratzeaz. Konstituzioak ahalmena ematen dio teorian hura kargutik botatzeko eta beste bat izendatzeko, beharrezkotzat jotzen badu.

2022ko apirilean, ustezko jihadista talde batek Mashhad hiri santuan (ipar-ekialdean) egindako erasoak bi erlijioso xiita hil zituen.