Bidasoa Irun etorkizunera begira jarri da jada. Asobal Liga oraindik ez da amaitu, baina datozen urteetarako oinarriak finkatzen hasi da dagoeneko. Duela egun batzuk Gorka Nietoren kontratu berritzea iragarri zuen talde irundarrak 2026ra arte, eta astelehen honetan bertan Eneko Furundarenarena iragarri dute 2027ra arte.
Jokalari gipuzkoarrak (Usurbil, 2003/4/30) 2020ko irailaren 8an egin zuen debuta lehen taldearekin, oraindik jubenil mailan zegoela, Bidasoa Irunek Cangas do Morrazon jokatutako neurketan. Firgorificos Morrazo 22-35 mendean hartu zuen, eta Furundarenak gau hartan 2 gol sartu zituen. Orduz geroztik, ASOBAL Ligako 58 norgehiagokatan parte hartu du lehen taldearekin, eta 52 gol sartu ditu. Europako txapelketetan, 2021eko urrian egin zuen debuta, EHF European Leagueko multzo faseko Pfadi Winterthur-en aurkako neurketan (2 gol). Guztira, 25 neurketa jokatu eta 23 gol sartu ditu.
Espainiako selekzioarekin debuta egin zuen Promesas selekzioan (15 partida, 20 gol); eta jubenil selekzioarekin neurketa bakarra jokatuta, salto egin zuen Junior selekziora (momentuz, 21 norgehiagoka, 11 gol). Bere nazioarteko ibilbidean domina batek distira berezia du, iaz Portugalen eskuratutako urrezkoa, etxeko selekzioaren aurka finala irabaziz eskuratua.
Furundarena «oso pozik» agertu da kontratua erdiesteko akordioaren ostean, eta Irungo taldera iritsi zeneko momentua gogorarazi du.«Duela urte batzuk eskaini zidaten probatzera etortzea klubean jokatzeko, eta pixkanaka protagonismoa hartzen eta hobetzen joan naiz», adierazi du. Jokalaria «oso eroso» sentitzen da eta «oso pozik eta ilusioz» dago «etxean jarraitzeko».
Bestalde, Gurutz Aginagalde presidenteak nabarmendu du «oso albiste ona» dela klubarentzat. «Akordioa oso positiboa eta estrategikoa da. Jarraipena ematen diogu Zuzendaritza Batzordeak duela lau urte harrobiko eta lurraldeko jendearekin hasi zuen lanari». Eneko Furundarenari buruz, Aginagaldek esan du «hazten» joan dela eta «lehen taldean oso garrantzitsua» den une batera iritsi dela.