Manex Altuna

Getxo ez da Ohorezko A Mailara igoko eta Ordizia play-offetan egongo da

Igotzeko bigarren aukera galdu du talde bizkaitarrak Pozueloren aurka Valladoliden galdu ostean (31-12). Bestalde, Ordizia nagusi izan da Gernikaren aurkako derbiaren azken txanpan eta play-offak jokatzeko sailkatu da (47-12).

Getxoko jokalariak joan den asteburuan zuzenean igotzeko aukera galdu zuten Faduran.
Getxoko jokalariak joan den asteburuan zuzenean igotzeko aukera galdu zuten Faduran. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Getxok Ohorezko A Mailara igotzeko izan dituen bi aukeretan huts egin du. Joan den astean Faduran galdu zuten finala Bartzelonaren kontra (3-5) eta Pozueloren kontrako promozio partida ere galdu egin dute (31-12).

Valladoliden jokatu da norgehiagoka eta hasieratik okertu zaio talde bizkaitarrari partida. Lehen ordu laurdena bete aurretik bi entsegu jaso dituzte eta madrildarrak 14 eta 0 aurreratu dira. Atsedenaldiaren aurretik entsegu bat egin dute bizkaitarrek eta bigarren zati hasieran 17-12 hurbildu dira markagailduan. Pozuelok beste bi entsegu, gehi transformazioarekin, erantzun du eta erabakita utzi du partida.

Ordizia eta Gernikako jokalariak derbia hasi aurretik. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Ordizia eta Gernikako jokalariak derbia hasi aurretik. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Bestalde, Ordizia Ohorezko Mailako play-offak jokatzeko sailkatu da eta Quesos Entrepinares taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak final laurdenetan. Liga erregularrari amaiera emateko atzeratutako beste partida bat geratzen zaio Goierriko taldeari. Maiatzaren 13an jokatuko da norgehiagoka.

Gernikak, aldiz, agur esan dio denboraldiari. Maila galduta zeukaten derbia hasi aurretik eta ez diote erraztasunik eman etxeko taldeari. Partidaren azken txanpan besoak jaitsi dituzte eta Ordiziak lau entsegu egin ditu.

Goierriko taldea indartsuago zelairatu da eta Lander Gomezek egindako entsegu bati ezker aurreratu da markagailuan. Valentin Cruzek ere asmatu egin du jaurtiketan. Gernikak ez du amore eman eta berdintzea lortu du lehen ordu erdia bete aurretik. Atsedenaldi aurretik Erlantz Garmendiak bigarren entsegua lortu du eta Valentin Cruzek ez du barkatu (14-7).

Bigarren zatian tartea handitu du Ordiziak Mikel Perezen entsegu baten bitartez, baina Gernika berriro gerturatu zaio (19-12). Hortik aurrera, bizkaitarrak desagertu egin dira eta lau entsegu jaso dituzte azken ordu laurdenean. Valentin Cruzek, Xabier Garmendiak, Julen Goiak eta Kieran Leek egin dituzte eta jaurtiketa guztiak barrura bidali ditu joko zabaltzaileak (47-12).

Biarritzen porrota eta Leinster finalera

Biarritzek galdu egin zuen ostiral iluntzean Agileran Grenobleren aurka (25-36). Top 14ra igotzeko aukerarik gabe geratu dira eta, azken jardunaldiaren faltan, denboraldiaren amaieran pentsatzen ari dira lapurtarrak. Kluba salgai dago eta jokalari askok taldea utziko dute. Tomas Cubelli argentinarrak, adibidez, Ameriketako Estatu Batuetan jokatuko du hurrengo sasoian. Aurrelarien entrenatzailea izan den Shaun Sowerby hegoafrikarrak ere ez du taldean jarraituko.

Europa mailan, berriz, Champions Cup txapelketako finalean izango da berriro Leinster talde irlandarra. 41 eta 22 irabazi dute Stade Toulousian taldearen aurka. Lau titulu irabazi dituzte irlandarrek, azken aldiz 2018an Bilbon. Igandean jokatuko da La Rochelle eta Exeter taldearen arteko beste finalerdia. Ronan O'Gara jokalari ohi irlandarrak zuzentzen duen talde frantsesa iazko txapelduna da eta Bordelen jokatuko da partida.