Urtea hasi denetik, mendiko lasterketen edo trail running-eko egutegia erabat beteta izaten ari da. Euskal Herrian zein gure ingurumarian lasterketak erabat pilatuta egoten dira. Horren isla da asteburu honetan gertatu dena. Hitzordu ofizialei dagokienez, lau proba azpimarratu behar dira. Bertikala, linea, ultra, federazio autonomikoak… modalitate ezberdinetako lehiak ikusi ditugu.
Lehenik eta behin, Txindokiko Kilometro Bertikala aipatu behar dugu; izan ere, lasterketa hori Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria izan da. Zegamako maratoia oso gertu dagoenez, maratoi horretan parte hartuko duten makina bat lasterkari atzerritar irteera puntuan izan ziren.
3,6 kilometro eta 980 metroko desnibel positiboa zituen ibilbidean Iu Net katalan nagusitu zen 34:22 denborarekin. Euskal txapelaren bila irten ziren guztietatik, lehen euskal korrikalaria Iñigo Alzola izan zen. Bederatzigarren postuan sailkatu zen 36:28 denborarekin. Hortaz, txapelketarekin egin da. Bigarrena Aitor Ajuria izan da, eta hirugarrena Hodei Samaniego. Nesken kategorian, Naiara Irigoyenek irabazi du Euskal Mendizale Federazioak eta Nafarroakoak antolatzen duten txapelketa 40:20 denborarekin. Maite Zabaletak zilarra sinatu du, eta Leire Elolak brontzea.
Joan den larunbatean, bestalde, Ultrako Euskal Kopak bigarren hitzordua izan zuen. Domusa Teknik 40 MLK lasterketak (65 kilometro eta 3.700 metroko goranzko desnibela) 550 korrikalari jaso zituen. Bi faborito nagusi zeuden, hots, iazko irabazleak: Oihana Azkorbebeitia eta Aritz Egea.
Azkorbebeitiak ez zuen inolako arazorik izan ultrako zirkuitu horretako bigarren proba irabazteko. Lasterketa osoa goitik behera menderatu zuen. Eta helmuga puntuan lehena izan zen 7:09:13 denborarekin. Bigarren sailkatua Larraitz Larrion izan zen, eta hirugarrena Sara Peña. Bide batez, aipatu behar dugu korrikalari bizkaitarrak iazko denbora bost minutuan ondu zuela.
Mutilen mailan, Egeak ezin izan zuen iazko garaipena berretsi. Oso indartsu hasi zen, baina arazo fisiko batzuk tarteko erretiratu zen. Borja Zubizarretak aukera hori aprobetxatu eta Azpeitiko helmugan lehen postuan amaitu zuen 5:53:33 denborarekin. Goar Lopetegik bigarren postua lortu zuen, eta Marcos Ramosek hirugarrena. Azkorbebeitiak bezala, Zubizarreta errekor berri batekin egin zen. Iaz Egeak erdietsitakoa zortzi minutuan hobeto du.
Araban, linea
Herrialde horretako Kanpezu herriak Lineako Euskal Koparen laugarren hitzordua jaso du. Kanpezu-Ioar mendi maratoi erdian 400 lasterkarik parte hartu zuten. Eta 26 kilometro eta ia 2.000 metroko desnibel positiboa zituen ibilbidean Maud Combarieu eta Irazu Aranburu azkarrenak izan ziren.
Amaitzeko, Euskal Herrian bertan beste hitzordu ofizial bat jokatu da. Hain zuzen ere, Lerinen izan da. Atletismoko Espainiako Federazioak lasterketa nafar hori (27 km eta 1.400 m+) hartu zuen Espainiako Txapelketa jokatzeko. Eta tituluak federazio autonomikoen artean banatu dira.
Nagusien mailan, emakumezkoetan, Ainhoa Osak (2), Lara Estebanezek (27) eta Aitziber Uriolak (28) lortutako denborei esker Euskal Autonomia Erkidegoko Federazioak brontzea sinatu zuen. 23 urtez azpikoetan, Malen Osak irabazi zuen, eta federazio berak bigarren postua lortu zuen. Egoera bera bizi izan zen promesetan.

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu
