Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Maite Perurena Zubitur: harriak eta hariak pasioz josten

Harriak eta hariak, biak behar ditu harri-jasotzaileak. Iñaki Perurenaren alaba da Maite eta aitaren plazako jarduna miresmenez segitu izan du beti. Maite Zubiturren alaba ere bada, eta bera ama izan denean konturatu da hariak zein diren beharrezko, fokuetatik kanpo lan egin arren.

Maite Perurena Zubitur, bere denda-estudioan.
Maite Perurena Zubitur, bere denda-estudioan. (Jon URBE | FOKU)

Duela bi urtetik txalekogilea da Maite Perurena Zubitur. Harri-jasotzaileek beren kirol jardunerako behar dituzten txalekoak josten ditu, neurrira eta norbere beharretara egokitutakoak. Lehenago banketxe batean lan egiten zuen. «Banketxea utzita, nire buruari galdetu nion: nik zer egin nahi dut? Lan desberdinak probatzen hasi nintzen. Aitari baserrian laguntzen, Peru-Harrin bisitak egiten…. Eta bitarte horretan haurdun geratu nintzen eta gure alaba Maitena jaio zen. Eta hau kontatzen ari naiz neure proiektuaren sorreran garrantzi handia izan zuelako. Ama izateak gauzak beste modu batera ikusarazi dizkit. Ama izan naizenean ikusi ditut harria jasotzeko behar diren hariak. Hori oso modu metaforikoan esaten dut. Nik aitarekin lotura oso estua izan dut beti eta asko miresten dut. Gure aitak egin dituen lanak izugarrizko harrotasunetik bizi izan ditut. Eta ama beti hor. Normala ikusten nuen ama beti hor egotea. Ama izan naizenean konturatu naiz amaren lanaren garrantziaz. Nola egiten zuen amak? Aita erabat kanpoan eta hiru seme-alabarekin... Txalekogile bihurtze honetan izugarrizko pisua izan du amatasunak, amaren lana bistaratze horrek».

Iñaki Perurena harriak jasotzen hasi zenean, emakume batek josten zizkion txalekoak: Maria Angeles Zubiaurrek. «Hargin baten emaztea zen txalekogilea. Mutrikukoa zen berez, baina Deban bizi zen. Bere senarra Pedro Langa hargin famatua zen eta jasotzeko harri gehienak berak egiten zituen. Batek harriak egin eta, besteak, txalekoak josi harriak jasotzeko. Orain konturatu naiz askotan eman izan dela konbinazio hori. Nire aitona Lontxo eta amona Petrita, amaren aldekoak, harriak eta hariak ziren. Aitona hargina zen eta, amona, jostuna. Emakume asko jostunak ziren, hori zen eskura zuten ogibidea. Aitari, beraz, hasierako txalekoak Maria Angeles Zubiaurrek egiten zizkion eta gerora, amak konpondu. Eta Inaxiori (Perurena) txalekoak amak egiten zizkion».

Maite Perurenarentzat harri-jasotzea bizimodu bat da. «Beti gustatu zait harri-jasotzea. Aita plazan ikusteak emozionatu egin nau beti. Baina ohartu naiz hariak behar direla harriak jasotzeko. Eta hor egin dut klak. Konturatu naiz txalekoa sekulako sinboloa dela nire etxean, lanaren eta familiaren sinboloa. Hortik sartu naiz bide honetan».

301K marka

2020ko apiril inguruan sortu zuen 301K marka. «301 kilogramo. Hortik dator markaren izena. Harri-jasotzeari dagokionez, 300 kilo jasotzea ezinezkoa ikusten zen 1987. urtea aurretik. Ordura arte Endañetak jasoak zituen 250 kilo. Gure aitak 1977an plazaratu zuen harri jasotzeko teknika berri bat, iraultzailea izan zena. Teknika horri esker, 250 kilotik 300 kilo jaso ote zitezkeen pentsatzera pasatu ziren nahiko azkar. Aurrenekoa gure aita izan zen 1987an. Iraultza bat izan zen. Euskadiko Sei Orduetan, Donostian, egiten ziren errekor saiakerak eta bertan goratu zituen aitak 300 kilo. Aurrekaririk ez zegoenez, jendeak esaten zuen: ‘Eta orain, zer?’. Urte berean, martxoan, Parisen egin zen euskal jaialdi bateko antolatzaileak aitari deitu zion galdetuz ia orain zer egin zezaketen. Eta 300 kiloko marka gainditzea proposatu zien aitak. Horregatik da garrantzitsua 301K marka. Ordutik aurrera aitak kiloka gainditu zituen muga guztiak, 320 kilora arte. Ondoren Migeltxo Saralegi leitzarrak jarri zuen marka 329 kilotan».

Bazuen markaren izena eta bazuen abiapuntua buruan: «Nik harri-jasotzaile txalekoa jantzi nahi dut kalerako. Hori zen nire ametsa».

Aurreneko pausoa, josten ikastea. «Ez nekien josten. Amak ez zidan erakutsi eta berak ere ez zuen ikasi amak erakutsita. Gure amona Petrita jostuna eta erakustuna zen, etxean jendea hartzen zuen josten erakusteko. Baina amak ez zuen amonarekin ikasi, ezta nik amarekin ere».

Donostiako Asun Dominguez akademiarekin jarri zen harremanetan. «Neure ideia azaldu nion Asuni: nik harri-jasotzaile txalekoa jantzi nahi dut kalerako. Asunek bideratu ninduen eta garbi esan zidan: ‘Oso ondo dago zure proiektua, ondo dago zuk harri-jasotzaile jantzi nahi izatea, baina lehendabizi harriak jasotzeko txalekoak egin behar dituzu’. Erabat buelta eman zion nik hasieran neukan ideiari».

2020ko martxoaren hasieran Asun Dominguezen akademian josteko ikastaro bat egin zuen. «Hiru orduko ikastaroa egin eta martxoaren 13an etxean itxi gintuzten. Itxialdian gero eta buelta gehiago ematen nizkion buruari, gora eta behera proiektuarekin. Eta gero eta garbiago ikusten nuen neronek josi behar nituela txalekoak. Baina josteko makinarik ez neukan. Amak bere makina Tolosan zeukan konpontzen eta ezin bila joan konfinatuta geundelako. Auzoko Tereri josteko makina eskatu eta hasi nintzen txalekoak egiten itxialdian».

Hiru urteren buruan, Leitzako plazan bertan topa daitezke 301K txalekoak, Harri-hari Tokin. Bertan josten ditu Maite Perurenak bere txalekoak eta kalerako arropa ere saltzen du, 301K markakoa. Leitzan harrera ona izan du markak, bere egin dute herritarrek Perurenaren proposamena.

Ikerketa eta garapena

Baina, nolakoak dira 301K txalekoak? «Master bat eta ikasketa sakon bat egin behar izan dut, eta oso azkar gainera. Gaur egungo 301K txalekoetan ikerketa eta garapen handia dago. Orain ohartzen naiz horrekin. Adibidez, bada kirolari bat hiru 301K txaleko dituena. Nik esaten diot, lehendabizikoa 1.0 zen; bigarrena 2.0 eta, hirugarrena, 3.0. Ikaragarri eraldatu da. Hiru urtean sekulako bidea egin dut. Hasi nintzenean ez nekien oso ongi zein material behar nuen. Parisen izan nintzen oihalen azoka batean eta artean ez nekien zenbat oihal klase zegoen; kotoia, poliesterra… ez nekien deus oihalei buruz. Oso azkar ikasi nuen, baina horretarako proba-akats aritu naiz. Txalekoak josi, harri-jasotzaileei eman probatzeko eta haien iritzia jaso. Horixe izan da nire prozesua. Etxean ikusitakoan oinarrituta eta inguruan nituen harri-jasotzaileei galderak eginda hasi nintzen. Nire senarra Aitor harri-jasotzailea izan da eta izugarri lagundu dit».

Harri-jasotzailearen txalekoak hiru ezaugarri nagusi dauzka. Batetik, betegarriz eginiko jantziak dira, babesa eman behar dutelako. Bigarrenik, lepoak moko forman behar du, mugikortasuna emateko. «Mokoaren luzera desberdina da harri baterako edo besterako. Bola denean, itxixeagoa nahikoa da, baina kubikoa denean, zabalagoa behar du, mugikortasun handiagoa izan behar duelako». Eta hirugarren ezaugarria, albokoak estutu eta zabaltzeko modukoak behar dituela, malgutasuna eta mugikortasuna emateko. «Plazan ondo ikusten da. Harri kubikoa jasotzeko kirolariek izugarri laxatzen dute txalekoa eta zilindrikorako pixka bat estutu. Koadrorako, berriz, oso estu jartzen dute, batere ez mugitzeko. Aukera hori ematen du alboak sokarekin irekiak izateak».

Perurenaren hitzetan, «txalekoaren funtzio bakarra ez da babestea. Harria jasotzeko erreminta bezala irudikatu behar da, indar gutxiagorekin pisu gehiago jaso ahal izateko. Erreminta eraginkorra da txalekoa. Indarrik ez du ematen, baina jasoaldiaren eraginkortasunean laguntzen du. Kirol praktikaren parte garrantzitsua da».

Harriaren arabera, aldatu egiten da txalekoaren babesa eta berez egokiena litzateke harri mota bakoitzerako txaleko bat izatea. «Ez da gauza bera hasi berria den harri-jasotzaile bat, ez dakiena oraindik harriarekiko sentsazio zehatza zein duen, edo esperientziadun harri-jasotzailea izatea. Ez da gauza bera ehun kilo edo hirurehun jasotzea. Ez da gauza bera harri bola bat, izkinarik ez duena, edo harri-kubiko bat, izkinaz betea, jasotzea. Eta gerta daiteke harri-jasotzaile batek txaleko bat baino gehiago behar izatea. Orain gertatzen ari da kirolari berrien etorria dagoela. Eta kirolari berriak ez daki zenbat iraungo duen bere zaletasunak. Beraz, hibrido moduko batzuk egiten ari naiz: ez dira onak zehazki harri baterako edo besterako, funtzionaltasun desberdinak konbinatzen ditu. Txaleko bakarrarekin modalitate desberdinetan moldatzeko modua izateko», azaldu du Maite Perurenak.

«Izan ere, harri-jasotzaile batek badaki harri bolarako txaleko bat behar duela eta harri koadro, zilindro eta kubikorako beste bat. Eta zehatzagoak izanda, ahal bada, kubikorako beste bat hobe, mugikortasun handia behar duelako. Baina denek ezin dituzte hiru txaleko kolpetik egin».

Badira txaleko kremaileradunak ere, Euskal Pentatloirako pentsatuak. «Proba horretan azkartasuna behar da, txalekoa azkar jantzi eta erantzi behar da. Baina nik ez dut deus asmatu, baziren txalekoaren atzeko partean kremailera zutenak, amak edo josia. Eta txalekoarekin berdin: nik ez dut deus asmatu, funtzionatzen zuen eredu bat hartu eta eguneratu egin dut, baliabide garaikideekin gaurkotu, ez dut besterik egin».

Berritasuna materialetan

Ziur aski materialetan ekarri du berritasun handiena 301K markak. «Harria oso urratzailea da. Aurrekoan, harrobi batean lan egiten duen langile batek aipatzen zidan berak titaniozko palak erabiltzen dituela eta horiek ere gastatu egiten direla harriarekin. Pentsa. Tradizionalki kotoiak erabili izan dira. Bergaran genuen kotoi fabrika oso indartsua; ‘Azul de Bergara’ koloreari horregatik esaten zaio horrela. Gaur egun itxia dago. Kotoia oso iraunkorra da eta horregatik erabili izan dira lanerako kotoizko jantziak. Harri-jasotzeko ere berdin, hasieran zuriak eta ondoren, urdinak, Bergarako fabrika horregatik. Laneko oihalak erabili izan dira harria jasotzeko. Kotoia oso ona da, baina gastatu egiten da, tarratatu, eta askotan harri-jasotzaileek larruzko partxeak erabili dituzte, zuloak tapatu eta parte hori indartzeko. Larruzko partxeak josteko erreminta berezia behar da, etxeko josteko makinekin ezin da, zapataginarengana eraman behar da. Eta bestetik, larrua garbituz gero, kartoi-itxura hartzen du eta ez ditu akaso portaera onenak harriarekin. Kirol jarduera egiteko arropa garbitu egin behar da. Harri-jasotzean erabiltzen ziren materialak eskura zeudenak ziren, seguruen ez ziren onenak. Baina kirolari gutxi izan direnez, inork ez du interesa izan ikertzeko, probatzeko, garatzeko. Finean, harri-jasotzaileak ez dira asko eta ez dago merkatu zabala. Ni saiatu naiz material teknikoak sartzen. Horiek testatu dituzten kirolariak gustura daude. Arinak dira, garbigarriak, iraunkorrak…. Hobeak egongo dira? Seguru baietz, baina ezin da mundu mailako proba bat egin. Neure baliabideekin horraino iritsi naiz».

Harri-jasotzearen arnas berria

Leitzako plazako izkina batean dagoen Harri-hari Toki egungo harri jasotzaileen topaleku garrantzitsu bihurtu da. Maite Perurena lanez lepo dabil txalekoak egin eta egin. Lehen pausoa kirolariei galdeketa zehatza egitea izaten da. Zer harri mota jasoko dituzten, gorputzeko atalen bat ote duten minduta, sorbalden barruko partean material irristakorra nahi duten edo ez, kremailerarik behar ote duten... Galdeketa zehatza, txalekoak erabat neurrira egiteko.

Maite Perurena Zubitur Harri-hari Toki izeneko denda estudioan. (Jon URBE/FOKU)

Eta Leitzako bere denda-estudioan ikusten duenak ederki erakusten du harri-jasotzeak bizi duen garaia: jende gaztea eta emakumeak, gero eta gehiago. «Harri jasotzearen loraldia gertatzen ari da. Horretan garrantzi handia duen faktorea izan da talka handia izan dela estereotipatuta dagoen kirol honen irudi berrituarekin. Talka horrek eragina izan du, atentzioa eman dio jendeari. Harri jasotzea ez zen bada gizon handi, zakar, arlote batzuen kirola? Emakume garaikideak agertu dira plazan, gaur egungo estetikarekin. Eta erakutsi dute kirol hau besteek bezain ongi egin dezaketela. Talka horrek atentzioa eman du».

Izan ere, harri-jasotzaileak, harriaren zama ez ezik, bere inguruan sortu den estereotipoaren zama ere sumatu baitu betidanik. «Gure aita bizitza osoan aritu da estereotipo horren kontra borrokan. Horrela aritu da, eta oso ondo egin du. Baina, hala ere, bazen beste pauso bat emateko beharra. Gero, gainera, kontziente izan behar dugu modekin funtzionatzen dugula. Nik ez dut uste honek hainbesteko denboran eutsiko dionik. Nahiago nuke. Orain, asko eragin du crossfitaren igoerak harri-jasotzaile berrien sorreran. Horrek ere izango du beherakada, harrigarri ari baita gora. Gure aitak duin egin du harri-jasotzea eta etorri diren berriek gauza bera egin dute, baliabide garaikideekin».

Pozik dago Maite Perurena harriekin eta hariekin, baina ez du bere hasierako bultzada ahaztu. Bere ametsak hasierakoa izaten segitzen du: kalerako txalekoak egitea, «gure tradizioko jantziak berreskuratu eta kalera ateratzea». Une honetan ez dauka ez astirik ez baliabiderik proiektu horretara jartzeko, baina beti du buruan hasierako ametsa. «Ia kirol eskariek arnas pixka bat ematen didaten». •