Elkarrizketa
Mai Garde
Osasunako jokalari ohia

«2005ko finalean pribilegiatuak ginela esaten zidan aitak»

Osasunak dituen 103 urteetan taldea bi aldiz iritsi da Kopako final batera. Lehenik 2005ean, eta aurten. Duela 18 urte jokatutakoan egon zen Mai Garde (Iruñea, 1987) bere familiarekin, eta aitortu du lehiaren aurretik «sekulako festa» izan zela. Larunbat honetan ere Sevillan egongo da.

Mai Garde, Osasunaren elastikoa jarrita, Taxoarren jokatutako partida batean.
Mai Garde, Osasunaren elastikoa jarrita, Taxoarren jokatutako partida batean. (Foku)

Aloisi Osasunako aurrelariak 2005eko ekainaren 11n Kopako finalean sartutako gola izan da Mai Gardek inoiz «gehien ospatu» duena. Osasunako jokalari ohia Madrilen izan zen duela 18 urte. Partida hartan, gorritxoek 2-1 galdu zuten luzapenean Betisen aurka. Gardek nabarmendu du itzulerako bidea trenean egin zutela, eta «hileta bat» zirudiela. Aste honetan, Osasunak bere bigarren aukera historikoa izango du Kopa altxatzeko. Irundarrari galdetuta bere bihotzeko taldeak zer egingo duen, haren erantzuna beti da «irabazi».

Egun klubeko emakumezkoen egituran koordinatzaile lanak egiten ditu, eta adierazi du «ziurrenik, Osasunaren aro distiratsuena» bizitzen ari direla, eta gaineratu denboraldiari «amaiera borobila» ematea litzatekeela «gizonezkoek Kopa irabaztea, eta emakumezkoak Lehen Mailara igotzea».

18 urte pasatu dira Osasuna Kopako finalera iritsi zela. Eta zu han izan zinen.

Bai, 17 urte nituen eta gurasoekin eta nire ahizpekin batera joan nintzen Madrilera. Garai hartan bostok Osasunako bazkideak ginen, eta zerbait historikoa bezala bizi izan genuen. Ziur aski Aloisik sartutako gola izango da gehien ospatu dudana edo nire bizitza osoan gehien sentitu dudana. Eta pentsa asko izan direla bizi izan ditudan golak, edo sartu ahal izan ditudanak, baina Aloisirena oso berezia izan zen. Azkenean zure bihotzeko taldeak garaikur bat irabazteko aukera izatea... Gero gogoratzen ditut ahizparen malkoak Dani [Daniel Martin Alexandre] Betiseko jokalariak gola sartu zuenean. Iruñerako itzulera oso gogorra izan zen, ordu asko eman genituen etxetik kanpo, baina oroitzapen polita dut.

Noiztik zarete familiako guztiak Osasunako bazkideak?

Nire aitak ia 50 urte daramatza bazkide izaten, eta berarengatik dugu Osasunarekiko grina. Txiki-txikitatik gogoratzen dut nire ahizpa zaharrena izan zela bazkide egin zuten lehena, ondoren nire beste ahizpari egin zuten, eta, txikiena izateagatik, azkena izan nintzen. Hala ere, beti izaten genituen sarrerak Sadarrerako, edo bestela abonuren bat uzten ziguten. Duela urte batzuetatik bostak gara Osasunako bazkideak, nire ama ere batu baita.

Zer-nolako giroa arnasten zen Vicente Calderonen?

Pentsatu ez genuela inoiz horrelakorik bizi. Osasunak ia 90 urteko historian jokatu zuen lehen finala zen. Aitak zioen pribilegiatuak ginela, Osasunarekin bizi izan zuen guztia eta gero. Zerbait berria zen. Gogoratzen naiz trenez joan ginela Madrilera, eta hango tren geltokitik irten ginenean marea gorri bat abiatu ginen zaleak elkartzeko jarri ziguten leku batera. Dena gorria zen, sekulako festa zegoen, musika… Uztailaren 6ko eguna bezalakoa izan zen, baina Madrilen. Gero gauean, gogoan dut berriro ere marea gorri bat joan ginela estadio aldera. Jende ezagun asko ere bazegoen.

Porrot mingarria izan zen. Aho zapore gazi-gozoarekin joan zineten etxera?

Aloisik sartutako golarekin negarrez hasi nintzen, nire ahizpa Bearekin batera. Eta horrela jarraitu genuen ia Iruñera iritsi arte. Itzulera gogorra izan zen. Azkenean horraino iristen zarenean, Kopa irabazi nahi duzu, eta uste dut Aloisiren golak bultzada handia eman zigula. Eta joaneko bidaian ez bezala, iskanbila zegoela, jendea edaten, abesten… itzuleran, aldiz, trenean gindoazela hileta bat zirudien.

Larunbat honetan Osasunak bigarren finala jokatuko du. Baduzu sarrera, ezta?

Bai, badut sarrera. Aurten aldaketa bat egin dugu: ama etxean geratuko da, eta iloba etorriko da. Bi iloba ditut, eta Pablo 8 urtekoak Sevillara etorri nahi du. Bestea, Leire, txikiagoa da eta ez da etorriko.

«Dena gorria zen, sekulako festa zegoen, musika… Uztailaren 6ko eguna bezala izan zen, baina Madrilen»

Nola joango zarete?

Kaos bat izaten ari da, eta, egia esateko, oraindik aitak eta ahizpek ez dakite nola joango diren Sevillara. Iruditzen zait autoz joango direla, baina oraindik ez da ziurra. Eta nik ‘Tourmalet’ bat egingo dut [barrez]: bi lagunekin batera noa, nahiz eta gero Sevillan familiarekin elkartuko naizen. Ostegun gauean Iruñetik Gasteizera trenez joango naiz, Gasteiztik Malagara hegazkina hartuko dut, han gaua igaro eta hurrengo egunean Sevillara joango naiz autobusez. Odisea bat izan da prezio eskuragarrietan lortzea. Bueltakoan, Sevillatik Madrilera autobusean joango naiz, han gaua pasatu eta hurrengo egunean, astelehenean, Iruñera itzuliko naiz trenez. Bost hiritatik igaroko naiz hiru egunetan.

Real Madrid aurkari zaila izango duzue parean. Nola ikusten duzu?

Jendearekin hitz egin dudana da zein talde ateratzen ote den partida bat galtzera, aurkaria edozein dela ere. Galdetzen badidazu zer egingo duen Osasunak, erantzuna beti izango da irabazi egingo duela. Argi dago aurkari zaila dela, urtero zenbait final jokatzen dituen kluba da, eta apustu etxeetan ez du inork gure alde sosik jarriko. Baina nik argi dut gure aukerak izango ditugula, gutxi izan arren, eta horiek aprobetxatu behar ditugula.

Azkenean partida bakarrean edozer gerta daiteke.

Bai. Zuk jokalariei galdetzen badiezu, esango dizuten lehen gauza izango da, ziur, beren aukerak izango dituztela, gutxi izango direla jakin arren. Osasunak beti partida onak egiten ditu aurkari handien aurka, eta noizbait txanpona gure alde eroriko da.

Twitterren Chimy Avilarekin argazki bat igo zenuen. Harekin hitz egin duzu finalaz?

Chimyrekin harreman oso ona dut, eta gehienbat hari jotzen diot adarra. Uste dut orokorrean jokalariek gogo handia dutela. Duela 18 urteko finalean jokalari hauek umeak ziren, eta seguru nago askok ez dutela gogoratuko. Haientzat historikoa da lortu dutena, eta Kopa Iruñera ekartzeko dena emango duten lehenak haiek izango dira.

Zer dio Jagoba Arrasatek?

Jagobarekin ez naiz egon. Egia da Taxoaren egunero lan egiten dudala eta egunerokoan beti ikusten dudala, baina ez dut harekin hitz egin. Jagobarekin oso ondo moldatzen naiz, beti galdetzen dit emakumezkoen taldeen inguruan. Partidaren bat ikustera ere etorri da. Taxoaren dugun giroa familia baten modukoa da.

Zer suposatuko luke zuretzat Osasunak Kopa irabaziko balu?

Emakumezkoen taldearen igoerarekin batera, nire kirol bizitzako ametsa Kopa irabaztea izango da. Hain naiz gorritxoa, berdin zaidala zelaian ez egotea, neurea balitz bezala sentituko baitut. Txikitatik, Osasuna bigarren mailan zegoenean ere, Sadarrera joaten nintzen, lau katu joaten ginenean. Klubaren garai txarretan egon naiz; Sabadellen egon nintzen ia desagertu ginenean, Izco presidente zegoenean ere emakumezkoen taldean nengoen… Badakit zer den ezurteak egotea Taxoaren. Eta orain oso momentu polita bizitzen ari gara. Uste dut amaiera bikaina eman ahal diogula, ziurrenik, Osasunaren aro distiratsuenari. Irabazten badugu, ez dut imajinatu ere egin nahi, baina zoramena izango da.

Beraz, Osasunarentzat denboraldia borobiltzea litzateke gizonezkoek Kopa irabaztea eta emakumezkoek lehen mailara igotzea.

Bai, eta ez bakarrik denboraldia biribiltzea. Zerbait historikoa da. Klubaren 103 urteko historian bi aldiz bakarrik lortu da final batera iristea, eta orain emakumezkoen taldeak, zeinak sei-zazpi urteko ibilbidea egin duen, igoera lortuko balu, klubari ginga jartzea litzateke. Momentua gozatu behar da, badakigu zein zaila den hor goian egotea, eta oxala lehen mailara igotzea.

«Emakumezkoen taldearen igoerarekin batera, nire kirol bizitzako ametsa Kopa irabaztea izango da»

Emakumezkoen taldea Kopako finalerdietan sartzeko gertu egon zen, Athleticen aurka 1-2 galdu ostean. Partida hori ikusi zenuen?

Ez dut nire taldearen partidarik galtzen, batez ere etxekoak. Ez da bakarrik nik esaten dudala, partida ikusi zuen jende askok ez zekien zein talde zen lehen mailakoa eta zein bigarrenekoa, eta hori garrantzitsua da. Lehen mailako taldeetatik oso gertu gaude. Uste dut Athleticen aurka guk pasatzea merezi genuela. Baina hiru-lau aldiz jaurti genuen baloia zutoinera, eta haiek izan zituzten aukerak sartzea lortu zuten. Eta futbola horrelakoa da. Orain dela sei urte, Osasunan sartu nintzenean, lehen mailatik nahiko urrun geunden, eta uste dut gero eta hurbilago gaudela. Ea aurten igotzea lortzen dugun.

Denboraldi honetan lehen mailako kanporaketak jokatzeko lehia estua dago. Nola ikusten duzu taldea?

Gezurretan ariko nintzateke esango ez banizu lasta bat dela hainbeste urtez lehen mailara igotzeko zorian egotea. Joan den denboraldian puntu batengatik ez genuen lortu, eta argi dago klubak eta taldeak gogoa dutela helburu eta amets hori erdiesteko. Merezi dutela uste dut. Azkenean denboraldiak oso luzeak egiten dira, gero eta lehiakortasun handiagoa dago mailan, eta gero eta zailagoa da igotzea. Baina nik esaten diedana da beste sasoi bat eta hor gaudela berriz ere. Eguberrietan izan genuen beheraldiaren ondoren, uste dut gutxik espero zutela berriro ere gorengo postuetan egotea. Konfiantza osoa dut denboraldi batean behingoz lortuko dugula.

Iaz erretiratu zinen futboletik. Faltan botatzen duzu?

Taldekide ohien entrenamendu guztiak ikusten ditut, eta ez dut sentitzen taldetik joan naizenik. Hasieran arraroa egin zitzaidan, batez ere haiekin ez entrenatzea, asko lagunak baitira eta hasieran hori da faltan botatzen duzuna. Orain beste amets bat bizitzen ari naiz, Osasunan nago lanean, eta esklusiboki emakumezkoen futbolean aritzen naiz. Pribilegiatua sentitzen naiz, eta niretzako oso polita da igandeetan haiek ikustera etortzea. Futbolean jokatzeko grina beti izango dut, baina noizbehinka areto futbolean aritzen naiz Iruñeko talde batean; orduan, gogo horiek pixka bat kentzen ditut.

Nolakoa da zure egun bat?

Goizetan Taxoarera etortzen naiz. Nafarroan ditugun teknifikazioak antolatzeaz arduratzen naiz, Iruñekoa barne. Gero, Osasunako lehen eta bigarren taldeen jarraipena egiten dut Tito [Iribarren] kirol zuzendariarekin batera. Eta horrez gain, Osasunako areto futboleko taldeez arduratzen naiz. Goizetan ordenagailuarekin egoten naiz, eta arratsaldeetan zelaian. Garrantzitsua da hitzarmena dugun klubekin harreman estua izatea jokalari bakoitzaren beharrei arreta jartzeko. Helburua da gero eta neska gehiago egotea futbolean, eta erraztasun gehiago jartzea. Lana asko gustatzen zait eta asko aberasten nau.