NAIZ

Euskararen garapena ezagutzera etorri da Bruselako komunitate flamenkoaren ordezkaritza

Zupiria sailburuarekin bildu dira ordezkari flamenkoak, baina eragile gehiagorekin ere elkartuko dira.
Zupiria sailburuarekin bildu dira ordezkari flamenkoak, baina eragile gehiagorekin ere elkartuko dira. (Irekia)

Bruselako hiztun komunitate flamenkoaren ordezkaritza bat Euskal Herrian izango da hurrengo egunetan, Lakuako Gobernuak iragarri duenez, erakundeetatik zein gizarte elkarteetatik euskarari ematen zaion bultzada ezagutzeko asmoz.

Brusela hiriburu-eskualdeko Parlamentuko kideek osatzen dute ordezkaritza hau: «‘Bruselako Flamenkoen Parlamentua’ izenez ezagutzen den ganberako parlamentariak dira», zehaztu dute.

Batzarreko zortzi ordezkari Euskal Herrira etorri dira bertako hizkuntza-errealitatea ezagutzeko helburuz. «Euskara sustatzeko politika publikoak, erakundeetan, hezkuntzan edo ekonomian, bertatik bertara ezagutzeko  hainbat bilera egingo dituzte», nabarmendu du Lakuak.

Izan ere, flamenkoa Belgikako Estatu osoaren herritarren gehiengo baten hizkuntza bada ere (%60 gutxi gora-behera), Brusela hiriburu-eskualdean hiztun-komunitate flamenkoa gutxiengoa da (%20).

Bisita instituzionala astelehen honetatik maiatzaren 12ra bitartean egingo da.

Lehenengo egun honetan Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriarekin eta Hizkuntza Politikako sailburu Miren Dobaranekin bildu dira. Batzarrean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errealitate soziolinguistikoa aztertu dute, baita urteetan zehar euskara sustatzeko egin diren politikak ere.

Datozen egunetan Gasteizko Legebiltzarreko, Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Taldeko, EITBko, Guggenheim Bilbao Museoko, Euskaltzaindiako, AEK-ko, Topaguneko, Tabakalerako eta Etxepare Institutuko ordezkariekin ere batzartuko dira, besteak beste.