NAIZ
Islamabad

Imran Khan lehen ministro ohiaren atxiloketak Pakistango kaleak piztu ditu

Indar paramilitarrek, operazio bortitz batean, atxilo hartu dute Imran Khan Pakistango lehen ministro ohi eta buruzagi karismatikoa, eta berehala hasi dira protestak eta istiluak herrialdeko hiri nagusietan.

Khan atxilotu eta berehala hasi dira protesta eta istiluak.
Khan atxilotu eta berehala hasi dira protesta eta istiluak. (Asif HASSAN | AFP)

Imran Khan Pakistango buruzagi karismatikoa Islamabad hiriburuko auzitegi bateko egoitzan atxilotu dute, bere aurka aurkeztutako kasuetako batean fidantzapeko askatasuna eskatzera zihoala.

Atxiloketa Rangers unitate paramilitarreko 50 bat gizonek egin dute. Khan eta bere segurtasun taldea inguratu dituzte eta ibilgailu bateraino eraman dituzte indarrez. Erabili duten bortizkeriaren ondorioz hainbat lagun zauritu dira, eta oraingoz ez dago argi lehen ministro ohia nora eraman duten.

Herrialdean‘Qadir Trust’ izenez ezagutzen den ustelkeria kasuaren baitan atzeman dute buruzagia, eta Hezkuntzarako funts batekin lotuta dago.

Gertatutakoak berehala piztu ditu protestak eta istiluak herrialdeko hainbat hiritan. Izan ere, Khanen PTI Pakistan Tehreek-i-Insaf alderdiak, herrialdeko handienak, kalera ateratzeko deia egin die beren aldekoei.

Alderdiko buruzagiek Khanen «bahiketa» salatu eta, gainera, segurtasun indarrak lehen ministro ohiaren abokatuak «torturatzen» ari direla ohartarazi dute.

Atxiloketa jazo eta ordubetera, Imran Khanen Twitter kontuak 2022ko bideo bat argitaratu du berriz. Bertan, lehen ministro ohiak atxiloketa iragartzen du eta jendeari kalera irteteko deia egiten dio, askatasuna eskatzeko.

Gobernuak salbuespen neurriak ezarri ditu Islamabaden eta Punjab probintzian protestak mugatu asmoz. Aldi berean, komunikazioak eta internet eten dituzte hainbat herritan. Hala ere, Lahore eta Karachi hirietako kaleak politikari bihurtutako Pakistango kriket izarraren aldekoez betetzen joan dira.

Khanek 2022an galdu zuen boterea, aurkarien aliantza batek sustatutako zentsura mozio baten ondorioz.

Orduan, Ameriketako Estatu Batuetako mugimendu bati egotzi zion kanporatzea lehenik, Errusiatik gertu zegoelako zigortzeko, baina ondoren Qamar Bajwa Pakistango Armada boteretsuko buruzagi ohiak oposizioarekin konspiratu zuela adierazi zuen.

Azken urtea ez da samurra izan Khanentzat: hainbat kasu judiziali aurre egin behar izan die, bera atxilotzeko edota erailtzeko asmoez ohartarazi izan du eta, hori gutxi balitz, joan den azaroan atentatu batek zauriak utzi zizkion bi hanketan.