Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Arrasateren banda: gitarra elektrikoa, bateria eta, tarteka, biolin batzuk

Jagoba Arrasate itsasontziko kapitain izendatu zuen Braulio Vazquez zuzendari teknikoak, baina gehiago ere bada: musika banda baten zuzendari gisa jokatu du Osasunaren bilakaeran. Hiru etapa, hiru musika mota, hiru jokamolde. Zein agertuko du Cartujan?

Arrasate eta Osasunaren arteko lotura oso estua da, bidea egiten ari dira elkarrekin.
Arrasate eta Osasunaren arteko lotura oso estua da, bidea egiten ari dira elkarrekin. (Jon Urbe | Foku)

Ikaragarri hazi da Osasuna Jagoba Arrasateren gidaritzapean, baina nabarmen aldatu da berriatuarra ere gorritxoen aulkiaren jabe denetik. Bost urteotan bidea goranzkoa izan da beti, Bigarren Mailatik Kopako final honetara; goranzkoa baina ez zuzena.

Badira beren patua jokatzeko mota zehatz bati betiko lotzen dioten entrenatzaileak, norabide bakarrekoak, eta badira etengabeko eraldatzea nahiago dutenak, irakaspenak barneratuz, bihurguneak hartzeari muzin egin gabe aritzen direnak. Azken hauetarikoa da Arrasate, eta horren emaitza da egungo Osasuna; eklektikoa, mistoa, anitza.

Gorritxoen historiak grabatutako topikoak alde batera utzita, egoera ezberdinetara moldatzen dakien taldea gorpuzten joan da Arrasate. Aste honetan, elkarrizketa batean, Alvaro Benito futbolari ohiari laburbildu dio: «‘Nire ideiekin hilko naiz’, asko esaten da orain; baina bizirautea, hobe».

Musikaren metaforari helduz, bost urteotan hiru agertoki ezberdinetan jotzea tokatu izan zaio Osasunari, eta batuta eskuan daraman gizona hiruretara egokitu da: aurrenekoan igoera lortzea zuen helburua; bigarrenean, Lehenengo Mailari eustea; eta orain Ligako estatusean zertxobait gora egiten hastea da xedea.

Bide azkarretik (2018-19)

Abiadura izan zen Arrasateren lehenbiziko ekarpena. Soriatik heldu zenean, tankera astuna zuen taldeak. Diego Martinez ez zen igotzeko helburua betetzetik oso urrun gelditu, egia esanda; baina lozorroan zituen Sadarreko harmailak, eta ildo hori iraultzera etorri zen berriatuarra.

Laster ikusi zuen Ruben Garcia eta Roberto Torres bezalako jokalarien kalitateak –Bigarren Mailako batez bestekotik oso goiti– arriskuak hartzea ahalbidetzen zuela, eta zelaian indarrak askatzea bide oparoa izan zitekeela, Martinezen zorroztasun taktikoa baztertuz.

Rock kontzertu batekin parekatu zen denboraldi horretan Sadarren bereziki bizi –eta gozatu– izan zena. Motel has zitekeen emanaldia, sarritan markagailuan azpitik, baina motorrak piztu ondoren ez zen taldearen ziztu biziko abiadurari galga jartzerik. «In crescendo» horretan Osasuna beti irabazle ateratzen zen, maiz azkeneko minutuetan.

Norbaitek jada gogoan ez badu, ahaztezina den arren, etxeko 21 partidetatik 19tan garaipena eta gainerako bietan berdinketa lortu zuen Osasunak denboraldi hartan. Guztira 31 batuko zituen, Sadarren bakar bat galdu gabe, 2019ko azaroan Athletic 1-2koarekin nagusitu zen arte. Eta ia beti gidoi berdinarekin: trantsizio azkar-azkarrak, aurkariak baloia Osasunaren zelaian zuenean; eta presio itogarria, bere ate inguruan mugitzen zenean. Joan-etorri zoro horretan noizbait galdu beharra zegoen (Tenerife adibide, 3-2, Osasunak jokatutako norgehiagoka onenetako batean), baina balantze orokorra aski emankorragoa zen.

Klopp eredu hartuta, AC/DCren soinu banda hartu zuen Arrasatek lehen denboraldian. Eta autobide horrek ez zuen infernua ortzimugan, zerua baizik

Jürgen Kloppen antz osoa hartu zuen orduan Arrasatek, eta ez da kasualitatea: gaur egun ere, Liverpooleko entrenatzailea hautatzen du berriatuarrak erreferentzia gisa, gustukoen duen entrenatzaileaz galdetzen bazaio.

Osasunaren iraganean antzekorik bilatu nahi izatekotan, Pepe Alzateren garaietara joan beharra zegoen, 80ko hamarkadaren hasierara; Osasunakoek western-etako «indioen gisa» eraso egiten zutela adierazi zuen Paquito entrenatzaile asturiarrak, nonahi agertzen zirelako, ustekabean eta azkar-azkar. Arrasaterenak bezalaxe.

Musikalki Osasunaren partidek AC/DCren soinu banda merezi zutela idatzi zuen baten batek, guztiz elektrikoak zirelako, ‘Highway to hell’. Baina autobide horrek ez zuen infernua ortzimugan, Lehen Mailako zerua baizik.

Sendotzeko apustua (2019-2022)

Eutsiko ote zion jokamolde bizi-bizi horri Arrasatek elitean? Bideragarria al zen goiko presio latz hura, baloia atzetik txukun mugitzeko gaitasuna duten taldeen kontra? Eta gorritxoen elektrizitatea Lehen Mailako erritmo altuagoan moteltzen bazen?

Laster egiaztatu zen moldaketa, lehenengo partidan, Leganesen. Aurreko bide arrakastatsutik erabat aldendu gabe, seguruago jokatzeko beharra bazen. Estreinaldi hartan, Madrilgo taldeak aukera asko izan zituen, baina Chimy Avilaren jaurtiketa gogor batek ekarri zuen garaipena (0-1) eta horrekin bide berria indartu zuen.

Aurrerantzean hobeto hautatu behar zen nola eta noiz arriskatu, eta batez ere non eta noiz jo. Gitarra elektrikoaren ordez, bateria doinuak nagusitu ziren.

Etxekoagoa bilakatu zen dena, ezagunagoa baitzen estilo hori, Pedro Mari Zabalzaren aro luzearen antzekoa (zortzi denboraldi batu zituen iruindarrak gorritxoen aulkian, eta kontratu bidez jada seigarrena zin egina du bizkaitarrak).

Zea Mays du gustuko Arrasatek, eta ‘Negua joan da ta’, kanturik maitatuena. Sabadelleko negu gorria Martin Monrealek aldendu zuen, baina berak ekarri du udaberria, baita Cartujako uda betea ere bai

Musika moldea eta gerturatze hori bilduta, esan genezake jada ez zela AC/DC iparrorratza, hurbilago eta apalago den zerbait baizik. Arrasatek oso gustuko duen talde batean irudikatu dezakegu: Zea Mays. ‘Negua joan da’ du kantarik maitatuena, Mikel Idoate pilotariari ‘El txoko de Idoate’ internet bidezko saioan azaldu dionez. Eta hau ere Osasunaren bilakaeraren metaforatzat har genezake: Sabadelleko negu gorria Martin Monrealek gainditu zuen, baina Arrasateren eskutik heldu da udaberria Sadar aldera, eta orain Cartujako uda betea ere bai.

Estilo berrituak lehentasunak ere aldatu zituen, jokalariei dagokienez. Defentsaren sendotasunaren seinale da David Garciak, Aridanek eta Lucas Torrok tarte honetan hartutako protagonismoa, eta emandako maila. Eraso aldeari dagokionez, jotzen dakiten futbolariak lehenetsi ditu Arrasatek, fisikoki indartsuagoak: Chimy, jakina, bai eta Enric Gallego, Kike Garcia eta Ante Budimir ere.

Bigarren fase horretan gauzak ez dira hain distiratsuak izan, espero zitekeen bezala, baina emaitza oso txukunak izan dira. Eta krisialdiei aurre egiteko gaitasuna aski frogatu da; 2020. urteko urritik 2021eko urtarrilera bitarte, 13 norgehiagoka jarraian bat bera irabazi gabe eman zituen taldeak, baina azkenean nahiko erraz eutsi zion mailari.

Arrasateren aroaren lehenengo zatia eztandarena izan bazen, bigarren honek sendotzea ekarri dio proiektuari, trinkotu egin du, erroak lurrean sakon sartu ditu.

Jauziaren bila (2022-23)

Bere historiaren zenbait unetan ezagutu duen bidegurutzera eraman du Osasuna hazkunde honek (90eko hasieran, 2007an...): jaitsiera postuak urruti ikusten hasten denean, baina aldi berean Europakoak garestiegiak badira, zer egin, zein helburu asmatu? Galdera horri estiloaren beste moldaketa baten bidez erantzun nahi izan dio Arrasatek. Ba al da, posiziozko jokoa hobetzen, hazten jarraitzeko aukerarik?

Moi Gomez eta Aimar Orozen eskutik bibolin doinuak entzuten hasi dira Sadarren. Ez da Vivaldi izango segur aski, baina Iruñeko Orfeoia izatera hel liteke

Moi Gomez etorri da horretarako, merke eta on, taldeari beste nortasun bat ematen dion jokalaria: baloiaren jabetza altuagoa eta tempus lasaiagoa. Bi oinekin berdin aritzen den futbolaria izanik, jokoa ezkerrera zein eskuinera azkar zabal dezakeen erdilaria da. Berebiziko garrantzia du honek Arrasateren filosofian: norabide bererantz egiten duten bi zentral zelairatu dituenean (Unai eta Aridane), damutu egin da.

Aimar Oroz ondoan jarrita biderkatu du apustua Arrasatek. Bikote honen eskutik biolin doinuak entzuten hasi dira Sadarren, bertan ia inoiz ezagutu gabeak. Ez da Vivaldi izango segur aski, baina Iruñeko Orfeoia izatera hel liteke. Are gehiago, taldean aldi berean Taxoaren koskortutako jokalari ugari sartzen ari dela kontuan hartzen badugu: Pablo Ibañez, Diego Moreno, Iker Muñoz, Iker Benito, Jorge Herrando.

Doinu berri horien bila abiatu izanak Jagoba Arrasateren berezko ezaugarri bat erakusten du: emaitzetatik harago, zaleak pozik uzteko grina. Horretarako ekarri zuen Braulio Vazquezek 2018an, bazkideek beste gauza bat eskatzen zutelako, eta konpromiso hori bere egin du berriatuarrak 2023. honetan. Iaz etxean lortutako emaitzak eskasak izan zirela jakitun, horretara bideratu ditu indarrak denboraldi honetan; etxeko jokoa hobetzera. Arrasatek Osasuna zaleak maite dituen seinale da «opari» hau, Osasuna zaleek Arrasate maite duten bezala.

Orain arte Valladoliden aurkako partidan (2-0) jo du goia berriatuarraren asmo berriak. Almerian ere une polit batzuk utzi zituen, Espanyolen aurka etxean... San Mamesko finalerdian, hamaikakoa ikusita (Moi, Aimar, Ruben...) bide-orri bera zuen buruan Arrasatek, baina Osasunak ezin izan zion Athletici baloia kendu, eta hala moduz berregin behar izan zuen plana.

Sevillan ere horrelakorik zelairatu lezake? Ez dirudi. Baina orkestra zuzendariak baino ez daki larunbaterako zein musika partitura gordetzen duen.