NAIZ

«Sexismoa desprogramatzea» helburu, Emakunde saria jaso du On:giz taldeak

Gizonezkoak interpelatuz eta emakumeak ahuldunduz diharduen On:giz taldeak pozik hartu du Emakume saria gaur asteartean. Norabide bakarreko bi ildo honetan aurrera segitzeko gogoz agertu dira bere ordezkariak.

On:giz-eko ordezkariak, lehendakaria, Melgosa sailburua eta Emakundeko ordezkariekin batera.
On:giz-eko ordezkariak, lehendakaria, Melgosa sailburua eta Emakundeko ordezkariekin batera. (Irekia)

Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu duen ekitaldi batean, Emakunde saria eskuratu du On:gizen taldeak. Ester Molinerok eta Xabier Odriozolak jaso dute. Nabarmendu duetnez, gaur egun elkartean parte hartzen duten 200 pertsona baino gehiagorentzat –120 emakume eta 85 gizon– saria da hau, batez ere talde boluntarioen 20 dinamizatzaileentzat, «gure sexismoa eta gizartearen sexismoa desprogramatzeko apustu argi eta oso aktiboa egiten dutelako».

«Gure helburua hasieratik sistema patriarkala eta sexismoa gainditzea izan da, eta pertsona guztientzako gizarte justua eta berdintasunezkoa bilatzea», ekarri dute gogora.

On:giz gizon talde bakarrarekin hasi zen, eta, gaur egun, bederatzi gizon eta beste hamar emakume dira elkartean aktibo daudenak, eta hamabostero biltzen dira Gasteizen zein Arabako herri batzuetan.

Emakundek gogorarazi du sari honen helburua: emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridikoen, publiko zein pribatuen, jarduna publikoki aitortzea. Saria 14.400 eurokoa da. Urtarrilean jakinarazi zuten eta gaur eman zaio elkarteari.

Epaimahaiak positibotzat jo du hautagaitza hori bat etortzea erakunde arteko lan-ildo eta kanpainekin, «gizonak interpelatzen baitituzte, are gehiago aurrerapenen testuinguru sozial batean, non gizonek gero eta gehiago kontzientziatzen, inplikatzen eta parte hartzen duten emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurka».

Halaber, sari honen bidez, epaimahaiak aintzatespena luzatu nahi die «berdintasunaren alde lan egiten duten beste erakunde eta kolektibo batzuei, gizonen beharrezko inplikaziorik gabe hori ezinezkoa dela ulertuta».

Urkulluk ekitaldian adierazi duenez, «On:giz-ek gogorarazten digu berdintasuna erronka partekatua dela, eta guztiok dugula zer egin: gizonak, emakumeak, erakundeak, elkarteak, enpresak, familiak, komunikabideak…arazo estrukturalak eta globalak modu kolektiboan baino ezin baitira konpondu, taldean lan eginez».