Iraitz Mateo

Marxen ‘Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia’ euskaraz, Igelaren eskutik

Karl Marxek Parisen kazetari lanetan zebilela idatzitako kroniketatik abiatuz, 1869an idatzitako  ‘Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia’ liburuaren euskarazko itzulpena argitaratu du Igela argitaletxeak. 200 oin-oharrek baino gehiagok osatzen dute oinarrizko testua.

‘Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia’ liburuaren aurkezpenean, Igelako kideak.
‘Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia’ liburuaren aurkezpenean, Igelako kideak. (Gorka Rubio | FOKU)

Ordu Urdina bilduma berria ireki du Igela argitaletxeak Karl Marxen ‘Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia’ liburua euskarara ekarrita. Donostian aurkeztu dute asteazken goizean Lander Majuelo Igelako editoteak, Emilio Majuelo historialari eta gibelsolasaren idazleak eta Idoia Santamaria itzultzaileak. Irakurle mota oso ezberdinak izan ditzake liburu honek egileen iritziz, «klasikoak ez dira modaz pasatzen». Oin-oharrez josita dago liburua, baina itzultzaileak baieztatu du irakurleari laguntzeko direla, «ez dira oin-ohar hitzaldiak».

Pentsalaria izateaz gain, ogibidez kazetaria zen Marx, eta ikuspegi hori biltzen du Igelak euskaratu duen liburu berriak. Izan ere, Parisen lanean zebilen alemaniarra 1848ko Frantziako Iraultza eta bigarren errepublika frantsesean langile matxinadak gertatu zirenean. 1952an ‘Rebelion’ aldizkarian gertakarien berri eman zuen, eta 1869an argitaratu zuen liburu formatuan.

Santamariak azaldu du gertakariak eman eta denbora gutxira argitaratu zituela Marxek kronika horiek eta, ondorioz, irakurleari ez zitzaizkiola horrenbeste azalpen eman behar, «gertakariak kontatu baino gehiago, interpretatu egiten ditu». Gainera, bere iritziz gaurkotasun handia dute liburuan jasotzen diren gogoetek: «Orain dela 150 urte ere antzeko arazoak zituzten. Uste dugu arazo garaikideak ditugula, guztia guri gertatzen zaigula, baina ez, XIX.mendekoen antzerako arazoak ditugu».

Emilio Majuelo historialariak Marxek egindako ekarpen teorikoak goraipatu ditu, eta sakondu du testuan idazlearen testuinguru pertsonal «larria» eta momentuko testuinguru politikoa kontuan hartu behar direla. Garaiko eztabaida filosofikoetan murgilduta zegola Marx kontatu du Majuelok, eta lan honekin «beste ezagutza esparru batzuetara jauzi» egin zuela. «Oso modu deskribatzailean» saiatzen da galdera ezberdinei erantzuna ematen, besteak beste, iraultza zergatik geratu zen bertan behera galdetzen du, eta arreta non jarri behar den aztertu.

Majueloren esanetan, liburu honekin, «kontrairaultzari» ekarpen teoriko bat egiten dio: «Teorikoki beste mundu bat sortzen ari zen, kontzeptuak sortzen eta sartzen joaten da liburuan zehar». Marxek bestelako lanetan bezala, «pisua pertsonengan» jartzen duela azaldu du Majuelok, eta aldi berean «Marxen ikuspegi estrukturalak» mantentzen direla.

Oin-oharren garrantzia

Liburuaren ezaugarri nagusienetakoa oin-oharren erabilera da, 200 baino gehiago daude. Santamariaren arabera, egungo irakurlearen mesedetan jarritako oharrak dira, izan ere, momentuan azalpenik behar ez zenez, testuinguruaren azalpenik ez dago oinarrizko testuan. «Oraingo irakurlea hurbildu behar da gertakarira», izan ere, garaiko pertsonaia eta esamolde asko erabiltzen dira, gaur egun ulertzen ez direnak hurbiltze hori gabe. Marxek berak idatzitako oin-oharrak bost inguru direla zehaztu dute, eta horietan markatu dutela alemanierazko liburuan ere badaudela.

Itzultzerakoan ere zailtasun horrekin egin zuen topo: «Marxek kultura klasikoa oso ongi ezagutzen zuen, lehen ahalegina dokumentazio lana izan zen: gainera, ironia asko erabiltzen du, eta testuingurua ulertu gabe zaila zen ulertzea». Itzultzerakoan bestelako buruhausteak ere izan ditu, esaldi luzeak euskarara nola ekarri adibidez, «sintaxi korapilatsuari helduz, baina irakurgarri geratzeko». Lander Majuelok itzultzailearen lana txalotu du, «Marxen tonu basa, zehatza, ironiaz beterikoa zaila zen euskarara ekartzen, eta Idoiak lortu du».

Izenburuari ere egin diote aipamena, ‘Brumaire’ hitza erabili dute, urteko bigarren hilabeteari erreferentzia egiteko. «Garai hartan fratziako egutegi errepublikarrak horrela jasotzen zuen, alemanez idatzitako liburuan ere horrela jasotzen da, eta errespetatzea erabaki genuen».

Ordu Urdina

Igela argitaletxeak bilduma berri bati eman dio hasiera liburu honekin, Ordu Urdina deitu dio. Udaberri eta uda partean, ilundu baino lehen egoten den zeru eta denbora tarteari deitzen diote horrela eta irudi horrek eta momentu horrek sortzen duena irudikatu nahi dute.

«Bliduma geldoa izango da, urtean liburu bat edo» aterako dituztela mahaigaineratu du Majuelok, eta, «bestela tokirik ez duten testuak» jasotzea da beraien asmoa. Klasikoekin lotuko dituzte eta modu akademikoan zein liburudendetan sarbiderik ez duten saiakera «ez-garaikideak» bilduko dituzte.