Elordik partida oso ona jokatu arren, Altuna izan da garaile eta finalerdietara sailkatu da

Mallabiarrak estu hartu du Altuna, ausart eta erasokor jokatuta, baina hura mendean hartzeko ez da nahikoa izan (18-22). Elordik 18. tantoa egin duenean hautsi da neurketa. 15-18 zihoazen markagailuan, amezketarra aldageletatik atera da eta aurkariari alerik utzi gabe 22. tantora iritsi da.

Altuna III.a pilota jaurtitzen, Elordiren begiradapean, Eibarko Astelena pilotalekuan.
Altuna III.a pilota jaurtitzen, Elordiren begiradapean, Eibarko Astelena pilotalekuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Asko jokatu duzu. Bai, baina hala ere galdu», ezin hobeto laburbildu du Elordik EITBko kameren aurrean Eibarren gertatu dena. Bete-beteko partida jokatu dute Altuna III.enak eta Elordik, eta askotariko tantoak egin dituzte: boleaz, dejadaz, sakez, gantxoz... Astelena pilotalekura hurbildu diren zaleek gozatu ederra hartu dute. Ez, ordea, Elordik. Partidako hainbat unetan amezketarra estu hartu badu ere, ez da nahikoa izan hura mendean hartzeko.

«Orain pena puntu horrekin nago, baina uste dut denbora pasatzen denean pozik egongo naizela. Gauza positibo asko atera daitezke partidatik», eta ez du besterik. Elordik badaki Altuna bezalako pilotari baten aurka irabazteko, gauzak ondo baino hobeto egin behar direla, eta oso gertu egon da helburua lortzetik.

Altunak Buruz Buruko finalerdietarako txartela lortu du jardunaldi baten faltan –Elezkanoren aurka jokatzea falta zaio–, eta Joseba Ezkurdia edo Peio Etxeberria izango du aurkari finalerdietan. Taulako beste aldean, Lasok edo Elordik elkarren aurka jokatuko dute, eta irabazten duenak lortuko du finalerdietarako bigarren txartela.

Hasieran, Elordi erasokor

Hasiera-hasieratik bizi jokatu du mallabiarrak; duen sake onari abantaila atera dio –bi saketan botea lehenago eman du, bosgarren koadro inguruan–,  Altunari botean jartzera behartuz. Erasokor jokatu du eta aukera izan duenean aurrera egin du zalantza izpirik gabe. Izan ere, Elordik bazekien atzera egiten bazuen, Altunak errematea baliatuko zuela.

Lasorekin gertatu antzera, Altunak ez du ondo hasi partida. Horren erakusle da 8. tantora iritsi arte, behin bakarrik hartu diola aurrea markagailuan Elordiri. Indarrak oso pareko egon dira uneoro, eta partida osoan zehar sei aldiz berdindu dute markagailua, 3-3, 4-4, 5-5, 8-8, 15-15, 18-18.

8-8 zihoazela, Altunak pauso bat aurrera eman du sei tanto jarraian kateatuta (14-8). Lehen hirurak sakez egin ditu, eta asko nekatu gabe aldea handitzea lortu du. Momentu horretan partida Altunaren alde hausteko zorian egon da, baina mallabiarra berpiztu egin da, eta amezketarraren bi hutsegite tarteko, aldea berdintzea lortu du (15-15). Tanto horietan Elordik erakustaldia eman du boleaz jo dion bakoitzean, eta Altuna behartu du zenbait pauso atzera egitera.

Oso ausart jokatuta heldu da Elordi 18. tantora. Une horretan izan da inflexio puntua Altunarentzat. Amezketarra aldagelara joan da, eta hortik aurrera, tanto bat bestaren atzetik egin du, 22.era iritsi arte. Horietako bi dejadaz, pilota maisuki zabalera botata.

Altuna «zezenen pare»

«Zezenen pare irten da», horrela deskribatu du Elordik Altuna aldageletatik irten osteko momentua: «Altunak ez du apenas oparirik egiten. Saiatu naiz baliatzen 15-18ko tarte hori deskantsua eta gero, baina dejadak bota dizkit eta hortik aurrera zaila izan da. Pena dut partida bideratuta nuelako».

Altunak nabarmendu du fisikoki partida «gogorra» izateaz gain, psikologikoki ere ez dela «erraza» izan: «Sakea ez du paretan sartu, eta aurkariak sakea hartzen duenean zaila da. Gainera, hamar tanto egin dizkit zazpi minututan». Hain justu, sakearen inguruan, amezketarrak aitortu du zalantzak izan dituela Elordik sakatzen zuenean, ez zekielako aurrera edo atzera joan.

Datorrenari begira, Elordik Lasoren aurka irabazi egin beharko du, finalerdietarako txartela lortu nahi badu. Horren inguruan, Aspeko aurrelariak azpimarratu du «tentsio handiko» partidak direla, eta espero duela «bete-beteko» neurketa jokatzea Lasoren aurka. Altuna, berriz, finalerdietan da, eta esan du «izugarria» dela horrelako bi aurkarien kontra jokatuta «jada» sailkapena lortzea.

PARTIDAKO FITXA

Iraupena: 55.29 minutu.
Pilotakadak: 221.
Sakez: 2 Altunak eta 2 Elordik.
Egindakoak: 15 Altunak eta 13 Elordik.
Galdutakoak: 5 Altunak eta 7 Elordik.
Markagailua: 0-3, 1-3, 3-3, 4-3, 4-4, 5-4, 5-5, 5-8, 8-8, 14-8, 14-9,14-11, 15-11, 15-18, 16-18, 22-18.
Gorabeherak: Giro bikaina Eibarko Astelena pilotalekuan. Aurreneko sakea, urdin.