Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Eneko Maiz
Trinketista

«Ezker pareta baino ez genuen ezagutzen eta kasualitatez heldu nintzen trinketera»

Igande honetan Berezkoen Binakako finala jokatuko da Baionan eta bertan Etxeberria-Ducassouk Bidasoaz hegoaldeko bikote baten aurka jokatuko du; Maiz-Sanchez. Iaz debuta eginda, Villabonakoak lehen finala du eta ilusioz gainezka dago finalaren atarian.

Eneko Maiz pilota astintzen.
Eneko Maiz pilota astintzen. (Patxi BELTZAITZ/ MEDIABASK)

Lehen txapelketa eta lehen finala, dena azkar eta ondo joan da zuretzat?

Bai, Binakako txapelketa nagusian jokatzea ere ezustea izan zen niretzat, nondik nentorren ikusita, bigarren mailatik hasi ginen eskuetatik oso oso gaizki nengoen, bolada txarra pasa nuen urte hasiera horretan. Lehen mailan jokatzea sari moduko bat izan zen, gainera Luis Sanchezekin, lagun handia dut gainera, biak hegoaldekoak izanda ilusio berezia egin zidan eta begira, finalean gaude orain eta oso pozik.

Luis Sanchezekin jokatzea bi aurpegiko zerbait ere bada ia, atzelaritan onena eta gustagarria behar du haren ondoan aritzeak, baina presio berezi bat ere badu, ezta? Ia behartuta zaude irabazi edo goian egotera.

Bai, aurretik ere esan izan dut, ezker paretan gaur egun Zabaletak markatzen duen aldea bezalako zerbait da. Nik uste trinketean koxka bat gorago dagoela, atzelarietan behintzat, badakigu Ducaasou ere hor dagoela, beti bere maila ematen duela, baina Luis beste abiadura puntu bat sartzen ari zaio pilotari, kantxan ere oso erraz ibiltzen da eta gozada bat da berarekin jokatzea. Baina, aldi berean, esaten duzun bezala, presio pixka bat ere badakar, jakin egin behar da noiz sartu eta noiz ez, pilota onak uzten ere jakin egin behar da, txapelketa honetan nik uste ondo elkar ulertu dugula, finalera heldu gara eta ea ba zer egiten dugun.

Ducassou aipatu duzu eta bera izango da, Etxeberriarekin batera, finaleko aurkarietako bat

Bai, Ducassou badakigu nor den, urte mordoa darama punta-puntan, tantoa egin egin behar zaio, ez du oparirik egiten eta finaletan ere, nik uste dut berea eman egiten duela beti eta badakigu partida oso gogorra izango dugula, baina gu ere ondo iristen gara eta ea.

Finalerdiak ikusita, bi bikoteek erraz xamar lortu zenuten finalerako txartela

Bai, egia esan euren partida ikusi nuen eta sekulako pasada eman zieten Larralde eta Ipharri (40-8) eta guk ere antzera. Bagenuen kezka moduko bat ze txapelketako lehen partida hauen aurka jokatu genuen, Ospital eta Etchegoinen aurka, eta irabazi egin ziguten. Bagenekien gu ere hobeto heltzen ginela eta ondo joan zen gauza  (40-21), ondo hasi ginen eta gero, abantaila handia hartzen duzunean, zaila izaten da buelta ematea. Egia esan, emaitza aldetik nahiko erraz joan zen baina gure lana ondo eginda.

«Luis Sanchez ezker paretan gaur egun Zabaletak markatzen duen aldea bezalako zerbait da. Nik uste trinketean koxka bat gorago dagoela, atzelarietan behintzat, pilotari abiadura berezi bat sartzen dio»


Nolako finala espero duzu?

Puff, gogorra, eurek arazo batzuk izan dituzte, Ducassouk partidaren bat ez zuen jokatu, Etxeberria ere ez zen gure aurka aritu ligaxkan, baina badakit biak puntu onean daudela, partida oso gogorra izango da eta nik uste opari gutxien egiten dituenak irabazteko aukera izango duela.

Zuretzat txapelketa hau ikastaro intentsibo bat bezala izango zen, ala?.

Bai, hala izan da, gainera enpresak gure alde apustu bat bezala egin zuen, bi Hegoaldeko batera. Udan bi txapelketa jokatu genituen batera eta biak irabazi genituen eta txapelketan biok batera ikusteko gogoa zegoen enpresaren aldetik. Saiatu dira bikoteak orekatuak egiten eta oso oso intentsoa izan da, astero-astero partida bat. Momentu onean heldu zaigu aukera hau eta ea etekina ateratzen diogun.

Urte gutxian hegoaldeko pilotariek lekua egin duzue berezkoetan, nola izan da prozesu hau?

Oso pozgarria da. Nik urte dezente daramatzat afizionatuetan jokatzen, Luisena, nik uste, kasu berezi bat izan dela, sekulako saltoa eman du azken bi edo hiru urte hauetan eta zuzenean profesional egin zuten. Baina bai, beste bi bizkaitar ere badira (Inhar Ugarte eta Ekhi Ziarrusta), iaz sartu ziren profesionaletan eta ea pixkanaka hegoaldean ere indarra hartzen hasten den. Badakigu ez dela erraza hemen ezker paretan dagoen afizioarekin, baina jendeak ikustea gu bezalako piloteriak badaudela Iparraldean eta maila ona emateko aukera dugula, nik uste pozgarria dela.

Zu ere hasi ezker paretan hasi zinen, ala?

Bai, bai, hemen ohitura den bezala txikitatik pilotan hasi gienen bost bat urte genituenetik, hemen ezker pareta besterik ez genuen ezagutzen eta kasualitatez heldu nintzen trinketera. Vilabonako elkarteko lagun batek min hartu zuen eta haren ordez sartu nintzen Gipuzkoako txapelketan trinketean eta irabaztea lortu genuen. Hortxe etorri zen probatzeko aukera hori eta gero txapelketa gehiago jokatu nituen Hendaiako elkarteak ere deitu zidan beraiekin Iparraldeko txapelketa jokatzeko eta beno, han etorri ziren partidak, etorri ziren Munduko Txapelketak. Ikusi genuen trinketean maila ona ematen ari ginela eta azken urteetan trinketean bakarrik zentratu gara, honaino iritsi gara eta ea urte batzuk aprobetxatzen ditugun.

Esaten dute trinketea probatzen duena, kirol honek harrapatu egiten duela

Bai, bueno nik uste berezia dela. Gero gainera nik eskuetatik asko sufritzen dut eta pilotak arin xamarrak dira. Ezker paretaren oso desberdina da, baina nik uste polita dela eta probatzen duenari gustatzen zaiola eta ea pixkanaka jende gehiago animatzen den probatzea.

Lehen Bidasoaz iparralderakoak ziren ezker pareta probatzen zutenak eta orain ematen du norabidea aldatu dela

Bai, pixka bat bai. Badakit gainera nafar batzuk ere probatzen ari direla eta Bizkaian ere afizio handia ari da. Eskupilota enpresa ere lanean ari da gazteekin, 16-17 urteko umeekin, Bidasoaz bi aldeko pilotariak elkartu eta partida batzuk antolatzen eta pozgarria da.

«Ezin daiteke esa gure profesionaltasuna ezker paretakoaren berdina denik, ze gurea partiden araberakoa da, ez daukagu hilero soldata finkorik, baina punta-puntan dabiltzanak soldata oso on bat izateko aukera dute»



Profesionaltasuna ezker paretakoarekin alderatu ahal da?

Bueno, berdina denik ez dago esaterik, ze gurea partiden araberakoa da, guk ez daukagu hilero soldata finkorik. Baina egia da punta-puntan dabiltzanak soldata oso on bat izateko aukera dutela, hori bai, partiden arabera, emaitzen arabera. Esango nuke trinketeko pilotari guztiek beste lantxo bat daukagula, nik ere 4/5 orduko lan bat daukat eta pilotari guztiek badute lantxo bat jornada erdian edo, nonbaiten lanean ibiltzen gara. Gero egia da baita punta-puntako pilotari batek bere entrenamenduak behar dituela, bere lan fisikoa eta teknikoa eta ez zait iruditzen tailerrean 8 ordu pasako dituenik, baina bai bere lan finko bat izan behar duela ze, esaten dizudan bezala, soldata partiden arabera doa. Emaitzak oso onak badira oso urte ona izan dezakezu, baina mina hartuta bazaude, partidarik gabe geratzen zara. Guk, momentuz, beitatik aprobetxatzeko modua daukagu.

Entrenatu eta non egiten duzue?

Asteartetan Azkainen izaten da entrenamendua edo asteazkenetan Baionan. Xala, ezker paretan profesional izandakoa dabil entrenatzaile moduan, Gonzalez ere lanean ari da gazteekin. Nik uste dut gazte polit asko daudela eta gurekin askotan nahastuta entrenamenduak osatzen dituzte. Ez ditut astero entrenamenduak egiten, partiden arabera izaten da, baina entrenatzeko modua badago astero.