Amaia U. Lasagabaster

Iraia Iparragirrek futbola utziko du sasoi amaieran, goi-mailan 8 urtez lehiatu ostean

Ostadarren eta Añorgan jokatu ondoren, hegaleko lasartearrak zortzi urte eman ditu Realean. Bere parte-hartzea nabarmen jaitsi da azken denboraldiotan eskuin orkatilan izan duen haustura bikoitzangatik. «Oso lasai eta pozik» doa.

Iraia Iparragirre, lan-saio baten aurretik, Zubietan.
Iraia Iparragirre, lan-saio baten aurretik, Zubietan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Agurren garaia heltzen ari da futbolean. Eta behin-betikoa izango da Iraia Iparragirreren kasuan, jokalari lasartearrak erretiroa hartuko du denboraldi amaieran. Zubietak maiatzaren 19an hartuko den Real Madrileko kontrako partidan azkenengoz zelairatuko da hegalekoa, ibilbide luze bati amaiera emanez. «Oso lasai, bakean eta pozik nago» adierazi du, klub txuri-urdinaren kameren aurrean eskainitako elkarrizketan.

Lasarte Orian 1995an jaioa, Zubieta begi-bistan izan zuen txiki-txikitatik, alboko ikastolan ikasi baitzuen. «‘Hor bukatu nahi dut, hor bukatu nahi dut’ esaten nuen eta hor bukatu dut» gogoratu du. Garbiñe Etxeberriaren deia jaso aurretik, Iparragirrek esku pilota eta futbola uztartu zituen denbora luzez.

«Garai hartan neska bakarra nintzen esku pilotan Lasarten –azaldu du–. Txapelketa desberdinak jokatu nituen herrian, festetan… Baina iritsi zen une bat erabaki behar izan nuela eta, ikusita zein egoera zegoen pilotan garai hartan, futbolean jokatzea erabaki nuen». Herriko Ostadar taldean eman zituen lehen urratsak, handik Añorgara pasatuz. Baldintzak ez ziren gaur egungoak baina asko gozatu zuen talde bietan. «Oso oroitzapen onak ditut. Añorgarekin, adibidez, Euskal Herriko Kopan Athletici irabazi genionekoa gogoratzen dut, oso polita izan zen».

Baina esperientzia aberasgarria izan arren, bere bizitzaren etapa hori amaitzear zegoela sentitu zuen Iparragirrek, Añorgan laugarren denboraldia jokatzen ari zela. «Gauzak planteatu nizkion nire buruari. Ikusi nuen ari nintzela adin batera heltzen eta hasi nintzen pentsatzen etorkizunean non ikusten nuen nire burua. Futbola uztea erabaki nuen. Mendiko kirolak, eskalada, asko gustatzen zaizkit eta Durangon ikastaro bat egiten hasi nintzen begirale izateko», azaldu du. Eta une horretan bertan Garbiñe Etxeberria Realeko Kirol Zuzendariaren deia jaso zuen. «Ez nuen sinesten, hain justu erabakia hartu nuenean. Baina nire ametsa egi bihurtzeko aukera daukadanean pasatzen utziko dut? Ezta pentsatu ere. Bai, kontatu nirekin».

Horrela, ustekabeko dei batekin, eman zion hasiera hegalekoak bere bizitzako ametsari. Zortzi urtez bizi ahal izan ditu. Denbora horretan une gozo eta latzak bizi izan ditu. Partida asko jokatu, baita kapitain besokoa jantzi ere, igoeraren ondoren klubak ospatu dituen bi lorpen handienetan lehiatu: Kopa garaikurra eta Txapeldunen Liga jokatzeko kanporaketa.

Eta futbolaren alde txarrena ere sufritu, eskuin orkatilan izan duen haustura bikoitzaren ondorioz denbora gehiago eman baitu azken denboraldiotan erizaindegian berdegunean baino. Bere bi denboraldi onenak bete –2018-2019an partida gehienak jokatu eta Kopako garaikurra altxatu zuen, eta 2019-2020an, koroabirusaren aurretik, hamaikakoan finkoa zen– eta jarraian, 2020-2021ean eskuin orkatila hautsi zuen.

Errekuperazioa luzea izan zen eta urtebete beranduago, argia ikusten hasi zenean, orkatila berriro hautsi zitzaion, ebakuntza-gelatik pasatzera behartuz. Bigarren lesio honek joan den denboraldiaren amaiera eta udako prestakuntza-lana baldintzatu zituen. Eta baita aurtengo sasoia ere; alde batetik, denbora behar izan duelako puntu-puntuan jartzeko eta, bestetik, postua bi taldekideekin lehiatu behar izan duenez, oso aukera gutxi izan duelako. Pentsa, azken hiru denboraldietan guztira, 2018-2019an adina partida jokatu ditu.

Ikuspegi positiboa

Baina Iparragirrek nahiago du ikuspegi positiboa izatea. Lesioa «gauza txartzat har dezaket baina nik denari bere alde ona ikusten, edo ikasten, saiatzen naiz. Eta, ikuspuntu horretatik, lesioak pentsatzeko aukera asko eman dit eta bizitza beste era batera planteatzeko. Azkenean, ordu asko dira geldi zaudela, zaindu behar zara mentalki eta fisikoki eta horrek exijentzia asko dauka. Pena da lesio honek behar baino denbora gehiago hartu izana baina eskertzen dut nire buruarekin denbora behiago egoteko aukera eman didalako eta horrek gauza asko eman dit. Alde negatiboa ikusi nahi badiot? Noski, lesio bat ez da inorren nahia. Baina lesio horrek gauza asko eman zizkidan», adierazi du.

Lesioa gaindituta, erretiroa soropilean hartu ahal izango du hegalekoak. Eta «oso lasai, oso bakean» ekingo dio une horri. «Hainbeste pisu duten erabaki hauen ondo pentsatu behar dira. Realean jokatzeko aukera behin gertatzen da eta nik disfrutatu dut ahal bezain ondo eta sentitzen dut oraintxe bertan lekukoa emateko unea iritsi dela. Jakin behar da konturatzen horrelako uneak heltzen direnean, etapa bat amaitzen dela edo zure bizitza beste bide batetik bideratuko duzula esaten. Gauza on asko atera ditut eta sentitzen dut oraintxe bertan nire bizitza beste bide batetik bideratu nahi dudala», azpimarratu du.

Zelaian egin duena ez da Iparragirre pozten eta harrotzen duen bakarra. «Zuk borrokatu duzu ahal izan duzun guztia eta nik uste dut orain urratu dugun bide hori gazte hauei eskaintzeak asko asebetetzen nau. Tamalez, nire lehen urteetan, gure lan-baldintzak ez ziren oso duinak, ez geneukan lan hitzarmenik… Realean bai, gure egoera nahiko ona zen beste batzuekin alderatuta baina orokorrean hartuta, emakumezkoen futbolean egoera oso txarra zen. Eta urte gutxi batzuetan nolako aldaketa eman duen eta ni horren parte izatea ere…».

Une bakoitzaz gozatu

Futbolari gipuzkoarrak, oraindik, aste pare bat ditu bere legatua handitzen jarraitzeko. Asmoa argi dauka. «Taldekideei helarazi nienean futbola utziko nuela, denboraldia amaitzeko hilabete inguru falta zen eta honako hau esan nien: beharbada hau ez da ari izaten gure urterik onena baina ez gara berriro guztiak elkarrekin egongo talde batean, talde hau ez dugu berriro inoiz edukiko. Goazen une eta xehetasun txikiekin gozatzera, goazen disfrutatzera eta emaitzek gauza bat esango digute baina gure barruan dago disfrutatzeko nahi hori, txorakeriak egiteko, ikasteko… Une txiki horiek goazen elkarren artean gozatzera. Ni ahalegin hori egiten ari naiz eta azken hilabete honetan horretan nabil, oso ondo ari naiz pasatzen. Batzuetan sentitzen dut zer edo zer sabelean baina hori ere polita da».

Hori da, neurri handi batean, Iraiaren ibilbidea markatu duena. «Orain pentsatzen dut zein ondo egin nuen une oro momentu txiki horiek disfrutatzen. Ni oso exijentea naiz eta exijentzia maila horretan ere disfrutatzea lortuz, lortu dut gaur naizena izaten. Une txikiak disfrutatu, gauzak hain ondo joan ez diren uneetan gauza onak ateratzen lortu… Ni hori naiz eta oso harro eta oso pozik nago».

Sentimendu horrekin batera, jokalariak baditu bi argazki bizitza osoan lagunduko diotenak. «Kopa altxatzen, hor islatzen baita nire barruko nortasuna, eta Realarekin sartu nuen lehen gola. Logroñoren kontra izan zen, galtzen gindoazen, bigarren zatian irten nintzen eta korner batean burukada batekin sartu nuen. Gero Maddik [Torre] bigarrena sartu zuen eta berdintzea lortu genuen».

Iparragirrek mezu bat utzi du zale txuri-urdinentzat: «Jarrai dezatela horrelako gertutasun hori helarazten, gauzak ondo doazenean eta baita gaizki doazenean ere asko eskertzen dugu gertutasun hori. Z7an nabaritzen den giro eder hori oso polita da, asko ematen digu jokalarioi eta beraiek ere bere ametsak beteko dituzte gurekin batera, beraiek ere amets horien parte baitira».