NAIZ

Pilota eta bertsoak uztartuko ditu Ados Pilotaren Udaberri Torneoak

Hiru pilotari eta bertsolari-botilero bana izango dituen lau talde ariko dira ostiralean Altsasun hasi eta ekainaren 4an Beasainen finala izango duen lehiaketa berritzailean.

Txapelketan parte hartuko duten bertsolari eta pilotari zenbait Beasaingo aurkezpenan.
Txapelketan parte hartuko duten bertsolari eta pilotari zenbait Beasaingo aurkezpenan. (Jon URBE/FOKU)

Euskal kulturaren zutabeetako bi, bertsoa eta pilota, uztartuko ditu ostiralean Altsasun hasi eta ekainaren 2an Beasainen amaituko den Ados Pilotaren Udaberriko txapelketa berritzailea. Emakumeen esku pilotak bide berriak urratzen jarraitzen du eta Adosek hurrengo hilabeteetarako antolatu duen lehiaketan hiruna pilotari eta bertsolari-botilero bana arituko dira. Talde bakoitzak lore baten izena eramango du eta Beasaingo Igartza jauregian egindako aurkezpenean azaldu dutenez, honako pilotari eta bertsolari hauek osatuko dituzte taldeak; Eguzkiloreak: Zabala, Olatz Ruiz de Larramendi eta Arrieta, Angel Mari Peñagarikanoren esanetara, Kukuprakak: Iturriaga, Agirre eta Orbegozo, Aitor Sarriegirekin, Mitxoletak: Barrokal, Mujika eta Maite Ruiz de Larramendi, Maialen Akizurekin eta Bitxiloreak: Etxebeste, Etxekolonea eta Ruiz de Infante, Nerea Elustondo aholkulari dutela.

Lehiaketa sistemari dagokionez, jaialdi bakoitzean bi partida jokatuko dira, lau eta erdian eta binaka, eta botileroa izango da talde bakoitzean pilotari bakoitzak jokatuko duen partida erabakiko duena. Lehen fase batean, ligaxka bat jokatuko dute, denek denen aurka eta irabazitako partida bakoitzagatik talde bakoitzak puntu bat jasoko du. Azkenerako punturik gehien batzen duten bi taldeek jokatuko dute finala, ekainaren 2an Beasaingo Antzizar kiroldegian.Gainerako jaialdiak Altsasun, Itziarren, Azpeitian, Ataunen, Zubietan eta Zumaian jokatuko dira.